Urtarrileko goraldi handiaren ondoren, ekainean, argindarra inoizko preziorik garestiena edukitzeko bidean da Hego Euskal Herrian. beroaren, haize eskasiaren eta CO2aren prezioaren ondorioz. Horren aurrean, Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak aipatu du agian argindarraren gaineko zerga berezia etengo dutela. 2018 eta 2019 artean neurri hori hartu zuen, orduan ere garesti zegoelako argindarra.
Argindar ekoizpenaren gaineko zerga berezia %7koa da, eta PP agintean zegoen garaian ezarri zuten. Argindar ekoizleek ordaindu behar dute, baina, praktikan, haren kostua kontsumitzaileek ordaintzen dute.
BEZa ere pagatzen du argindarraren kontsumitzaileek, %21ekoa, Europako Batasuneko handienetakoa. Azken horren ordainketa eteteko asmorik ez du Madrilek.
«Egin izan dugu, eta berehala berriro egin dezakegu», esan du Riberak, Espainiako Kongresuan egindako agerraldian.
Argindarraren fakturaren erreforma hasi du Espainiako Gobernuak. Neurrietako bat ekainaren 1az geroztik dago indarrean: fakturaren kostu finkoetan hiru epe jarri dituzte, kontsumoaren zati bat kostu txikiko orduetara igaroarazteko. Eztabaida handia sortu da sistema horren inguruan, gaur egun etxebizitzetan kontsumo handia dagoen orduetako faktura handitu duelako.