"Negoziazio konplexu baten ondotik", egurraren sektorearen lan itun berria egin dute SEA patronalak eta hiru sindikatuk: LABek, CCOOk eta UGTk. "Erreibindikazio guztiak jaso ez arren", UGTk esan du sektoreko soldatak hobetu dituela, eta erosteko ahalmena ez galtzea "bermatzen" duela akordio berriak. Pandemiaren ostean "egonkortasuna" emateko tresna garrantzitsutzat jo du UGTk hitzarmen berria.
Hala, hiru urteko indarraldia izango du, 2021., 2022., eta 2023. urteetan, baina mugagabeko ultraaktibitaea ere jaso du akordioak, eta, beraz, beste bat egiten ez den bitartean hori egongo da indarrean. %1,5eko soldata igoera adostu dute aldeek 2021. urterako, 2022.erako eta 2023.erako. Urte bakoitzeko KPI igoera horiek baino handiagoa bada, igoera egokituko da, erosteko ahalmena ez galtzeko.
Sektoreak aspaldian erreklamatzen zuen beste gai bati soluzioa eman dio itunak, gainera. San Jose eguna ordainsaria jasoko dute egurraren sektoreko beharginek aurrerantzean: 25 egunekoa 2021. eta 2022. urteetan, eta 30 egunekoa 2023. urtean. Horrez gain, hamabost hilabetera luzatu dute gaixotasun baimenaz egonda ere soldata osorik jasotzeko osagarri berezia.