Argindarraren garestitzeak gerarazi egingo du Sidenor, hogei egunez behintzat

Jaurlaritzak urgentziazko bilera bat egingo du energia kostuek kalte handiena egin dieten sektoreekin. Sindikatuek azalpen gehiago nahi dituzte

Arantxa Tapia sailburua, Sidenorrera egindako bisita batean. M.RAMIREZ / FOKU.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Argindarraren garestitze ikaragarria susperraldi ekonomikoa zamatzeko gai ote den kezkak badu erantzun jakin bat Euskal Herrian: Sidenorrek jakinarazi du hogei egunez itxiko duela, ezin omen diolako eutsi oraingo ekoizpen erritmoari; «neurrigabeko» argindar garestiak galerak ekartzen ei dizkio. MWh megawatt-ordua 260 euro ordaintzen ari da orain, eta duela urtebete 60 euro ziren. Ondorioz, ekoizpen kostuak %25 garestitu zaizkio, 200 euro baino gehiago altzairu tonako. Udaz geroztik energiak izan duen prezioen eboluzioarekin, industria asko sufritzen ari da. Bada, Sidenor eragile garrantzitsua da euskal industrian, funtsezko sektore batean, eta argindarragatik gelditu beharko duela iragartzen lehena izan da, baina baliteke ez izatea azkena. Batera edo bestera, datorren asteartean, asteazkenean eta ostegunean, enpresak eten egingo du jarduera.

Eusko Jaurlaritza kezkaz begiratzen ari zaio energiaren garestitze horri, industrian hasia delako eragin zuzena izaten, eta susperraldiaren motorra batez ere industriak elikatzea espero duelako. Hala, Gasteizeko gobernuak iragarri du «berehalako bilera bat» egingo duela energia kostuek kalte handiena eragin dieten sektoreekin. «Prezioa neurririk gabe igotzeak Euskadiko susperraldi ekonomikoaren erritmoa baldintza dezake», ohartarazi du Gasteizko gobernuak, eta Espainiako Gobernua estu hartzen hasi da «irmoago» joka dezala eskatuz. Horiek horrela, Ekonomiaren Garapeneko Saila Madrilgo gobernuari eta Europako Batzordeari helaraziko dizkien neurrien proposamena lantzen ari da.

Sidenorrek langile batzordeari eta langileei jakinarazi dienez, abenduaren 31ra arte, hau da, hogei egunez itxiko du taldeko altzairutegi nagusia, Basaurikoa (Bizkaia). Urtea amaitu bitartean geratzen zitzaizkion lan egunen %30etan itxita izango da, beraz. Taldeko beste fabriketan ere erabaki bera hartu beharko duela esan du. Euskal Herrian beste bi lantegi ditu Sidenorrek: Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa).

Altzairugintza argindar kontsumitzaile handia da, eta Sidenorrek, Euskal Herriko beste altzairugile guztiek bezala, labe elektrikoak darabiltza mea eta txatarra urtu eta altzairua sortzeko. Azken egunotan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko buruak, AEGE Espainiako energia kontsumitzaile handien elkarteko presidente gisa, ohartarazi zuen argindarrak handizkako merkatuan duen prezio gero eta garestiagoak zuzen-zuzenean kalte egiten ziela, enpresa gehienek ez dutelako hitzartuta epe luzerako preziorik. Gainera, Iberdrolak ohartarazi du bezero handiekin dituen kontratuak berriro negoziatuko dituela edo bertan behera utziko dituela, kostuaren azpiko prezioetan saltzen ari delako. Sidenorrek nabarmendu du fabrikak ixteak ez duela konpontzen arazoa funtsean, eta iragarri du «argindarraren prezioaren kontrolik ezak badirau», beste neurri batzuk hartu beharko direla.

Sindikatuen zalantzak

ELA sindikatuak salatu du enpresak ez dituela «justifikatu» jarduera hogei egunez gelditzeko arrazoiak. Lan kargei eta kostuei buruzko informazioa eskatu du batzordeak, bileran, baita enpresak konpainia elektrikoekin duen kontratuari buruzko informazio zehatza ere. «Ez dugu jaso erantzunik, argindarraren prezioaren igoerari buruzko aipamena salbu». ELAk uste du «ezinbestekoa» dela informazio gehiago izatea neurriaren arrazoiak ezagutzeko. LABek, berriz, harriturik hartu du albistea, eta eskatu du ez erabiltzeko langileak argindar enpresak estu hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.