Argindarra %3,1 igoko da urrian, Hego Euskal Herrian

Apirileko jaitsieraren ondoren, uztailean eta abuztuan ere garestitu zen elektrizitatearen prezioa

Miren Garate.
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Argindarraren tarifa arautua duten Hego Euskal Herriko bezeroek, hamar familiatik zortzik, %3,1 gehiago ordaindu beharko dute urritik aurrera. Gutxienez hiru hilabetean iraungo du gorakada horrek, hurrengo enkantea egin arte.

Argindarraren prezioa kalkulatzeko, bi osagai hartzen dira kontuan tarifa arautuan: argindar sistemaren kostuei dagokiena bata eta argindarraren beraren kostuei dagokiena bestea. Lehenak fakturaren erdia pasatxo osatzen du, eta bigarrenak, erdia baino zertxobait gutxiago. Sistemak eragiten dituen kostuak —garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak...— gobernuak erabakitzen ditu, hiru hilean behin egiten dituen berrikuspenetan. Gobernuak esan du izoztuta mantenduko duela zati hori. Abuztuan izan zen azken berrikuspena, eta orduan %3,2 igo zituen tarifak. Urtarrilean %3 igo ziren, apirilean %6,6 jaitsi eta uztailean %1,2 igo.

Atzo goizean, berriz, argindarraren beraren kostuei dagokien enkantea egin da. Salerosketaren ondorioz, %7,6 garestiago geratu da, eta, fakturaren erdia baino pixka bat gutxiago baldintzatzen duenez, argindarra %3,1 garestituko dela kalkulatu du Espainiako Gobernuak.

Azken bost urteotan ia %60 garestitu da argindarra, baina hala ere 26.000 milioi euroko zuloa du sistemak, tarifaren bidez herritarrek eta enpresek pagatutakoak ez duelako betetzen enpresei argindarra sortzeagatik onartzen zaizkion kostuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.