Arabako Errioxako ardo beltzen salmenta %22 gutxitu da, eta zuriarena, %6

Barredo sailburuak nabarmendu duenez, emaitzak inguruko beste ekoizpen eremu batzuetakoak baino hobeak dira.

Eusko Jaurlaritzako eta sektoreko arduradunak, Lapuebla de Labarcan, gaur. IREKIA
Eusko Jaurlaritzako eta sektoreko arduradunak, Lapuebla de Labarcan, gaur. IREKIA
2026ko otsailaren 14a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ardogintzaren sektorea ez dago bere onenean. Arabako Errioxako ardo beltzen salmenta %22,3 apaldu zen iaz; zuriarenak, berriz, hobeto eutsi zion, eta beherakada txikiagoa izan du, %5,5ekoa, Infovi merkatuko buletinaren arabera. Datu horiek 2025eko kanpainakoak dira, aurreko urteko epe berarekin konparatuta eta azarora arteko datuak hartuta. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuak eman ditu, larunbat honetan Lapuebla de Labarcan (Araba) ospatutako Uztaberri egunean.

Bereziki barne merkatuko salmentak gutxitu dira, Euskal Herrian eta Espainian egindakoak. %29,6 egin dute behera ardo beltzari dagokionez, eta %4,2 zuriari dagokionez; esportazioen joera, berriz, «neurritsuagoa» izan da. Beltzaren salmenta %2,5 gutxitu da, eta zuriarena, %8,5. Barredok azaldu duenez, bilakaera hori bat dator sektorearen joera orokorrarekin, eta, inguruko beste ekoizpen eremu batzuetakoekin konparatuta —adibidez Errioxakoekin— , jaitsiera txikiagoak izan dira.

Ekoizpena ere apaldu da aurreko kanpainarekin alderatuta: %6,4 gutxiago ardo beltzari dagokionez eta %3,4 gutxiago zuriari dagokionez. Sailburuak adierazi duenez, neurri handi batean, «udaberriko eta udako baldintza meteorologikoen» ondorioz murriztu da ekoizpena.

Hori dela eta, eskuragarri dagoen stocka ere txikiagoa da orain: %4 gutxiago ardo beltzetan eta %6,1 gutxiago zurietan. Horrek, Barredoren arabera, erakusten du eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka badagoela, salmentek behera egin arren.

Hala ere, «baikor»

Esportatutako ardoen prezioei dagokienez, «nahiko egonkor» mantendu dira urte arteko terminoetan; horrek erakutsiko luke Arabako Errioxako ardoak gai direla «prezioei eusteko» nazioarteko «testuinguru zorrotz batean».

Jaurlaritzaren arabera, datuek, oro har, ardogintzaren sektorearen «doikuntza» erakusten dute, «kontsumoaren eta nazioarteko merkatuaren bilakaerak hala baldintzatuta». Hala ere, baikor mintzatu da Barredo: «Arabako Errioxak beste ekoizpen eremu batzuek baino bilakaera hobea du, eta kanpo merkatuetan duen presentziari eusten dio. Arabako Errioxako ardoa kalitate eta prestigio aldetik erreferentea da oraindik ere, bai estatu mailako merkatuan eta bai nazioartekoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!