Ekonomiak hazten jarritzen du Jaurlaritzaren eskumeneko herrialdeetan. Eustatek emandako datuen arabera, 2017ko hirugarren hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinak %2,9 egin du gora iazko urtearekiko, hain zuzen, bigarren hiruhilekoko urtearteko hazkunde zifra errepikatuz. Azken bi hiruhileko horien arteko tarteari erreparatuz, barne produktu gordina %0,7 handitu da.
Uda aurreko kopuruetan bezala, uztailetik irailera artean eskaintzaren aldetik lehen sektoreak, industriak eta eraikuntzak hobera egin dutela ikusi du Eustatek Ez da berdin gertatu, ordea, zerbitzuekin. Nahiz eta joerari eutsi, zerbitzuen sektorean hazkundea apalxeagoa izan da.
Enplegua ere hazi egin da iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta;,%2,2 lanaldi osoko lanpostu baliokideetan. Bigarren hiruhilekotik hirugarrenerako tarteari begira, hazkunde hori apalagoa izan da, %0,2.
Gaur Eustatek emandako datuek, neurri batean, berretsi egiten dituzte Jaurlaritzak urte bukaerarako dituen aurreikuspenak. Hain zuzen, asteartean, Urkulluren gobernuak aurrekontuak aurkezteko tramitea baliatu du orain arteko hazkunde aurreikuspena hobetzeko. Aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa %2,9 haztea espero du —orain arteko kalkulua baino bi hamarren gehiago—, eta datorren urtean %2,4, aurreikuspenari hamarren bat gehituta. Heldu den urteko hazkunde txikiagoa aurretik ere espero zen. Horri lotuta, 15.500 lanpostu garbi sortzea espero du.