Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak hasi dira herritarrei bidaltzen egindako errenta aitorpenen proposamenak: Bizkaikoak 350.000, Gipuzkoakoak 224.000 —iaz baino %4 gehiago, guztien %57,4— eta Arabakoak 122.000 —iaz baino %17 gehiago, guztien %80—. Bizkaitarrek maiatzaren 2tik ekainaren 30eraizango dute aukera proposamena onartu edo aldatzeko; gipuzkoarrek, apirilaren 12tik maiatzaren 4ra; eta arabarrek, berriz, apirilaren 4tik ekainaren 17ra artekoa.
Hiru erakundeek atzo aurkeztu zituzten aurtengo errenta aitorpenaren kanpainak. Bizkaian maiatzaren 2tik ekainaren 30era iraungo du; Gipuzkoan, apirilaren 18tik ekainaren 25era arte, eta Araban, apirilaren 4tik ekainaren 16, 17 eta 27ra arte, errenta egiteko aukeratutako moduaren arabera.
Errenta aitorpen gehienak herritarrei dirua itzultzeko izango dira. Bizkaian, 600.000 errenta aitorpenetik %81. 539 milioi euro inguru itzuliko dituzte, hau da, batez beste 1.109 euro dirua jasotzea dagokion herritar bakoitzari. Araban, foru aldundiaren aurreikuspenen arabera, 141.000 herritarri itzuliko diete dirua; 160.000 milioi euro guztira, batez beste 1.135 euro.
Ordaindu behar dutenak 114.000 herritar inguru izango dira Bizkaian, eta 35.000 Araban. Bizkaiko Foru Aldundiak 182 milioi euro biltzea espero du, batez beste 1.596 euro ordaintzea dagokion herritar bakoitzeko. Arabaren kasuan, 48 milioi euro, batez beste 1.391 euro herritarreko.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan, bizkaitarrek aurten ez dituzte 700 milioi euro ordaindu beharko, gizarte kenkarien bitartez. Lau bide egongo dira errenta aitorpena egiteko etxean eginda jasoko dena; eskuz egindako autolikidazioa, Ogasun Sailaren bulegoetan edo zenbait finantza erakundetan; eta Internet bitartez, www.bizkaia.net webgunean.
Araban, etxean jasotzen ez dutenek 30 arreta puntu izango dituzte Samaniego eraikinean. 46 langile kontratatu dituzte horretarako.
Arabak 1.135 euro itzuliko ditu, eta Bizkaiak, 1.109 euro
Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek aurtengo errenta aitorpenaren kanpainak aurkeztu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu