Lan gatazkak

Arcelorrek sei hilabeteko erregulazioa ezarriko du Etxebarrin eta Lesakan

Planta horiek lehengairik gabe geratu dira Gijongo (Espainia) labean gertatutako matxuragatik. Lan hitzarmenaren negoziazioan hartu du erabakia CCOO, UGT eta USOrekin batera.

Arcelor Mittalen Etxebarriko lantegia. JON HERNAEZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 12a
16:33
Entzun

Arcelor Mittaleko Etxebarriko (Bizkaia) eta Lesakako eta Legasako (Nafarroa) langileei enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat ezarriko diete gutxienez sei hilabetez. Hala adostu dute enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek. Espedienteak multinazionalaren beste altzairutegi batzuei ere eragingo die eta guztira 7.000 behargini, baina Euskal Herrian hiru planta horietakoei soilik —650 langile inguru—.

Erabakiaren atzean martxoaren 22an Arcelorrek Gijonen (Asturias, Espainia) duen altzairutegian izandako istripua dago. Hango labe garai bat lehertu egin zen, eta labe horretan ekoizten dute Etxebarriko eta Lesakako lantegietan erabiltzen duten lehengai gehiena. Istripuaz geroztik, planta horiek geldirik daude. Hasiera batean bi hilabeterako espedientea aurreikusi zuen enpresak, baina urte erdikoa izango da gutxienez.

Arcelorren zuzendaritzak eta sindikatuek egindako hitzarmenari esker, espedienteak iraungo duen denboran langileek soldata gordinaren %90 jasoko dute, aparteko ordainsari guztiak barne, eta oporraldiak bermatuta izango dituzte. Nolanahi ere, sindikatuek Gijongo labea konpontzeko zuzendaritzaren konpromiso idatzia eskatu dute, eta espedientearen indarraldia gehiago zehaztea.

Izan ere, ez da aurreneko aldia Arcelorrek Gijongo instalazioa gelditzen duena. Otsailaren 6an ekin zion berriro jarduerari, sei hilabeteko etenaren ostean. Orduan, produktu siderurgikoen eskaerak behera egin zuelako hartu zuen erabakia enpresak. Planta 2025ean behin betiko ixtea aurreikusten du, eta ikatza erabiltzen duen egungo labearen ordez labe hibrido bat jartzea, argindarra eta hidrogeno berdea erabiliko duena. Espainiako Gobernuak 460 milioi euroko diru laguntza onartu zuen apirilaren 4an. Proiektuak 1.000 milioi euroko kostua izango luke, baina multinazionalaren zuzendaritzaren oniritziaren zain dago oraindik.

Sindikatuen kezkak

Horrekin batera, Arcelor Mittalen Espainiako zuzendaritzak eta sindikatuek hasi dituzte planta guztientzako oinarrizko lan hitzarmenaren negoziazioak. Enpresak %4ko soldata igoera proposatu du 2022rako, atzerako eraginez ezartzekoa, eta %1,7ko ordainsari bat; aurten, %3koa izango litzateke soldata igoera, eta %2,5ekoa 2024rako eta 2025erako.

Sindikatuek uste dute kopuru horiek ez direla nahikoak, eta mobilizazioak hasi dituzte. CCOOk 24 orduko grebara deitu du hilaren 24rako, eta 16 orduko beste batera 28rako. Maiatzean protestekin jarraitzea aurreikusten du.

ELA eta LAB, berriz, negoziazio mahaitik altxatu ziren martxoaren 31n eginiko bileran. Enpresari egotzi diote ez duela haiekin negoziatzeko asmorik, eta Espainiako lantegietan ordezkaritza duten sindikatu nagusiak (CCOO, UGT eta USO) baino ez dituela aintzat hartzen. Sindikatu abertzaleek azpimarratu dute jarrera hori ez dela berria; salatu dute Euskal Herriko lantegietako arazoekin ez dagoela arduratuta eta «gutxieneko seriotasunik» duen plan industrialik ere ez duela aurkeztu bertako plantentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.