Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du, ohar baten bidez, pasa den urtean herrialdeko 280 zergapekok aurkeztu zutela ogasunaren 720 aitorpen eredua. Hau da, atzerrian dituzten ondasun edo eskubideak argitzeko foru araudiak agintzen duen tramitea.
Aitorpen horiek aztertuta, bost kasutan adierazitakoa eta ordaindutakoa ez zetorrela bat ondorioztatu dute ogasuneko ikuskariek. Zor zutenari atzerapen interesak gehitu zaizkio, kasu guztietan.
2014. urtean hasi zen atzerriko ondasunei buruzko aitorpena egiteko legezko betebeharra. Behin aurkeztuta, soilik aitortutakoaren balioa 20.000 euro handitzen bada berritu behar da deklarazioa.
Guztira, 1.985 zergapeko arabarrek egin dute harrezkero. Deklarazioaren edukia eta eskura dituzten datuak berrikusten dituzte ikuskariek. 720 eredua indarrean jarri zenetik 45 ikerketa zabaldu dira, eta hamahiru zergapeko 7,2 milioi euro aitortzera behartu dituzte.
Zigor horiek jarri dira deklarazioa eta ondasunen balioaren artean aldeak daudelako. Isunak handiagoak dira zergapeko batek atzerrian dirua ezkutatu eta aitortzen ez duen kasuetan. Kuotaren %150 ordaindu behar dute zigortutakoak, eta, gainera, ez dute preskribatzen.