Argentinako biodiesel gutxiago Espainian

Espainiak mugatu egingo ditu biodiesel inportazioak, YPF nazionalizatzeari erantzuteko

Erredakzioa
Donostiako
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Argentinako biodiesel gutxiago erosiko du. Hori da Espainiako Gobernuak onartutako lehen neurria Argentinari erantzuteko, Repsoli YPF kentzeagatik. Erraztu egingo du Espainian eta Europako Batasunean egindako biodiesela erostea; zaildu, berriz, biodiesela inportatzea, bai Argentinatik, bai beste herrialde batzuetatik.

Espainiako Gobernuak «neurri sendoak» iragarri zituen Argentinako Gobernuak YPF nazionalizatuko zuela iragarri zuenean. Oraingoz bakarra onartu du, eta ez da berria: Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak egin zuen, 2010ean.

Iaz Espainiak 700 milioi euro gastatu zituen Argentinako biodiesela inportatzen. Inportatutako biodiesel guztiaren erdia. Iazko azken hiruhilekoan Espainian erabili zen biodieselaren %89 Argentinakoa zen. Argentinako eta Indonesiako biodiesela Espainiako baino merkeagoa da, zerga gutxiago ordaintzen baititu.

Espainiako Gobernuak Europako Legebiltzarraren babesa jaso zuen atzo Argentinako Gobernuaren kontra. Legebiltzarrak Europako Batzordeari eskatu dio babestu ditzala Europako Batasunaren interesak. Horretarako zenbait neurri aztertzea eta onartzea nahi du, tartean baita Argentinako produktuei muga zerga batzuen abantailak kentzea Europako Batasunean sartzeko. PSOEk eta Berdeek neurri horien kontra bozkatu zuten.

«Babes zabala» Espainiari

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak atzo nabarmendu zuen nazioarteko «babes zabala eta handia» jaso dutela Argentinako Gobernuaren erabakiaren kontra. Saenz de Santamariak Europako Batasuna, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Iberoamerika aipatu zituen. Iberoamerikan, oraingoz, Felipe Calderon Mexikoko presidentea izan da Espainia babestu duen bakarra.

«Gure betebeharra da espainiarren interesak babestea», Saenz de Santamariaren esanetan. Repsol Espainiakoa da, baina bere jabetza gehiena, %51,5 Espainiatik kanpoko inbertitzaileena da.

Argentinako Gobernua lanean ari da, atzerriko inbertitzaileei eusteko eta, ahal badu, inbertsio gehiago lortzeko. Julio de Vido Plangintza ministroa eta gobernuak YPFn jarritako ikuskatzaileetako bat Brasilen izan zen atzo, Edison Lobao Meategi eta Energia ministroarekin biltzeko. De Vidok nabarmendu zuen Petrobras dela haien eredua, Brasilgo estatuaren petrolio enpresa. Inbertsio gehiago eskatu zizkion Petrobrasi. Lobaok erantzun zion ahalegina egingo dutela, baina Brasilen bertan inbertsio asko egin behar dituztela, hobi berriak aurkitzeko eta ustiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.