Arabako enpresen %43k uste dute langileak botako dituztela aurten

Krisi ekonomikoak bultzatuta, azken zortzi hilabeteetan nabarmen egin du gora atzeraldian dauden enpresen kopuruakIazko emaitzak baino okerragoak lortuko ditu enpresen erdiek baino gehiagok aurten

2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egoera beltza bizi dute Arabako enpresek krisi ekonomikoaren ondorioz. Aurreikuspenak bete dira, eta datozen hilabeteetako joera antzekoa izango da Arabako Enpresaburuen Elkarteak (SEA) aurkeztutako uztaileko inkestaren arabera. Izan ere, enpresaburuen %65ek lanpostuei eutsiko dietela uste badute ere, datozen hilabeteetan lanpostuak kendubeharrean ibiliko direnen kopuruak gora egingo du hamar puntu: %33tik%43ra. Hau da, enpresaburuen hamarretik lauk iragarri dute langileak kaleratuko dituela. Alabaina, %3k espero dute lanpostuak sortuko dituztela.

300 enpresaburu ingururi egindako azken inkesta atzo argitaratu zuten, eta hilabeteotako gainbehera islatu du. Atzeraldian dauden enpresen kopurua handitzen ari da: 25 puntu igo da zortzi hilabeteotan; Arabako enpresen %69 atzeraldian dira. Zehazkiago esanda: enpresen %36 atzeraldi sakonean daude, eta %33 atzeraldi arinean.

Enpleguaren bilakaerari dagokionez, eta 2009ko garai berarekinalderatuta, Arabako enpresen %6k bakarrik dituzte langile gehiago; orduan baino langile gutxiago dituzte lantegien %48etan. Eraikuntza eta egurgintza ari dira pairatzen okerren lanpostu galera: gaur egun, 2009an baino %96 lanpostu gutxiago dituzte eraikuntzako enpresek, eta %53 langile gutxiago, egurgintzakoek. Hori bai, metalgintzan galdu da urtebetean lanposturik gehien: iaz, enpresen %20k langileak kaleratzen zituzten; gaur egun, enpresen %40k.

Baina ez da ondorio bakarra. Iazko emaitzekin alderatuta, urte amaierarako emaitzak okertzea espero dituzte enpresen %56k; eustea, %28k; eta hobetzea,%16k. Eraikuntzako eta egurgintzako enpresaburuen aurreikuspenak dira okerrenak: eraikuntzako %88 enpresabururen eta egurgintzako %63ren iritziz, iaz baino emaitza okerragoak izango dituzte aurten. Ardogintza da txanponaren bestaldea, arlo horretako enpresen %40k emaitzak hobetzea espero baitute.

Finantzatzeko zailtasunak

Enpresen hamarretik hiruk hainbat zailtasun izaten dituzte inbertsioetarako finantzabidea lortzeko. Zailtasun horri aurre egin ahal izateko, neurriak hartzeko eskatu du Juan Ugarte SEAko presidenteak. Horretarako, esaterako, Eusko Jaurlaritzak aurten onartutako Finantza Babesaren Ezohiko Plana zehazteko eskatu du. Horrekin bat datoz Arabako enpresaburuen %66, barometroaren arabera.

Hori lortzeko, desberdintasunak alde batera uzteko deia egin die Ugartek instituzioei, eta agenda ekonomikoa lehenetsi beharra gaineratu du. Horrez gain, uste du blindatu egin beharko direla enpresak aurrerantzean ere erakargarriak izateko arauak, eta gainditu egin beharko dela opor fiskalek sortutako ezegonkortasuna. «Gerrikoa estutzea eta aurrera egitea besterik ez da geratzen».

Finantzabidearekin batera, gainera, gehien egindako eskakizunen artean daude enpresen gaineko zergak murriztea, gastu publikoa murriztea, defizita mugatzea, eta nazioartekotze planak eta berrikuntza sustatzea. Enpresaburuek gutxien eskatu dutena diru laguntzak dira: soilik %17k eskatu dituzte.

Salmenta onenak, atzerrian

Atzerrian lan egiten duten enpresen %35ek salmenta gehiago dituzte merkatu horietan aritzen ez direnek baino. Hego Euskal Herrian eta Espainian aritzen diren enpresek salmenta kaskarragoak dituzte. Izan ere, enpresen %13k bakarrik lortu dute gehiago saltzea merkatu horietan; gehien-gehienek (%73) gutxiago saldu du.

Eskaerei dagokienez, berriz, jaitsi egin dira martxoko inkestarekin alderatuz gero: lau puntu egin dute behera. Hortaz, %76koa da enpresek eskaerak egiteko duten ahultasuna. Sektore guztiek jaso dituzte eskaera gutxiago. Hori bai, okerren eraikuntza (%100) eta egurgintza ( %87) daude. Nolanahi ere, zerbitzuen, kimikaren etaardogintzaren sektorea ari dira eskaera gutxien izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.