Multinazionalak ACB altzairutegia asteburuetan berriro irekitzeko plana atzera bota zuten langileen ordezkariek, lan taldea erdira jaistea eskatzen zuelako. Plan horren ordez beste bat aurkeztu dute gaur goizean.
Europa Press agentziak aurreratu duenez, hilean 70.000 eta 80.000 tona ekoitzi behar direla uste dute langileek —hilean bi asteburu lan eginez 10.000 edo 12.000 tona ekoiztea proposatu zuen enpresak—. Altzairu horrek merkatuan lekua izan dezan, haren kalitatea igotzea nahi dute langileek. Otsailean fabrika itxi aurretik balio erantsi handiko altzairua ekoizpen osoaren %45 bazen, 2020rako kalitate handikoa %100era iristea defendatu dute.
Sestaoko altzairutegiaren itxieraren arrazoietako bat argindarraren kostu handia denez, tarifa elektrikoak finkatzeko oraingo sistema bertan behera geratzeko eskatu dute langileek. Espainiako Gobernuaren esku dago gaia, baina Jaurlaritzak hari presio egitea nahi dute. Kostuak jaiste aldera, energia kontsumoa jaitsi daitekeela (orduko 430 kW gastatzea, oraingo 510 kW-en ordez) eta txatarrari errendimendu hobea atera dakiokeela uste dute.
Behin-behineko desjabetzea
ArcelorMittalek beren proposamena atzera botako balu, urrats bat egin eta "Euskadiko lantegi guztiak" desjabetzeko eskatu dute ACBko langileek. Haren arabera, Espainiako Konstituzioak ematen dio ahal hori Eusko Jaurlaritzari, interes estrategikoak babestearen izenean. Desjabetze hori aldi baterako izango litzateke, instituzioek beste jabe bat aurkitu arte.
ArcelorMittalekin kritiko azaldu da orain arte Jaurlaritza eta langileak babestu ditu, baina horrelako operazio batean sartzeko interesik ez du erakutsi.
Multinazionalak erantzun du esanez oraindik ez duela langileen plana jaso, baina jasotzen duenean aztertuko duela ziurtatu du. Ez die, ordea, langileek itxaropen handirik eman nahi, adierazi baitu bere plana dela Sestaoko altzairutegia irekitzeko aukera bakarra. Alternatibarik izatekotan, okerrago bat dagoela iradoki zuen joan den astean: «Orain ezin bada ireki, itxita jarraituko du, baina logikoki noizbait erabaki bat hartu beharko da plantari buruz; ezin da denbora luzez itxita utzi».