Krisi giroa itzuli ahala, hemen da berriro aurreko krisiaren zoritxarreko protagonistetako bat: arrisku saria. Hau da, nolako aldea dagoen Alemaniak bere hamar urteko zorraren truke ordaindu behar duen interesaren eta besteek ordaindu behar dutenaren artean.
Berez, Alemaniaren zor publikoa garestitu egin da azken egunotan. Erlatiboa da garestitze hori, interes negatiboetan ari baita bund-a: inbertitzaileak %0,3ko interesa ordaintzen ari dira Alemaniari bere hamar urteko zorraren truke.
Baina positiboan daude beste herrialdeak, eta gero eta positiboago. Koronabirusaren krisiaren erdigunea Italian dago orain, eta han ari da gehiago garestitzen arrisku saria. Otsaileko azken astetik, gainera zetorkiona ikusten ari zenetik, 135etik 275era handitu da arrisku saria. Hau da, interesetan ia puntu eta erdi handitu dela interes tasa. Berez, bigarren merkatuetako kotizazioa da hori, hau da, zorra erosi dutenen arteko salerosketaren prezioa, baina erreferentzia gisa balio izaten du geroago, estatu batek merkatuetara jotzen duenean.
Zorraren garestitzea oso arazo handia da Italiarentzat: birusaren aurretik ere atzeraldiaren ertzean zegoen, eta BPGaren %135 zorra du, bi bilioi eurotik gora.
Italiaren ondoren, Espainia da bigarren foku nagusia, eta hango zorra ere garestitzen ari da. Arrisku saria 150 puntura heldu da gaur goizean, 2017ko apirilaz geroztik ikusi gabeko prezio batean.