Euskal kooperatibismoa

Arbola bat jausi da, ez baso osoa

Fagor Etxetresnen kolpeak kooperatibei buruzko zalantzak hauspotu baditu ere, lan kooperazio eredua ez dagoela zalantzan nabarmendu dute adituek. Zuhaitz bat erori arren, basoa mardula eta sendoa da.

Jon Fernandez.
2013ko urriaren 27a
08:45
Entzun

Lurrera eroritako zuhaitzaren zartakoaren oihartzunak baso osoa burrunbatu du. Jausi den arbola, Fagor Etxetresna Elektrikoak, ez da edozein Arrasate inguruko kooperatibismoarentzat eta, oro har, euskal kooperatibismoarentzat. Ez da basoko zuhaitzik zabalena, ez oparoena, ez luzeena —Mondragon taldearen salmenten %8 baino ez dagokio—, baina bai zaharrena eta sinbolikoena.

Ikur bat erortzeak eragin du dardarizoa. Berehala atera dira kooperatiba eredua zalantzan, kolokan eta krisian dagoela baieztatu duten ahots eta hedabideak. Baina horrela al da benetan? Zuhaitz bat usteltzeak baso osoa usteltzea ekartzen al du halabeharrez? Egiturak euskal kooperatibismo munduko protagonista eta aditu batzuekin berba egin du, galdera horiei eta sortu diren beste hainbati erantzuten saiatzeko.

Kooperatibak krisian?

«Fagorren aurretik zenbat eta zenbat SA eta SL erori dira azken urteetan? Nik ez dut entzun zalantzan jarri direnik egitura juridiko horiek», kexu da Jon Agirre egoitza Ampoko lehendakaria, kooperatibaren Idiazabalgo egoitzan. «Kontua da Euskal Herria herri txiki bat dela, eta horrelako gertaerek eragin handia dutela. Gainera, kooperatiben DNA Fagor hitzekin lotzen da. Halere, nire ustez, kooperatibagintza eta horren atzetik dagoen auzolan eredua ez dago zalantzan», azaldu du Agirrek. Izan ere, asko dira krisi ekonomiko garai betean ere ondo funtzionatzen ari diren euskal kooperatibak, Mondragon talde barruan zein kanpoan.

Iritzi berekoa da Koldo Saratxaga Ner Groupeko sustatzaile eta kooperatibista beteranoa ere —21 urte eman zituen MCC taldean lanean eta 2008az geroztik Mondragon taldetik kanpo ari da kooperatiba eta sozietate anonimoekin lanean—. «Agian, kooperatibak edo kooperatibaren bat dago zalantzan, baina kooperatibismoa zalantzan dagoela esatea da gizakiaren elkartasuna zalantzan dagoela esatea», nabarmendu du Saratxagak. Oso kritikoa da kooperazio lan eredua zalantzan jartzen ari direnekin: «Zelan izango da galga kooperatibismoa? Solidaritatea galga bat da? Etika galga bat da? Gardentasuna galga bat da? Komunikazioa ere bai?... Pentsa dezagun horri buruz». Ner Groupeko buruak beste galdera bat jarri nahi du mahaiaren gainean: «Kooperatibismoa da galga  ala kooperatibek mugimendu kooperatibista izateari utzi diote?»

Bere ustez, «kooperatibismoa ez, gizartea da krisian dagoena». Saratxagaren arabera, ez dago kooperatibismoa birpentsatu beharrik, kooperatibak kudeatzeko modua birpentsatu behar da. «Kooperatiben mezua bada, nik, jabeak, fitxatu egin behar dudala lanera joaterakoan... akabo. Zuk zure etxean fitxatu egiten duzu? Langile hutsaren sentipenarekin jarraitzea eragiten du horrek».

Langileak kooperatibista sentiarazi beharra nabarmendu du Saratxagak, proiektuko parte sentiaraztea. «Ez datoz soldata bat irabaztera. Izatez, ez da soldata hilero jasotzen dutena, lan aurrerakina baizik. Kooperatibetan ez dago soldatarik, eta hori gehiengoak jakin ere ez daki. Jada ez ditugu gauzak bereizten, denok exekutibo eta globalista bihurtu garelako». 

Nortasun aldaketa

Aditu guztiak bat datoz azken hamarkada eta urteetan kooperatibista nortasuna aldatu egin dela esaterakoan. «Erabat aldatu da —nabarmendu du Saratxagak—. Ez dut esan nahi Fagorrek nortasuna galdu duenik. Baina, oro har, kooperatiba askotan erabat galdu da nortasuna».

Antzeko ondorioak atera ditu Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak ere, atzo Berriako Iritzia sailean argitaratutako gutunean jaso duenez: «Diagnostiko partekatua da proiektuaren dimentsio sozialagoak arreta galdu eta dimentsio ekonomikoetara labaindu dela Arrasateko kooperatibagintza». Irristada eragin duten arrazoien zerrenda ere egin du Lankik: «Gizartearen desideologizazioa eta indibidualizazioa, eszenatoki globalaren eta konplexuaren urgentziek ikuspegi sozialetarako tarteak txikitzea, enpresa handi eta konplexuak bilakatu izana, distantzia handiagoa arduradunen eta bazkideen artean, ongizate estatuaren eta publikotasunaren hedapenak komunitate logiken eta iniziatiba sozialaren espazioak ahitu izana».

Joera horretaz Mondragon taldean aspaldi konturatu zirela baieztatu du Iñigo Iñurrategi Mondragon taldeko Heziketa Kooperatiboko arduradunak. «2006ko ponentzian onartu zen bazegoela nortasun krisi bat. Enpresak ondo zihoazen arren, zalantza zen ea kolektiboan zenbateraino zegoen barneratuta kooperatibismoa zertarako den.  Zentzu horretan azken urteetan inoiz baino lan gehiago egin da: 9.000 lagunek parte hartu dute prestakuntza saioetan».

Nolanahi ere, balore galera edo aldaketa horren inguruan dituzte adituek kezkarik handienak. Eta Fagor Etxetresna Elektrikoak bizi duen une zaila kolpe gehigarri bat izan daiteke nortasun krisi horrentzat. «Hemendik aurrera datorrena inflexio puntu bat izango da Mondragon taldearentzako», Iñurrategiren iritziz. «Nire ustez hemen jokoan dagoena sinesgarritasuna da. Ez badugu lortzen orain lanpostu barik geratu den jende horri irteera duin bat ematea, batzuei erretiro aurreratua eta gehienei lana izateko aukera ematea, sinesgarritasun arazo bat izan genezake. Baina lortuko dugu». 

Gobernantza mota

Egunotan kooperatiba eredua zalantzan jarri dutenek haien gobernu molde horizontala jarri dute ezbaian: motelegia omen da erantzun azkarrak izateko abilezia eskatzen duen merkatu globalean. Arantza Tapiak Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak, esaterako, esan du Fagor ez dela «behar bezain drastikoa izan», eta egoerak eskatzen zuen gogortasuna kooperatibaren «gobernantza» ereduak eragotzi duela. Erabakiak batzar sistemaren bidez hartzen direnez, Tapiaren ustez neurriak «azkar eta egoki» hartzea zaila izan da Fagorren kasuan.

Tapiaren adierazpenen «erabat kontra» dago Saratxaga. Hain justu kontrakoa aldarrikatzen du: «Gertatzen ari denaren aurrean buelta eman behar zaio tortillari, gehiago sakondu antolaketa horizontalagoetan». Kooperatibetan, eta kooperatiba ez diren konpainietan ere, asanblada sistema eta pertsonen parte hartze eredua sustatu behar delakoan dago. «Hori ez egiteak begira zer zoramenera garamatzan, kooperatibako jabeak manifestazioak egiten ari dira. Manifestazioak zeinen kontra?... Hain da jabeek duten urruntasuna, jada ez direla jabe ere sentitzen, eta manifestazioak antolatzen dituztela Hemen zer gertatzen da? esateko».

Ner Groupeko sustatzaileak sozietate anonimoetan ere kudeaketa modu bera erabiltzen duela azaldu du, konpainia batzuetan urtean 15 asanblada egitera iritsi direla, bere ustez, asanbladak «behar direnean, eta behar diren beste aldiz» egin behar baitira. «Jokalekua horixe da. Horixe berreskuratu beharra dago, jendearekin hitz egitea, gardentasuna, proiektuan parte hartzea. Pertsonek sentitu behar dute euren proiektua dela, bere taldea dela. Konpainiaren arrakasta harrotasun bezala sentitu behar dute, eta horretarako protagonista sentitu behar dira, ez txotxongilo edo langile hutsak».

Langile, baina jabe

Fagor Etxetresnen porrotak hari mutur ugari dituelakoan dago Iñurrategi. «Ikuspegi asko eta egia asko dago alde guztietan. Hemen arazo nagusia negozio ikuspegitik asmatu ez izana izan bada ere, gaia oso konplexua da», aitortu du. Onartu du faktoreetako bat izan daitekeela bazkideen langile eta jabe izatearen arteko oreka hautsi izana ere. «Langile guztiok dugu joera bat gurea eta inportantea dena mantentzeko. Gure lanpostua mantentzeko eta kontserbadore izatera jo dezakegu».

Ainara Udaondo Lankiko arduradunak azaldu du erabakiak hartzeko unean aldi berean langile eta jabe izateak «interes indibidual eta kolektiboen arteko tentsioak» ekartzen dituela askotan. «Zaila da aldi berean jabe eta behargin izatea. Erabakimena ondo dago, baina erantzunkidetasuna ere badakar». Udaondoren esatean, Mondragon berezi egiten duen «interkooperazioaren praktika ez da perfektua, eta seguruenik egoera berri honek ekarriko ditu gauzak berrasmatu beharra». Lankiko arduradunak gogorarazi du mugimendu kooperatibistetan historikoki sormen handia egon dela unean uneko arazo eta erronkei erantzuteko, eta orain ere hala izango dela. 

Ampoko Agirreren arabera, hain zuzen, motibazioa da kooperatibek gainontzeko enpresa motekiko duten esfortzu gehigarria: une oro langileak, bazkideak, motibatuta mantendu beharra. «Gainera, askotan negozioa ondo doanean zailago bihurtzen da, ahalegin handia egin behar delako. Sarri zaila da talde bati esfortzu hori egin beharra transmititzea, negozioa inoiz baino hobeto doala dakienean.  Gakoa, ordea, ez da gaur ondo joatea, epe ertainera eta luzera ere begiratu behar da. Erosotasunean erotzea kutsadura bat izan da kooperatiba guztietan».

Krisi ekonomikoaren garai gogorrenetan ere kooperazio ereduan oinarrituta lan eginda negozioak haizea alde izan dezakeenaren adibideetako bat izan daiteke, besteak beste, Irizar taldea.Iaz marka guztiak hautsi zituen fakturazioan, eta aurten iazko datuak %15 hobetu eta 550 milioi euroko fakturaziora iristeko aurreikuspena dauka taldeak. Gorka Herranz Irizarreko presidenteak argi dauka: «Irizarren hazten ari gara krisi urteetan ere, eta beraz, uste dut gobernantza eredua ez dela oztopoa. Guk eredu demokratikoa eta parte hartzailea daukagu, kooperatibismoaren esentzia». Alegia, erabakimen horizontalak ez duela zertan geldotu azkartasun enpresariala. «Pertsonak funtsezko zutoinak dira arrakastak eta aberastasuna lortzeko». 

Herranzen arabera, arrakastaren gakoa konpainiaren estrategian epe ertain eta luzea gailentzea da, denek argi izatea norantz doazen, eta norabidea elkarbanatzea. «Orain 50 urte Irizar sortu zutenek ere oztopoz betetako bidea izan zuten, baina ametsak izan zituzten, eta haiek lortzeko esperantza eta lana. Beti transmititzen diogu jendeari gehienok sozio izanagatik ezin garela erosotasunetan erori. Hau etengabeko erronka da».

Autobusen multinazionalaren lorpenen gakoak zeintzuk diren azaldu ditu Herranzek: krisia lehertu aurretik oinarri solidoa izatea —finantza zein estrategia aldetik—, dibertsifikazio industrialean sakontzea eta berrikuntza sustatzea. Horiekin batera, estrategikoki marka lantzea funtsezkotzat jo du, eta azaldu du une honetan bereziki Europan ari direla Irizar marka lantzen. «Aurten, hain zuzen ere, Ormaiztegiko plantan [700 lagunetik gora ditu lanean] %20 baino gehiago haziko gara, eta Ormaiztegiren merkatua batez ere Europa da. Hau da, ez gara lehiakorrak Euskal Herrian Brasilen saltzeko, besteak beste, ezin izango geniokeelako horri eutsi. Hemen eskaini behar dugu produktu lehiakor bat eta berrikuntza aldetik puntakoena Europan saltzeko. Euskal Herrian dugun enplegua bere kabuz eusten da, ez hedapenagatik».

Guzti hori lortzeko ez dira oztopo gardentasuna, pertsonen parte hartzea ez ideia trukaketa Herranzen ustez. Alderantziz, oinarrizko tresna direla defendatzen du. «Kooperatiba guztiek egiten dute hori? Ez, denek ez dute egiten. Baina kooperatiben esentziaren parte garrantzitsu bat da, eta ondo eramanez gero, arrakasta ekartzen du».

Merkatura moldatuz

Egunotan hainbat hedabidek zalantzan jarri duten beste puntuetako bat izan da kooperatibek egungo mundu eta merkatu globalizatura moldatzeko duten gaitasuna. Irizarko presidenteak ohartarazi du erakunde juridikoa era batekoa ala bestekoa izateak ez duela zerikusirik merkatura moldatzerakoan. Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidenteari, bestalde, «arraro» egin zaio era horretako komentarioak entzutea. «Nik uste dut ez dela momentua komentario horiek egiteko. Justu momentu honetan enpresa guztiak atzera egiten ari direnean inbertsio estrategiko guzti horietan, gehienak pasatu egin direlako garai batean finantzaketa errazegia izan zutelako. Fagor Etxetresnen kasuan, esan daiteke kontrakoa, gehiegi egokitu zela nazioarteko merkatura: gehiegi, eta egindako estrategietan asmatu barik».

Zelaiaren irudikoz, Fagor Etxetresnetan gertatu denak ez du zerikusirik kooperatiba izatearekin. «Alderantziz, esan daiteke, akats batzuk jatorria dutela gauza batzuetan kooperatibismotik urruntzearekin». Baieztatu du, hala eta guztiz ere, Fagor Etxetresnen ondorio ekonomikoek ez dutela zalantzan jarriko Mondragon taldearen jarraipena.

Zelaiak, ordea, bai uste du erabakiak prozesatzeko arloan zailtasunak dituztela kooperatibek: «Oro har, kooperatibei gehiago kostatzen zaie erabakiak hartzea. Askoz konplexuagoak dira erabakiak, batez ere, interes ezberdintasunagatik». Bere ustez akziopeko sozietateetan normalean uniformeak dira interesak: akzioak errentagarri egitea. Kooperatibetan interesak konplexuagoak direlakoan dago: «Langileek parte hartzen dute kapitalean, baina bakoitzak bere interes funtzionalak ditu, lanpostuaren aldetik, lansariaren aldetik, lan kalitatearen aldetik... interes diferenteak dira». Hala ere, Zelaiak nabarmendu du euskal kooperatiben kasuan hori ez dela hain zuzen arazo nagusia. «Seguruenik euskal kooperatibismoan lortu den aurrerapen oso inportante bat izan da erabaki horiek, neurri batean, talde moduan prozesatzea. Horri esker beste leku batzuetan ez dagoen egonkortasun instituzional bat lortu da hemen».

Balio erantsia

Zelaia gehiago kezkatzen dute beste aspektu batzuek. Kooperatibentzat ez eze, euskal enpresa egitura osoarentzat erronka nagusiak diren faktoreek: Espainiaren merkatuaren egoera txarrari aurre egiteak eta bertoko «maila teknologiko eskasak». Euskal Herriak industria egitura zabala duen arren, Ekai Centerreko presidenteak azaldu du maila teknologikoa kaskarra dela. «Hori beti izan da arriskutsua baina momentu honetan bereziki. Europa bi gunetan zatitzen ari da: iparraldea, teknologikoki ondo kokatua, eta herrialde periferikoak,txarto kokatuak. Tartean sartzen ari dira gora bidean dauden herrialdeak, oso bizkor gainera. Iparraldeko herrialdeak lehia hori irabazteko gai izan daitezke euren teknologia mailagatik, baina herrialde periferikoak agian ez. Euskal Herria erdian dago, ez iparraldean ez hegoaldean, arlo askotan gainera: teknologia mailan, produktibitatean, lan kostuetan, inbertsio produktiboan... Justu erdian gaude, eta gure eskuetan dago goian edo azpian egotea. Oso momentu erabakigarriak dira. Eta oso kezkatuta gaude politika publikoek urte asko daramatzatelako guztiz desbideratuta». 

Merkatu globalean lan kostuen arloan lehiatzea ezinezko bihurtu denez, balio erantsia eskaini beharra azpimarratzen dute aditu gehienek. Iñigo Iñurrategi Mondragon taldeko Heziketa Kooperatiboko arduraduna, ordea, ez dago erabat ados. «Zer izan behar dugu, denok ingeniariak, bioteknologoak edo telekomunikazioko adituak? Ez ote dago Euskal Herrian beste lan soslaien beharrik? Jende pilo bat dago gizartean soslai baxuagokoa, Etxetresnetakoak adibidez, masa horren behar horri erantzun diote».

Erronka nagusiak

Bestelako ikuspegia du Saratxagak balio erantsiaren, eta konpainien erronka nagusien inguruan: «Ahaztu daitezela teknologiaz, esportazioaz eta berrikuntzaz. Horiek ilusiodun pertsonen ondorioak dira. Pertsonekin lan egiten ez baduzu, egunero hartuko dituzu zaplaztekoak». Behin eta berriz errepikatzen du berari «pertsonak» interesatzen zaizkiola, eta ez «eskulana». «Gaitasunak gehitu egiten du, jarrerak biderkatu», horixe da bere urrezko araua. «Baina pertsona guztienak —gaineratzen du—, ez soilik zuzendaritzarenak».

Hain zuzen, Fagor Etxetresnetan gertatu denari aurre egin, ikasgaia atera eta ez errepikatzeko gakorik inportanteena «seguruenik formula kooperatiboak dauzkan berezko ezaugarri horietan dagoela» uste du Udaondok ere. «Kontua da, zelan ekarri gaurko parametroetara hainbat ezaugarri. Baina norabidea argi dago zein den: erantzunak kooperatibismo arduratsuagoan eta kontzienteagoan bilatzea, enpresen humanizazio bideetan sakontzea».

Areago, Jon Agirre Ampoko presidentearen aburuz, kooperatibismoak inoiz baino etorkizun gehiago dauka, eta kooperaziora eta auzolanera bueltatzeko joera dago. «Azken urteetan ez dira kooperatiba asko sortu. Ados. Baina kooperatiba ez diren enpresetan, CAFen adibidez, euren eredua izan da partaidetza langileei saltzea eta langileak inplikatzea, gardentasuna handitzea... Geroz eta gehiago goaz kooperaziogintzarantz, eta geroz eta gehiago joan beharko dugu».

Dena dela, oinak lurrean izatea eskatzen du Zelaiak: «Kooperatibak ez dira ez paradisu bat ez sistema magiko bat». Onurak eta akatsak izan ditzaketela alegia. «Oro har, kooperatibek jarrera hobea dute krisialdiei aurre egiteko: jarduera mantentzeko esfortzu eta ahalegin handiagoak egiten dituzte. Ekonomia errealari eusteko tresna interesgarriak izaten dira. Baina, aldi berean, esan behar da, oro har, kooperatibismoak ez duela indar berdina izaten garai eta urte hedatzaileetan. Ez dira hazten besteak hazten diren neurri berdinean», azaldu du Zelaiak.

Ekai Centerreko presidenteak nabarmendu du kooperatibismoaz berba egiten denean normalean lan kooperatibei buruz egiten dela. «Baina beste ereduak oso arrakastatsuak dira, eta ez ditugu zalantzan jartzen. Adibidez, nekazaritzan, kreditu kooperatibetan... Lan kooperatibetan eta industria kooperatibetan zailagoa da. Munduan oso leku gutxitan daude lan kooperatiba handiak. Nik uste dut Arrasateko ereduak edo Italia iparraldeko ereduak erakutsi dutela baldintza batzuk beteta eredu erabilgarria eta arrakastatsua izateko aukera daukala».

Argi izpiak ere badatozela iragarri du, gainera, Irizarreko presidenteak, dena iluntasunak eta ezkortasunak hartzen duen garai honetan. «Iritsiko dira garai hobeak, eta, bestelako enpresak sufritzen ari diren bezala, kooperatibei ere sufritzea tokatzen zaie. Baina etorriko dira garai hobeak». Herranz ez da ausartzen garai berriei datarik jartzen, inoiz gertatu gabekoa gertatzen ari baita ekonomia arloan, eta ez baita ziurtasunen garaia. «Oparoaldi ziklo oso luzea izan genuen 2008ra arte, hamasei edo hamazortzi urtekoa. Normalean zikloak sei edo zazpi urtekoak izaten ziren. Eta orain bost urteko krisi zikloa bizi dugu. Hori ere ezohikoa. Noiz amaituko da? Ez dakit, badirudi berreskurapen zantzuak badaudela, baina badakigu bihar albiste txar batekin esnatuz gero, merkatuak pesimista bihur daitezkeela. Nolanahi ere, uste dugu gauzak poliki-poliki hobetuko direla. Geldoa izango da prozesua, baina etorriko da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.