Appleri boikota egiteko eskatu du Erdoganek

2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Giro ekonomiko nahasia AEBekin duen gatazkarekin lotu nahi du Recep Tayyip Erdogan presidenteak, haren iritziz «atzerriko konplot» baten ondorio baita lira turkiarraren amiltzea, eta ez Turkiako ekonomiaren desoreken ondorio. Washingtonekiko gatazkan boikotaren frontea ireki zuen atzo buruzagi islamistak. Turkiarrei eskatu zien ez erosteko AEBetako produktu elektronikorik. «Haiek iPhone dute, baina beste aldean Samsung dago. Turkian, gainera, Vestel Venus telefonoak ditugu».

Donald Trumpen gobernua Erdogan estutzen ari da Andrew Brunson apaiz ebanjelista aska dezan —2016ko estatu kolpea sustatzea egotzi dio—.Erdoganek askatzeari uko egin dionez, haren gobernuko bi kideren aurkako zigor ekonomikoak indarrean jarri ditu Trumpek, eta muga zergak handitu dizkie Turkiako altzairu eta aluminio inportazioei.

AEBekiko xextra amaitzeko eta liraren debaluazioa geratzeko neurriak hartzeko eskatu dio Turkiako patronal nagusiak Erdogani. Interes tasen igoera eta austeritate neurriak derrigorrezkotzat jo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.