Arrantzaren korapiloa, gero eta nahasiago

Hegaluze harrapaketa apalek eta hegalaburraren arrantzalekuak itxi izanak antxoaren krisia larriagotu die Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzaleei

2007ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Itsasoan ez da giro: antxoa ia-ia galzorian, hegaluzea ohi baino eskasago, eta, orain, ezin hegalaburra harrapatu. Urteroko hiru kosterarik garrantzitsuenekin arazoak dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek. Antxoa faltaren haritik piztu zen argi gorria baxurako 200 bat arrantzontzietan. Eta, 2005eko udaberritik hona, nabarmen larriagotu da sektorearen krisia. «Herrialde batzuen gehiegikeriengatik eta Europako Batzordearen utzikeriagatik», Gipuzkoako kofradien presidente Jaime Tejedorren arabera.

Azaldu du arrantzaren egoera orokorraren erakusgarri dela joan den astean hegalaburrarekin gertatutakoa. «Ez dago arrantza politikarik; politikak erabat baldintzatzen du arrantza». Hau da, «herrialde kideen interesak daude biomasaren ardurazko kudeaketaren gainetik». Gipuzkoako kofradien presidenteak gogor kritikatu du Brusela. «Bost axola zaio espezie horren eta besteen iraupena. Ez dio begiratzen itsasoan dagoen arrain kopuruari, herrialde jakin batzuek arrantzatu nahi duten kopuruari baizik».

Tejedorrek gaitzetsi du, zuzen esanda, «Frantziaren menpe» daudela unean uneko Arrantza komisarioak. «Txotxongiloak» dira eta «neurrigabeko harrapaketak» egiten uzten diote. Antxoari dagokionez, «berez zeuzkanak baino askoz tona gehiago» arrantzatu ditu herrialde horrek luzaroan. «Bizkaiko Golkoko kuota osoaren %10 dauka, baina %90 izango balu bezala ibili da, eta ia gu bezainbat arrantzatu du azkenean».

Antxoaren biomasak bi urte darama arrisku mailaren azpitik. Bruselak arrantzaldi esperimentala antolatu zuen udaberrian, espeziea pizteko arrautza, kume eta arrain heldu nahiko zeuden edo ez ikusteko. «Baina ikerketa zientifikoa behar zuena negozio bihurtu zen Frantziako ontzientzat». Harratutakoa saltzea baimendu zuen Europako Batzordeak. «Eskerrak handizkako saltzaile gehienek bizkarra eman zieten. Apenas salduko zituzten 100.000 kilo». Datuak datu, arrantza esperimentala «aurpegia zuritzeko aitzakia bezala» erabiltzea leporatu dio Bruselari.



«ADORE» FALTA. «Frantziaren arrastoan dabil, hegalaburraren kontura berriro ere argi geratu denez». Urte hasieran 16.779 tonako kuota ezarri zuen Europa osorako. «Eta Frantziako ontziei 5.494 eman zizkien, baina 9.000tik gora harrapatu dituzte. Eta eskerrak abuztuan utzi ziotela arrantzatzeari». Tejedorren hitzetan, «Arrantza komisarioak ez du gehiegizko arrantza eteteko adorerik izan».

Eta kaltetuenak Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzaleak izan dira, berriro. «Espainiak dauka hegalabur kuotarik handiena: 5.568 tona. Horietatik, 1.700 arrantzatu ohi ditugu guk. Aurten, gainera, Portugalen eta Greziaren esku aparteko tona batzuk jasoko ei genituen. Eta, hori gutxi balitz bezala, prezioek gora segitzen zuten». Uda hasieran 2,5 eurotan zegoen kiloa. Azken egunotan, berriz, 6 euroren bueltan ibili da. «Eskaintza sano murriztu da eta orain genuen irabazi politak lortzeko aukera».

Aukera galdua. Izan ere, espeziea «desagertzeko arriskuan» dagoela ohartarazi du Bruselak. Kolpe batez itxi ditu arrantzalekuak eta baliteke isunak ezartzea muga gainditu dutenei».

Tejedorrek, nolanahi ere, ez die nahikoa iritzi isunei. «Itsasoa husten ari da Frantzia. Ez ditu kuotak errespetatzen eta oso arrantza teknika oldarkorrak erabiltzen ditu». Gipuzkoako kofradien presidenteak uste du ustiapen eredu jasangarriak bultzatu beharko lituzkeela Bruselak eta, bestela ere, ez liokeela Frantziari nahi beste arrantzatzen utzi beharko. «Neurrigabe arrantzatzen dabiltzanak gu izango bagina, Frantzia ondo kexatuko zen, eta neurriak hartuko lituzke Europako Batzordeak».

Tejedorrek gogor kritikatu du Administrazioaren lana. Ez herrialde horretako gobernuarena. «Bere arrantzaleen interesak babesten ari da». Bruselarekin eta Espainiako Gobernuarekin dago haserre. «Madrilek ez gaitu behar bezala defendatzen». Eusko Jaurlaritzaz ere aritu da: «Eskumenik ia ez dauka, ahal duena egiten ari da». Ikuskapenak areagotzen, adibidez, legez kanpoko hegaluzeinportazioak eteteko.



HEGALUZETAN MAKAL. Besteak beste, merkataritza gune handiak kontrolatzen ari da. Helburu bi dauzkate ikuskapenek: inor ez dadila baliatu Bizkaiko Golkoko hegaluzearen izen onaz eta, bide batez, prezioak igoaraztea. Tejedorrek dio globalizatutako merkatu batean lehiatu behar dutela arrantzaleek, eta zaila dela legezko inportazioak murriztea. «Hori onar dezaket. Onar dezaket, halaber, inportatutako hegalaburra merkeago izatea eta kontserba enpresa askok hori erostea. Ezin onar dezaket, ordea, enpresa horiek hemengoa balitz bezala saltzea Txinan, Australian edo munduko beste edozein lekutan hartutako arraina».

Kanpotik ekarritako arraina 1,45 eurotan saltzen diete hornitzaileek kontserba enpresei. Bizkaiko Golkoko arrainagatik, berriz, 2,4 euro pagatzen ibili dira udan. «Duela 25 urteko prezio bera da hori». Kiloa, dena den, lau eurora heldu zen joan den astean. «Eskaintzaren murrizketagatik batez ere. Lau milioi kilo besterik ez duguharrapatu-iaz baino %50 gutxiago-, eta azken asteotan, gainera, abuztuan baino gutxiago arrantzatu dugu».

Sei milioi kilora heltzearekin ase geratuko zela azaldu du. Kezkaz begiratzen dio etorkizunari. Makal dabiltza hegaluzetan, halabeharrez utzi diote hegalaburraren kosterari, eta ez dakite hurrengo urtean antxoatan jardun ahal izango duten edo ez. «Bermeon eta Hondarribian bakarrik 200dik gora ontzi zeuden lehen. Orain, aldiz, 200 besterik ez daude Gipuzkoa eta Bizkaia osoan».

 

Jaurlaritza ere haserre Bruselarekin



Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak legez, Europako Batzordearekin oso haserre dago Eusko Jaurlaritza. «Bazekien hegalabur kuotaren oso gainetik zebiltzala Frantzia eta Italia, baina arrantzan segitzen utzi die». Nahiz eta Bruselak berak neurrigabeko harrapaketak saihesteko plan bat onartu urte hasieran. «Erruz areagotuko ei ziren kontrolak. Arrantzalekuak itxi beharrak, ordea, argi erakusten du porrot egin duela planak». Espainiako Gobernuak ere beste herrialde kide batzuen «gehiegikerien berri» bazuela salatu du Jaurlaritzak. «Garaiz ibili eta Bruselan salatu behar zuen hegalaburrarekin gertatzen ari zena. Geldi geratu da, ordea». Espero du Europako Batzordeak gogor zigortzea kuotak errespetatu ez dituzten herrialdeak. «Tresnak badauzka, eta zerbait egin behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.