Koronabirusaren krisiaren lehen kolpea bezain gogorra izan da bigarrena. Martxoan, 14.364 langabe gehiago izan zituzten Lanbiden eta Nafar Lansaren, eta, apirilean, beste 13.507 batu zaizkie. Kopuru bata zein bestea okerrenak dira serie historikoan.
Bien batura ia 28.000 lagun dira, eta ez dago hortik urruti Gizarte Segurantzak azken bi hilabeteetan Hego Euskal Herrian izan duen zuloa: 31.000 lagunek utzi diote kotizatzeari.
Kolpea oso handia da —Atzeraldi Handian halako txikiziorik ez zen gertatu bi hilabetean—, baina are bortitzagoa izango zen baldin eta enpresa gehienek ez balute aldi baterako enplegu erregulazioetara jo itxialdiak jarduera ekonomikoa geratu zenean. Gizarte Segurantzaren datuen arabera, apirilaren 30ean 187.737 langile zeuden aldi baterako erregulazioan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Nafarroa: 40.442. Martxoan baino 3.077 gehiago (+%8,23) eta iazko apirilean baino 7.861 gehiago (+%24,13).
Araba: 23.403 langabe. Martxoan baino 1.955 gehiago (+%9,12) eta iazko apirilean baino 4.290 gehiago (+%22,45).
Bizkaia: 78.061 langabe. Martxoan baino 5.393 gehiago (+%7,42) eta iazko apirilean baino 11.772 gehiago (+%17,76).
Gipuzkoa: 37.179 langabe. Martxoan baino 3.082 gehiago (+%9,04) eta iazko apirilean baino 6.937 gehiago (+%22,94).
Generoka, emakume gehiago daude langabezian; 98.784 dira ordaindutako lanik ez duten andreak, eta 80.301 gizonezkoak. Sektoreka, berriz, langabeziak zerbitzuak jo ditu gogorren: apirilean lanik gabe geratu direnen 10.097 ziren sektore horretakoak, eta 1.734 industria arlokoak. Nekazaritzan, berriz, apenas hazi den langabe kopurua (+23), Araban eta Nafarroan jaitsi egin baita.
Apiril osoan 39.651 kontratu egin zituzten Hego Euskal Herrian —horietatik 2.974 izan ziren mugagabeak—; martxoan baino 41.249 gutxiago eta iazko apirilean baino 54.790 gutxiago.