Armagintzaren inguruko ikerlaria

Khem Rogaly: «Armagintzaren eta enplegu sorreraren arteko harremana hautsita dago»

Defentsa sektorean inbertitzea hazkunde ekonomikorako kaltegarria dela uste du Rogalyk, eta industriaren trantsizioa beste norabide batzuetan egin beharko litzakeela. CAFeko langileen protestak goratu ditu.

Khem Rogaly, Common Wealth zentroko ikertzaile nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Khem Rogaly, Common Wealth zentroko ikertzaile nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbon
2026ko ekainaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Common Wealth Erresuma Batuko ikerketa zentroko ikertzaile nagusia da Khem Rogaly. Gaur egun, segurtasun trantsizioko proiektua bideratzen ari da, eta haren barruan ikertzen du armagintza sektorea, bereziki bere herrialdekoa: haren bilakaera, eragina, finantzaketa... LAB sindikatuak ekarri du Euskal Herrira, eta mintegi bat eman die hainbat afiliaturi. Bere artikuluetan kritiko ageri da armagintzara bideratzen den dirutzarekin.

Beraz, gerra negozioa da, eta defentsa aitzakia?

Bai, noski. Baina nik buelta emango nioke ordenari: defentsa da aitzakia, eta gerra negozioa. Aitzakia lehenbizi. Gaur egun, munduan, inoiz baino gehiago gastatzen da arlo militarrean, eta guztizkoaren %55 NATOko herrialdeek gastatzen dute; heren bat AEBek, eta %20 Europako erdialdeko eta mendebaldeko herrialdeek. Erresuma Batuak, Frantziak eta beste zenbait herrialdek base militar asko dituzte munduan. Erresuma Batuak 150 ditu: Persiar golkoan, Indiako Ozeanoan, Brunein, Singapurren... Frantziak, berriz, Afrikan. Zabalkunde horren arrazoia ez da defentsa, botere geopolitikoa baizik. Munduan barrena zabaldu nahi dute boterea, eta horri guztiari eustea oso garestia da.

Eta zergatik da gerra negozioa? Bada, hori guztia gobernuen diruarekin ordaintzen delako. Milioika, bilioika euro diru publikotik enpresa pribatu batzuen eskuetara doa. Gero ikusten dugu, AEBetan eta Erresuma Batuan behintzat, enpresa horiek akziodunei ordaintzen dizkieten dibidenduak merkatuko batezbestekoa baino askoz handiagoak direla. Dirua irabazteko bide oso fidagarria da.

Armagintza oso errentagarria da diru publikoari esker, baina finantzaketa handia behar da hasteko. Zein rol dute bankuek hor?

Diru kopuru handiak mailegatzen dizkiete, baina, sakonean aztertzen baduzu, ikusiko duzu armagintza enpresen jabeen artean finantza erakundeak eta funtsak daudela. Blackrock, Vanguard... funts horiek dira enpresa horien jabeak. Bestalde, Erresuma Batuan gatazka egon da armagintza enpresek are mailegu gehiago nahi dituztelako. Horiek horrela, armagintza enpresak gobernua estutzen ibili dira haien jarduna gizarte gobernantzaren irizpideen barruan sar dezan. Sinetsarazi nahi dute haiena inbertsio sozioekologikoa dela, haien iritziz demokraziaren defentsan egiten delako, eta horrela enpresek errazago lor ditzaketelako maileguak.

«Autogintzaren trantsizioa defentsarantz egiten ari bada, hori inbertsio publikoa eta gobernuen dirua erakartzeko da. Diru publikoa da armagintzaren oinarria»

Europako estatuak asko handitzen ari dira defentsa aurrekontuak. Garai oparoak dira sektorearentzat.

NATOk eskatu du estatuek beren BPGaren %3,5 jar dezatela defentsa gasturako. Hori da, hain zuzen, AEBek gastatzen dutena, eta hor ikusten da NATOren helburua AEBei men egitea dela. Mozkinak hor daude, baina ez hori bakarrik, diru laguntzak ere jasotzen dituzte eta. Alegia, erosten dien bezeroak finantzatzen du ikerketa eta garapena. Adibide bat: BAE Systems armagintza enpresak 2.000 milioi libera gastatu zituen ikerketan 2022an, baina %14 bakarrik ordaindu zuen bere poltsikotik.

Euskal Herrian asko zabaldu da defentsa izan daitekeela krisian dauden sektoreetako enpresentzako irtenbidea; esaterako, autogintzarako. Zer iritzi duzu trantsizio posible horren inguruan?

Erantzuna argi dago, nire ustez. Armagintzan inbertitzea ez da ona hazkunde ekonomikorako, ezta enplegu estrategietarako ere. Izan ere, armagintzaren eta enplegu sorreraren arteko harremana hautsita dago. 1980ko hamarkadaz geroztik, asko handitu da Erresuma Batuak armagintzan eginiko inbertsioa, eta, hala ere, industria enpleguak erdira murriztu dira. Mundu osoan antzera gertatu da. AEBetan, 1985az geroztik Pentagonoaren aurrekontua 200.000 milioi dolar handitu da, eta tarte horretan bi milioi enplegu galdu dira AEBetako defentsa industrian: 3,2 milioi enplegutik 1,1era.

Herrialde hauek gehiago gastatzen ari dira, baina enplegu gutxiago sortzen dute. Xahuturiko euro bakoitzeko enplegu gutxien sortzen duten sektoreetako bat da. Ratio hori energia berriztagarriekin, osasunarekin, hezkuntzarekin eta beste batzuekin alderatzen badugu, sektore horiek enplegu gehiago sortzen dute inbertituriko euro bakoitzeko. Izan ere, armagintza oso garestia da, puntako teknologia da, eta ez dago batere argi trantsizio hori egiten baduzu autogintzako enpleguak hartu ahal izango dituen. Auzia argi dago: autogintzaren trantsizioa defentsarantz egiten bada, hori inbertsio publikoa eta gobernuen dirua erakartzeko da. Eta gobernu horiek ez dute zertan hori egin, hori hautu politiko bat baita.

«Armagintzaren sektoreak balio erantsi txikia sortzen du. Gerra hegazkin bat eraikitzen baduzu, eraikitzen dutenen esku eta haien inguruan gelditzen da diru guztia»

Sektorean gero eta teknologia gehiago dago, eta manufaktura gutxiago.

Hori da. Balio erantsi oso txikia sortzen du. Gerra hegazkin edo gerraontzi bat eraikitzen baduzu, eraikitzen dutenen esku eta haien inguruan gelditzen da diru guztia. Aldiz, tren sistema bat edo energia proiektu bat bultzatzen baduzu, gizartean uzten du arrastoa. Ekonomialari asko eztabaidatzen ari dira gai horretaz, ea gastu militarrak hazkundea sortzen duen ala ez.

Orduan, nola bideratu daiteke trantsizioa?

Erabaki politiko bat da. Aurrekontu hori armagintzarako erabili beharrean beste sektore batzuetara bideratuta. Esaterako, gobernu batek inbertsio handia egin dezake garraio publikoan, eta autogintza sektoreko ekoizpena horra bideratu. Erabaki politikoa dela erakutsi behar da, eta dirua armagintzara bideratzea ez dela saihetsezina.

Halako inbertsioak justifikatzeko arrazoirik ohikoenetako bat da armagintzan probatzen den hori gero arlo zibilerako erabil daitekeela. Zer iritzi duzu?

Argudio horrek ez du ez hanka ez buru. Ideia da proiektu militar bat finantzatu eta ondoren hamarkada batzuk barru agian eragin zibila izan dezakeela. Horretarako, zuzenean inbertitu dezakezu ikerketa zibilean: epe laburrean, eraginkorragoa da.

Khem Rogaly
Rogaly, elkarrizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Zure artikulu batean, armagintzaren eta krisi klimatikoaren arteko harremana aztertu duzu. Hain kutsatzailea al da?

Munduko isurien %5,5en jatorria da.

Asko da hori sektore bakarrarentzat.

Pila bat, hegazkingintzak eta ontzigintzak elkarrekin sortzen dituzten isuriak adina. Gainera, sektore hau ez da sartzen emisioen inguruko nazioarteko akordioetan: salbuetsita dago. 1997an, Kyotoko Protokoloa eztabaidatu zutenean, armagintza kanpoan utzi zuten. AEBek bultzatu zuten erabaki hori. Armagintza astuna oso zaila da deskarbonizatzen; erregai astunak erabiltzen ditu. Gastuarekin esan dudan gauza bera: isurien %50 NATOko herrialdek egiten dituzte, eta AEBetako armada erregai fosil gehien kontsumitzen duen instituzio publikoa da.

«CAFeko langileen protestak eta halako keinuak oso garrantzitsuak dira. Googlek AEBetako armadarekin sinaturiko akordio bat bertan behera utzi zuen langileen protestengatik»

LAB sindikatuak ekarri zaitu Euskal Herrira. Egoera honetan, zer egin dezake sindikatu batek? Nola azaldu egoera langileei?

Nik uste dut bi estrategia izan ditzakeela: bat erasora joz, eta beste bat defentsan. Esaterako, armagintzarako trantsizio hori egin nahi duten enpresen erabakien aurka egin dezake sindikatuak. Adibide bat: Volkgswagenek Osnabrucken (Alemania) duen konpainia, 2.300 langilekoa. Enpresak esan zuen Raphael armagintza konpainiarekin hizketan ari zela Israelgo Iron Dome defentsa sistemarentzat osagaiak ekoizteko, baina VWk jendaurrean esan du ezin duela pauso hori eman langileek ezetz esaten badute. Hor dute aukera sindikatuek.

Hori defentsa estrategia litzateke. Eta orain erasokoa azalduko dut. Izan ere, besterik gabe «ez» esaten badugu, litekeena da enpleguak galtzearen arriskuak sortzen duen larritasuna gailentzea; horregatik, aukera alternatiboak eman behar dira. Misilak egiteko erabiltzen diren fabrikak beste gauza asko eraikitzeko erabil daitezke. Sindikatuek bestelako planak diseinatu ditzakete gobernuek inbertsio militarra birbideratu dezaten.

CAF, Sidenor... Euskal Herrian, konpainia jakin batzuetako langileek beren enpresen jardun militarra salatu dute.

CAFeko langileek eginiko protesta oso garrantzitsua da. Iraganean ere ikusi ditugu eredu arrakastatsuak; esaterako, Googlen. Googlek kontratu bat sinatu zuen AEBetako armadarekin, haren teknologia garatu eta helburuak finkatzeko sistema hobetzeko. Langileek haren aurka protesta egin zuten, eta konpainiak bertan behera utzi zuen. Langilerik gabe ezin zen garatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA