Donroe doktrinaren aroan, Donald Trumpen Ameriketarako atzerri politikaren aroan, kontraste berezia dakar EBren eta Mercosurren arteko merkataritza librerako akordioak. Sinaduraren argazkia erabat kontrajarriko zaie AEBen mehatxuei, erasoei, bahiketei eta baita muga zergei ere.
Argazkia garrantzitsua da gehienbat Europarentzat eta Brasilentzat; Luiz Inacio da Silva Lula-rentzat eta Ursula von der Leyenentzat. Eta batez ere azkenarentzat, Europako Batzordeko presidentearentzat, da berebizikoa.
Izan ere, Trumpen azken hilabeteetako oldarraldian, Von der Leyen —baita Europa bera ere— umiliaziotik umiliaziora dabil, burua altxa ezinik, inguratuta eta azpiratuta muga zergekin, Ukrainarekin, Groenlandiarekin, AEBetako konpainia teknologiko handien mehatxuekin... Kostata, baina 26 urteko negoziazioen buruan, Mercosurrekin akordioa sinatzea izango da Von der Leyenek azken urtean saldu ahal izango duen lehen arrakasta mamitsu bakarra.
Trumpen laidoak jasan dituztenei dagokienez, berriz, Emmanuel Macronentzat porrot handia da gaurkoa. Berdin dio Frantziak itunari ezezkoa eman izana —ziurrenik Macronen beraren sinesmen politikoen kontra—, nekazarien haserrea nozituko du Frantziako presidenteak. Eta berdin diote ekonomiaren eta geopolitikaren inguruko haren hitzaldi arranditsuek, kritika gogorrak jaso ditu eta jasoko ditu Europako herrialde askotatik, Mercosur blokeatu nahi izateagatik.
Hori bai, lorpenak lorpen, eta nekazarien zilegizko kezkak ahaztu gabe, hausnartzeko modukoa da mende laurden behar izana ituna adosteko. Eta bereziki zailak dira ulertzen aste hauetako azken uneko gorabeherak eta tentsioak. Paraguaiko argazkikoa bere buruari ezarritako epeak betetzeko gai ez den EB bat ere bada. Noiz eta mundua hankaz gora dagoenean.