Apalik eta zutunik

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ibex-35ek (+%0,68) erosleen beharrezko botoak jaso zituen atzo, eta 2.420 milioiren salerosketarekin, 9.100 punturen langatik gora sendotu zen, zutunik, 62 puntu irabazita. Wall Streeten aurrean apalik, baina kontra eginez, zenbaki berde beltzak aukeratu zituzten akzio gehienek; gorriei ihesi. Erroten gisa bueltaka dabilen Gamesa (-%8,23) eta Mapfre (-%3,11) aseguru etxearenak salbu, kotizazio hobetzeak izan zituzten, berriro ere 35 ordezkari dituen Ibex-35eko tropelekoek. Arcelor (=) abstenitu egin zen, baina Sabadell eta BBVA bankuek %2na pasa irabazi zuten, Santanderrek %1,43 eta UPyD bezain alai agertu zen Cintrak %7,19. Burtsan ere, sartzen direnek irteten direnak ordezkatzen dituzte. Aldaketa sakonak, ordea, Fed-eko buru Bernanke nahiz Espainiako lan ministro Corbachok, luzera eta poliki baino ez dituzte espero. Ematekotan. AEBetako zerbitzuen ISM adierazleak, berbarako, hobekuntza islatzen du. Baina ez egoera onik.



Ferrovial (+%5,04) eraikuntza eta zerbitzu enpresak 105 milioiren galerak izan ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz epe berean 85 milioi lortu ondoren. Ez ohiko mozkinik eza eta finantza arriskuen estaldurarako kontratatutako zenbait produkturen eragin negatiboa islatzen du, nagusiki, kopuru horrek. Gainontzean, galerak 10 milioirenak zirateken. %8 baino ez da gutxitu bere negozio bolumena; Espainian eraikuntza sektoreari erreparatuta, ez da emaitza txarra. Urtebetean 53 eurotik 23rako bidaia burutu du Ferrovialen kotizazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.