Antxoaren debekua luzatzea eta legatzaren kuota %7 handitzea proposatu dute

Europako Batasuneko Arrantza ministroak bilera egiten ari dira, gehienezko arrantza mugak erabakitzeko

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Lerro hauek idazteko orduan Europako Batasuneko Arrantza ministroek atzo ez zuten erabakirik hartu antxoaren arrantzari buruz. Espero bezala, Europako Batzordeak 2010eko lehen erdian Bizkaiko Golkoan antxoa harrapatzeko debekuari eusteko proposatu zien ministroei; Espainiako Gobernuak, baina, 2010eko lehen sei hilabeteetan antxoaren arrantza baimentzeko eskatu zuen atzo, kuota mugatu bat bada ere. Gaurko espero da erabakia.

Europako Batasuneko Arrantza ministroek hiru eguneko bilera hasi zuten atzo, Bruselan, espezie bakoitzaren gehienezko arrantza kopuruak erabakitzeko.

Antxoaren kasuan zaila izango da ministroek 2010eko lehen erdian antxoaren arrantza baimentzea. Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES), erreferentzia den erakundeak, debekuari eusteko gomendatu du. Europako Batzordeak ere bai.

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, aldiz, antxoaren arrantza baimentzeko eskatu dute, Aztik udazkenean aurreko urteetan baino antxoakume gehiago zenbatu dituelako. Frantziak ere bat egin du eskaerarekin.

Antxoak aurreko urteetako bilakaera izanez gero, arrantza baimendu egingo dute 2010eko bigarren erdian; Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek arrantza 2010eko lehen erdian baimentzea nahi dute, ordea, bigarrenean hegaluzea harrapatzen dutelako.

Bruselan beste espezie batzuei buruz ere erabakiko dute. Berez, Europako Batzordeak %10 murriztu nahi zuen iparreko itsasoetan arrantza daitekeen legatz kopurua; atzo, ordea, %7 handitzea proposatu zuen. Legatza garrantzitsua da Bizkaiko eta Gipuzkoako alturako sektorearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.