Arabako Mahastiak sortzeko aukera behin betiko baztertu dute epaitegiek

Espainiako Auzitegi Gorenak bere egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren debekua, eta atzera bota du ABRA elkartearen helegitea.

Mahats bilketa, Arabako Mahastiak sustatu duen upategi batean, Lantziegon. AITOR KARASATORRE / FOKU
Mahats bilketa, Arabako Mahastiak sustatu duen upategi batean, Lantziegon. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 18a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Behin ez, bitan eta behin betiko itxi diete atea Arabako Mahastiak sor-marka sortu nahi zuten upategiei. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du jatorri deitura horri baimena ukatu zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia. Azken horren argudio bera erabili dute Goreneko epaileek: ezin direla bereizi Errioxako ardoak eta Arabako Mahastiak sortu nahi dituztenenak, eta, hortaz, «kontsumitzaileak nahasi» egingo lituzkeela sor-marka berri batek.

Iazko azaroan kaleratu zuen bere epaia EAEko Auzitegi Nagusiak, eta, zalantza egin ondoren, kasazio helegitea aurkeztea erabaki zuen ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak. Eusko Jaurlaritzak ez zuen auzitegietara jo, hark eman zion arren behin-behineko baimena Arabako Mahastiak proiektuari. Gobernuak argudiatu zuen ez zuela merezi, eta hobe zela beste bide batzuk jorratzea Arabako Errioxako ardoak eta Errioxakoak bereizteko.

Ildo hori jorratu du ABRAk berak ere, ikusita sor-marka propioa sortzeko prozesua trabatuta zegoela eta bere kide askoren babesik ez zeukala. Iazko irailean, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia iritsi baino bi hilabete lehenago, bere elkarteko upategietako botiletan A hizki handi bat jartzeko kanpaina abiatu zuen, Euskal Herriko kontsumitzaileei argi adierazteko ardo hori Arabakoa dela. Proiektu horrekin bat egin zuten 70 ardogilek.

ABRA
ABRAk iazko irailean sortutako ikurra, Arabako Errioxako upategi txikien ardoa bereizteko. RAUL BOGAJO / FOKU

Arabako Mahastiak proiektuak, berriz, hamabosten bat upategik eskatu zuten. Kontseilu arautzailea ere sortu zuten, Emilio Aguillo Solar de Aiala upategiko arduraduna buru zuela.

BERRIAri emandako elkarrizketan, Aguillo haserre azaldu zen Errioxa markako buruekin, eta proiektua defendatu zuen: «Errioxatik bereizi behar dugu desberdinak garelako, beste produktu bat egiten dugulako, eta jada ez delako errentagarria Errioxako ardoa hemen ekoiztea. Hondamendia da guretzat». Bultzatzaileak kexu dira upategi handiek asko handitu dutela produkzioa eta horren zati batek ez duela behar besteko kalitatea, baina zaildu egiten diela beren ardo hobea prezio errentagarri batean saltzea.

2022ko urrian argitaratu zuen EAEko Aldizkari Ofizialak Arabako Mahastiak sortzeko baimena, baina bide laburra izan zuen oniritzi horrek, 2023ko apirilean eten baitzuten epaileek, Errioxako Kontseilu Arautzaileak egindako eskaerari erantzunez. Auzitegiak argudiatu zuen zigilu berriarekin merkaturatutako ardoek «nahasmen handia» eragingo lieketela kontsumitzaileei, «eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako».

Ondoren, 2024ko azaroan, EAEko Justizia Auzitegiak ere indargabetu zuen Jaurlaritzaren behin-behineko baimena. Epaileek bere egin zuten Espainiako Nekazaritza Ministerioaren menpeko erakunde batek sor-marka berriaren aurka egin zuen txostena. Txosten horren arabera, Arabako Mahastiak sor-marka berriaren eskaerak «zailtasun teknikoak» ditu aurrera egiteko, Europako legediaren hainbat artikulu urratu ditzakeelako. Besteak beste, kontsumitzaileei ardo bera bi sor-marka desberdinekin eskaintzea. Izan ere, legediaren arabera ezin dira egon eremu geografiko bera, mahats barietate berberak, nekazaritza eta enologia praktika berberak dituzten bi sor-marka.

Epaitegiek erabili duten beste argudio bat izan da Arabako Mahastiak sortzeak kalte egingo liokeela Errioxa sor-markaren izenari.

Errioxa erkidegoan, gainera, kutsu politiko garbia eman nahi izan diote hasieratik Arabako Mahastiak proposamenari, eta abertzaleen ekinaldia zela sinetsarazi nahi izan diote jendeari.

Halakorik ez dagoela esan behar izan dute behin eta berriro Arabako Mahastiak-en bultzatzaileek, haiena ez zela Errioxaren aurkako mugimendu bat, enpresa ereduen arteko talkaren ondorioa baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.