Familia gehienek, baina, igoera hori baino handiagoa sufritu beharko dute. Izan ere, 2,5 eta 5 kilowatt arteko potentzia kontratatua dutenei -etxe gehienek hala dute-%7,33 igoko zaie tarifa. Urtea hasi zenetik, beraz, %11 garestiagoa da argindarra Hegoaldeko sendientzat, urtarrilaren 1ean beste %3,3 igo baitzen haren prezioa.
Bost kilowatt kontratatua dituen hiru kideko familia batek, gutxi gorabehera 64 euro inguru ordaintzen du egun argindarraren bi hilabeteko faktura. Tarifa berriarekin, urtean 40 euro gehiago pagatu beharko du.
Okerrena da, ordea, oraingo igoera txiki geratuko dela datorren urtearen hasieran, Espainiako Energiaren Batzordeak (CNE) argindarra %35 eta %50 artean garestitzeko asmoa baitu. Kontua da, orduan desagertuko dela gaur egun etxe gehienetan ordaintzen duten tarifa arautua. Eta merkatuko prezioen mende geratuko dela argindarra erabat. Horiek horrela, petrolio upelagatik 140 euro baino gehiago ordaintzen den garaian, pentsa liteke argindarra ere dezente garestituko dela.
Tarifa berriak gutxien kontsumitzen duten sendiak saritu eta gehien kontsumitzen dutenak zigortuko ditu Espainiako Industria Ministerioaren arabera. Izan ere, hiru kilowatt baino gutxiago kontratatuta dituzten sendiek tarifa sozialera atxikitzeko aukera izango dute. Gauza da, ordea, ia inork ez dituela kontsumitzen hiru kilowatt baino gutxiago. Aldiz, bi hilabetetan 1.000 kilowatt baino gehiago kontsumitzen dituztenek zigorrak jasoko dituzte -lehen 1.100 kilowattetan zegoen muga.
Gaueko tarifa desagertuko da.
Argindarraren gaueko tarifa ere behin betiko desagertuko da. Eta kontua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, neurriak Hego Euskal Herriko 66.700dik gora erabiltzaileri eragingo baitie zuzen-zuzenean. Orain arte, tarifa hori zutenek gainerakoek baino %55 gutxiago ordaintzen zuten 23:00etatik 07:00etara kontsumitutako argindarragatik. Eta horren truke, eguneko gainerako orduetan %3ko gehigarri bat pagatzen zuten.
Trago txarra konpentsatzeko edo, Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroak aurrezteko tarifa deiturikoa hautatzeko esan die erabiltzaileei. Hain zuzen, horida gaueko tarifa ordezkatuko duena. Sebastianen arabera, erabiltzaileei %47 gutxiago ordaintzeko aukera ematen die horrek.
Hiru urteren buruan, ohiko bonbillak desagertu egingo dira saltokietatik
Haien ordez kontsumo txikikoen erabilera sustatuko da, garestiagoak izan arren garbiagoak direlako.A. Arzallus Donostia
Ohiko bonbillari, Thomas Edisonek 1879an asmatu zuenari, ez zaio denbora askorik geratzen. Hiru urteko epean desagertuko da saltokietatik, energia gehiegi kontsumitzen duelako.
2011ra artean, bonbilla tradizionalak kostu txikikoengatik ordezkatzea izango da Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen erronka. Ekimena leku guztietara irits dadin nahi dute, nola etxebizitzetara hala enpresa eta eraikin publikoetara. Eta laguntzak agindu dituzte baliabide gutxien dituzten sendientzat .
Praktikan, Espainian eta Hego Euskal Herrian 350 milioi bonbilla ordezkatzea esan nahi luke egitasmoak, etxe bakoitzeko 25 inguru. Hala, 6,5 milioi tona CO2 aurreztuko liratekeela uste du Pere Macias CiUko bozeramaile eta ekimenaren sustatzaileak. «Hiru urtean %3 murriztuko genuke energia kontsumoa». Gaur egun, bonbillak dira argindar fakturaren %20ren erantzuleak.
Maciasen esanetan, ohiko bonbillak kontsumitzen duten energiaren %90 bero gisa isurtzen dute airera. «Klima aldaketaren inguruko beldurrak zabaltzen ari diren garaian, ezin esan sistema eredugarria denik». Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, berriz, 2030erako mundu guztiko ohiko bonbilak behin betiko desagerrarazi eta haien ordez kontsumo txikikoak jarriko balira, Australiak kontsumitzen duen energia halako bost aurreztuko litzateke urtero.
Kontsumo txikiko bonbilla bakoitza 10 euro inguru balio ditu gaur, baina ohikoek baino gehiago irauten dute.