Datorren udaberriko kosteranantxoa arrantzatu ahal izateko itxaropen pixka bat eman die AZTIk arrantzaleei. Maiatzean Bizkaiko Golkoan egindako azterketek erakutsi dute azken urtean antxoa kopurua hiru mila tona igo dela, eta biomasa 28.000 tonaraino iritsi dela. Azken erabakia, ordea, Europako Batzordeak hartuko du, hilaren 30ean.
Rogelio Pozo AZTIko zuzendariaren arabera, «litekeena» da Bruselak arrantza kuota txikia ezartzea, 7.000 tona ingurukoa. Kopuru horren alde egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Golkoko arrantzaleek, haien iritziz bi irizpide betetzen dituelako: ez luke antxoaren biomasa gutxieneko mugatik behera jaistea eragingo -21.000 tonakoa da-, eta arrantzaleentzat errentagarria izango litzateke.
Aurreko urteotako gatazkak eragozte aldera, izan litekeen kuota horren banaketa dagoeneko hitzartu dute arrantzaleek: 6.300 tona izango lituzkete Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako arrantzaleek, eta 700 tona Lapurdikoek, Frantziakoek eta Bretainiakoek.
Biomasa hirukoiztu da
Pozok atzo Bilbon zabaldutako datuen arabera, bigarren urtez jarraian antxoaren biomasak gainditu egin du arrantza txikia ahalbidetzeko gutxieneko muga, 24.000 tonakoa: 25.000 tona neurtu zituen iaz AZTIk eta 28.000 tona aurten.
2005ean, 9.700 tonako biomasabaizik ez zuen kalkulatu AZTIk, eta espeziea bera arriskuan zegoen. Oraindik «antxoaren krisia» ez dela amaitu onartuta ere, lau urteko arrantzarako debekuak fruituak eman dituela nabarmendu zuen atzo Jon Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Arrantzaren Garapeneko sailburuordeak. Edonola, Azkuek oroitarazi zuen antxoaren stock-a Europako Batzordeak ezarritako zuhurtziako biomasaren azpitik dagoela, 33.000 tonakoa baita hura. Kopuru hori gaindituko balitz, arrantza baimendu egingo lukeela ziurtatu du Bruselak.
AZTIko teknikariak maiatzean aritu ziren Bizkaiko Golkoan Bioman kanpainaren barruan, eta antxoa ugaltzailearen banaketaesparruan arrautza asko zeudela egiaztatu zuten. Antxoa helduen kopuruak ere gora egin du.
AZTIrena ez da, ordea, Europak aztertuko duen txosten bakarra. Frantziako Ifremer institutuak ere egin ditu azterketak azken asteotan, eta ostirala baino lehen jakinaraziko ditu emaitzak. Bi txosten horiek CIEM Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak jasoko ditu, eta haren esku egongo da azken txosten zientifikoa egitea. Europako Batzordeak CIEMek aholkatutakoa egin ohi du.
Eusko Jaurlaritzak AZTIren txostena igorri zien atzo goizean Espainiako Itsas Arrantzako Idazkaritzari eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiei. Azken horientzat ez da txarra txostena, iaztik ari baitira eskatzen antxoa zerbait arrantzatzen uzteko. Abenduan, Europako Batasunak egindako bileraren atarian, «7.000 eta 8.000 tona arteko kuota txikia» eskatu zieten ministroei, eta agindu zuten arrantza kontrolatua egingo zutela, «ez lehen bezala». «Kontrol zehatzak eta egunerokoak behar dira, eta guk konpromiso osoarekin beteko ditugu», adierazi zion BERRIAri Miren Garmendiak, Gipuzkoako Kofradiako idazkariak.
Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleei kalte ekonomiko handia egin die antxoa arrantzatzeko debekuak, hegaluzearekin batera, kostera garran- tzitsuena baita. Atzo gauerdian hasi zuten hegalaburraren kostera, eta aste gutxiren buruan hegaluzearena hasiko da. Urriaren erdialdera arte aritu ahal izango dira espezie horiek arrantzatzen. Udaberrian berdeletan aritu dira, eta asko arrantzatu dute. Gipuzkoako itsasontziek, esaterako, 26 milioi kilo berdel arrantzatu dituzte, iaz baino %35 gutxiago. Arrain horrek, ostera, diru gutxi uzten die.
Antxoaren biomasa igo egin da, eta arrantzatzeko aukera zabaldu du
AZTIren azterketek diote 28.000 tona antxoa daudela; iaz baino hiru mila gehiago, baina zuhurtziazko mugatik behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu