2021eko lehen lau hilabeteetan 374,9 milioi gehiago bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, iazko epe berarekin alderatuta. Esan beharrik ez dago: martxoko erdialdera iritsitako itxialdiak erabat baldintzatu zuen orduko datua, eta hori aintzat hartu gabe ezin da azaldu aurtengo igoera. Besteak beste, PFEZaren itzulketek esplikatzen dute alde hori hein batean.
Igoerarik handiena Gipuzkoako Ogasunak izan du, %21,6koa izan baita. 1.025 milioi bildu ditu urteko lehen zati honetan, 182 gehiago iazko epe beraren aldean. Ogasunak berak azaldu du datuak ezin direla alderatu, iaz atzeratu egin baitzituen PFEZaren sarrerak, eta bilketa apaldu zuen horrek. Dena den, eboluzio ona dela esan du, %40,6ko igoera izan baita BEZean, esaterako.
Bizkaiak %7,1eko igoera izan du bilketan, 2.632,7 milioi euro; ikasturte osorako aurreikusitako %36 da hori. Bizkaiko Ogasunak ere nabarmendu du iazko egoera eta aurtengoa alderatzean kontuan hartu behar direla itxialdiak iaz eragindakoak. Aurten, gainera, autonomoei 112 milioi euroren ordainketa atzeratu zaie.
Araban, berriz, bilketaren hazkundea ez da handia izan, bakarrik %3,5ekoa. 37 milioi euroren ordainketak atzeratu ditu ogasunak, COVIDa dela eta. Apirila arte 520 milioi euro bildu ditu. Zerga zuzenean bidez, 236,7 milioi jaso ditu, %7,1 gutxiago. PFEZaren bidez, esaterako, 201,5 milioi bildu ditu, ia %10 gutxiago.