Oniritzia eman diote Turnberryko akordioari

Europako Parlamentuak onartu egin du azken bertsioa, eta babes neurriak eta iraungitze data jaso dituzte akordioan. Ikusi beharko da AEBek merkataritza akordioa betetzen ote duten.

Europako Parlamentuko kideak Estrasburgon, atzo. OLIVIER MATTHYS / EFE
Europako Parlamentuko kideak Estrasburgon, atzo. OLIVIER MATTHYS / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 16a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ustekaberik gabe, Europako Parlamentuak azkenean berretsi egin du Turnberryko akordioa, Europako Batasunaren eta AEBen arteko merkataritza harreman berri eta desorekatuaren sinboloa. Honenbestez, eta azken prozeduren faltan, Europako Batasunak bide emango dio beretzat ageriko desabantailak dakartzan itunari.

Ursula von der Leyenek iazko uztailean Turnberryn —Donald Trumpen Eskoziako oporlekuan— adostutako akordioa funtsean umiliazio hutsa izan zen EBrentzat, estatubatuarren ia eskari guztiei amore eman behar izan baitzien, Ukrainako gerrarako AEBen sostengua izaten jarraitzearen truke. 

Europako Parlamentuak zenbait luzapen eta egokitzapen egin ditu, eta hala, azkenean gaur berretsi dute akordioa. Trumpek mehatxua egina zuen dagoeneko, esan baitzuen muga zerga handiagoak jarriko zizkiela Europako autoei EBk ez bazuen akordioa uztailaren 4a baino lehen onartzen.

Kontsolamendurako, EBren berrespenak bi baldintza gehitu dizkio akordioari. Europako Parlamentuan adostu ziren baldintza horiek, eta ondoren Batzordearekin eta Kontseiluarekin negoziatu behar izan dira berriz. Batetik, akordioak zenbait babes neurri jasotzen ditu, AEBek beren partea beteko ez balute ere. Babes neurri horien ezarpena, dena den, ez da automatikoa izango —hala eskatu zuen Parlamentuak hasieran—, eta Europako Batzordeak izango du haiek ezartzeko eskumena. Bigarren baldintza, berriz, Parlamentuak hasieran nahi zuen moduan jaso da, eta Turnberryko akordioa 2029ko abenduaren 31n iraungiko da —ordurako Trump ez da Etxe Zurian izango—.

Akordioak 440 boto izan ditu alde, eta 151 kontra (50 abstentzio izan dira). Bernd Lange eurodiputatu sozialista eta Europako Parlamentuko AEBen eta EBren arteko harremanen errelatoreak akordioa defendatu du bozketaren ostean. «Presiopean» itxi zela esan du, eta aitortu du «desorekatua» dela oraindik ere, «baina hori adostu zen». Hala ere, uste du orain EBk «segurtasun bermeak» dituela, muga zergak leheneratu baititzake «AEBek akordioa errespetatzen ez badute». Langeren ustez, gainera, «orain argi geratu da arau honek ez duela betirako iraungo». 2029ko abenduan iraungiko da, «eta ordurako AEBetan beste gobernu bat egongo da».

turnberryko akordioaren puntu nagusiak

  1. AEBek %15eko muga zerga orokorrak ezarri dizkie Europako Batasunaren ia esportazio guztiei, eta nazio faboratuentzako muga zergak AEBetan ez dauden baliabideei, hegazkinei eta sendagai generikoei.

  2. Aldiz, AEBetako industria produktu guztien eta hainbat elikagairen gaineko muga zergak %0ra murriztuko ditu EBk.

  3. Europako Batasunak hainbat lege malgutu ditu AEBetako konpainien mesedetan: enpresek jasangarritasunean bete beharrekoen inguruan, karbonoaren muga zergen ezarpenean eta deforestazioaren kontrako zuzentarauetan.

  4. EBk bizkortu egin behar ditu Estatu Batuetako txerrikien eta esnekien ziurtagiri sanitarioak.

  5. Europako Batasunak konpromisoa hartu du 750.000 milioi dolarreko erosketak egiteko AEBetako energia gaietan, eta 600.000 milioi dolarreko inbertsioak egiteko AEBetan.
  6. Europako Parlamentuak uko egin zion akordioa bere horretan berresteari, eta azkenean moldaketa batzuk egin zituen, zenbait babes neurri sartzeko. Neurri horiek berriz negoziatu dira Bruselarekin eta EBko herrialdeekin, eta azkenean gaur onartutako akordioan jaso dira. Ondorioz, AEBek akordioa ez badute betetzen, Europako Batasunak %0ra murriztu ahalko ditu muga zergak. Dena den, Europako Batzordearen gain geratuko da hori egin ala ez erabakitzeko eskumena. 
  7. Turnberryko akordioa 2029. urteko abenduan iraungiko da.

Beteko dute AEBek?

Batek jakin, Donald Trumpekin. Haren jokamoldeak ikusita, badaude mesfidantzarako arrazoiak, eta ez dago argi AEBek Turnberryko akordioan jasotako baldintzak beteko ote dituzten. Iazko udan hitzartutakoak paper erre bihur daitezke EBk onartutako baldintza guztiei are baldintza gehiago gehitzen jarraitzen badu Trumpek.

Horretarako imintzioak egin ditu aste honetan bertan Etxe Zuriko nagusiak. Bere agintaldiaren hasieratik, muga zergak izan dira bere tresna gogokoenak mehatxu eta presiorako, eta badirudi ez dituela bazter utzi nahi: astelehenean New York Post egunkariak argitaratu zuenez, Trumpek mehatxu egin dio Frantziari, eta esan Frantziako ardo eta xanpainei %100eko muga zergak ezarriko dizkiela herrialdeak konpainia digital handienen salmenten gaineko %3ko zerga kentzen ez badu.

FRANCE EU PARLIAMENT (3)
Bernd Lange, Europako Parlamentuko AEBen eta EBren arteko harremanen errelatorea, atzo, Turnberryko akordioaz hitz egiten, Estrasburgon. OLIVIER MATTHYS / EFE

Trumpek hori egingo balu, ez luke Turnberryko akordioa beteko, gehieneko %15eko muga zergak ezartzen baitira EBko salgaientzat, eta EBko herrialde bakar bati zergak jartzeak EBri jartzea esan nahi duelako.

Akordioa, teorian, datorren uztailaren 24an ezarriko da indarrean, baina ordura arte badira beste gai batzuk bi aldeen artean ika-mika areagotu dezaketenak, konpainia digitalen gaineko zergez gain.

Altzairuaren muga zergak, %50ean

AEBen %15eko gehieneko muga zergatik gora daude oraindik EBtik AEBetara doazen produktu batzuk, hala nola metal kantitate jakin batetik gora duten makinak —garbigailuak eta motoak, adibidez—, %25eko muga zergak baitituzte. Ehuneko horretatik gora daude altzairua eta aluminioa ere, %50eko muga zergak baitituzte.

Beste gai arantzatsu bat EBren karbono isurien gaineko muga zergak dira: EBra datozen zenbait produkturi ezartzen zaizkie, batetik, jatorrizko herrialdeetan ekoizpen garbiagoak sustatzeko, eta bestetik, Europako konpainiek lehiakortasunik gal ez dezaten karbono isuriak murrizteagatik. AEBetan ez daude gustura zerga horiekin, ezta lege batzuekin ere. Izan ere, inportazioetarako, EBz kanpoko enpresei zera eskatzen zaie: egiazta dezatela beren produktuek ez dutela deforestaziorik eragiten, ingurumena kaltetzen edo giza eskubiderik urratzen hornikuntza katean.

Europako Batasunak bere legediak malgutu ditu bai karbono isurien muga zergei dagokienez, bai enpresen jasangarritasunari dagokionez, AEBak otzantzeko, baina badirudi ez dela nahikoa. Gaur Europako Parlamentuaren oniritzia lortuta, Europar Kontseiluak lege horien moldaketa berrestea faltako da, eta, hori gertatzen denean, EBko aldizkari ofizialean argitaratu, eta indarrean ezarriko dira.

'Airbus-boeing auzia' 

Bada beste auzi bat datozen egunetan berriz ere iskanbila pitz dezakeena AEBen eta EBren artean, eta Turnberryko akordioa kolokan utzi: uztailaren 11n amaituko da Airbus-Boeing auzian bi blokeek hitzartutako bost urteko tregoa. 
Gatazka hori 2004. urtean piztu zen. AEBek MME Munduko Merkataritza Erakundean salatu zuten Airbusek arauz kanpoko estatu laguntzak jaso zituela. EBk ere MMEra jo zuen berehala, Boeingek zerga kenkari eta defentsa kontratu bidegabeak jaso zituelako AEBetako Gobernuaren eskutik.
Hamabost urtera, MMEk arrazoia eman zion alde bati ebazpen batean, eta arrazoia eman zion besteari beste ebazpen batean. AEBei eskubidea aitortu zien 7.500 milioi dolarreko (6.500 milioi euro) konpentsazio zergak ezartzeko EBko salgaien gainean. EBk baimena jaso zuen 4.000 milioi euroko muga zergak jartzeko Estatu Batuetako inportazioei. 
2021eko ekainean, Joe Biden gobernuan zela, bi aldeek su eten moduko bat adostu zuten, muga zergak kendu eta irtenbideaz negoziatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA