Kalkulagailua dantzan jarri beharko dute euskal erakundeek kontuak orekatzeko. Gipuzkoak egin zuen gisara, Arabak ere gastu publikoa murriztuko duela iragarri du, zerga bilketa ahularekin ez delako aski izango aurtengo gastu aurrekontua estaltzeko. Aurrekontu propioan 100 milioi euroko zuloa aurkitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta 40 milioi eurokoa Arabakoak.
Nola sortu da arazoa? Erantzuna 2010. urteko urrian egindako Finantzen Euskal Kontseiluan bilatu behar da. Batzar horretan urteko bilketaren itxiera eta 2011. urterako aurreikuspena hitzartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek. Guztien artean aurten 12.500 milioi euro bilduko zituztela kalkulatu zuten. 2010. urteko itxieran espero zen kopuruarekin alderatuz gero, hazkunde nabarmena zen: 700 milioi gehiago, hain zuzen ere.
Aurreikuspena erabakigarria da, horren arabera kalkulatzen dituztelako administrazioek euren gastu eta diru sarrerak. Alegia, Finantzen Kontseiluaren erabakian oinarritzen dira aurrekontuak prestatzeko. Era berean, zerga bilketak ezaugarri bereziak ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, arriskua partekatzen delako. Administrazio batek ez dituenean aurreikuspenak betetzen, beste guztietan eragina du, eta baten emaitzak oso onak direnean, guztien mesederako da.
Baina zerga bilketak ez du izan espero zen bultzada. Aldiz, ekaina arte %3 erori da, BEZaren eta sozietate zergaren ahuldadearen eraginez. Arabak eta Gipuzkoak uztaila arte jasotakoa nahiz urte amaierara arte espero dutena berrikusi dute, eta ondorio bera atera dute: aurrekontuan agertzen den diru kopurua lortzetik urrun geratuko dira. Are gehiago, bilketak ez du iazkoa gaindituko, hazkunde nabarmena iragarri zen arren.
Arabaren eta Gipuzkoaren artean espero zutena baino 543 milioi euro gutxiago bilduko dituztela kalkulatu dute —Arabak 207 eta Gipuzkoak 336—. Bizkaiak ez du oraingoz urte osorako aurreikuspenik eman, baina ekaina arte ez da besteak baino hobeto ibili, eta %5,5 erori da bilketa. Bizkaiaren azkeneko jaitsiera beste ogasunen antzekoa bada, aurreikusitakoaren eta bildutakoaren arteko tartea mila milioi euro baino handiagokoa izan liteke guztira.
Zuloa erakunde guztiei dagokie, kupoa kitatu ondotik aldundiek bildutako diruaren %70 Eusko Jaurlaritzaren eskuetan uzten dutelako, eskumen komunak ordaintzeko. Hots, 1.000 milioi euro gutxiago geratzen badira banatzeko, 700 milioiko zuloa geratuko zaio Patxi Lopezen gobernuari, aurrekontu osoaren %6,6.
Bilketaren emaitzek iradokitzen dute ekonomiaren hazkundea ez dela uste zena bezain sendoa izango, eta, mundu osoan gertatu den gisara, susperraldiaren erritmoa moteldu dela. 2011 urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinak (BPG) %1,4 handitzea da Jaurlaritzaren azken aurreikuspena. Lehen hiruhilekoan urte arteko hazkunde tasa %0,9 izan zen, eta datorren astean jakinaraziko du Eustatek bigarren hiruhilekoari dagokiona. Jaurlaritzak %1,2ko hazkundea espero du apirila eta ekaina bitartean.
Zuhurtzia gutxi
Hitz ezberdinak erabili badituzte ere, zuhurtzia falta kritikatzerakoan bat egin dute Arabak eta Gipuzkoak. Finantzen Euskal Kontseiluaren aurreikuspenak ez zirela errealistak izan uste du Jose Zurita Arabako Ogasun ahaldunak. Bezperan, ardura falta horri kopuruak eman zizkion Helena Franco Gipuzkoako Ogasuneko ahaldunak. «Bilketa %7 haziko zela erabaki zuten, teknikariek %4 jartzea gomendatzen ari ziren bitartean».
Esparru politikoan isla duten kritikak dira. Izan ere, Finantzen Kontseiluko akordioa PSE-EEk eta EAJk hitzartu zuten, eta ardura faltaren salaketa Gipuzkoako gobernutik egin du Bilduk, eta Arabakotik PPk. Egin ziren kalkuluetan ardurarik ez duten bi alderdiek. Polemika areagotzeko bidea ere badago. Izan ere, heldu den urriaren 15ean urteko zerga bilketaren itxiera adosteko bilera du Kontseiluak. Lau alderdiek ordezkaritza dute, eta, datu txarrak ikusita, eztabaida garratza izan liteke.
Bilketaren helburuak ez betetzeaz gain, ogasunek beste buruhauste bat badute. Auzitegi Gorenak egindako ebazpenari jarraituz, 435 milioi euro ordaindu behar diote Espainiako Ogasunari, Rover kasua dela-eta. Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu nahi du Zapateroren gobernuarekin, ordainketa 2012 eta 2013 urteetara atzeratzeko. Haatik, oraindik ez du ezer lortu, eta honezkero Espainia kupotik dirua atxikitzen ari dela ohartarazi du Gipuzkoak. Orain arte 24 milioi euro kendu dizkietela zehaztu zuen Francok, gutxi gora behera Gipuzkoari dagokion partearen erdia. Arabak oraindik ere akordioa lortzea espero du, baina ordainketa osoa aurten egiteak eragin «itzela» lukeela aitortu du.
Zorpetzeari ez
Bilketak ustekabean gora egiten ez badu, alternatiba gutxi geratuko zaizkie administrazioei. Aurrekontuan gastatu gabe dauden partidak aurreztea edo zorpetzea handitzea erabaki behar dute. Arabak eta Gipuzkoak zor publiko gehiago jaulkitzea baztertu dutenez, artaziak atera beharko dituzte kontuak orekatzeko.
Gipuzkoari dagokionez, abian jarri gabe dauden inbertsioak atzeratzeko asmoa du, errepideak eta bidegorriak batez ere. Nagusienak Irungo eta Zarauzko saihesbideak eta Hernanikoaren zenbait zati dira. Hala eta guztiz ere, murrizketa horiekin ez dela aski izango aurreratu zuen Francok. Aurreko ahaldun nagusiak, Markel Olanok, zalantzan jarri ditu Francoren datuak.
Arabak, berriz, 40 milioi euro gutxiago izango ditu eskura gastatzeko. Dirua nondik kendu erabaki baino lehen, Batzar Nagusietan agerraldia eskatuko du Jose Zurita Ogasun ahaldun berriak, egoera ekonomikoaren berri eman, eta «ahal dela» adostutako irtenbideak bilatzeko, «konponbideak beharko ditugulako». Hori bai, Javier De Andres popularraren gobernuak bi alor edozein murrizketatik kanpo utziko dituela ziurtatu zuen: gastu soziala eta enplegurako laguntzak.
Xabier Agirre jeltzalearen gobernuak aurrekontuaren %84 ordainduta edo hitzartuta utzi zuen kargua utzi baino lehen. Gastu propioetarako 611 milioiko aurrekontua du 2011erako aldundiak, eta ia 100 milioi bideratu gabe ditu. PPk agintea hartu du ondoren, eta egoera ekonomikoa onbideratzeko aukera «mugatua» utzi diotela uste badu ere, EAJk azken gastu batzuk baimendu aurretik izandako jarrera «kontserbadorea» eskertu zuen Zuritak.
Zuloa estaltzeko zorpetzeari heldu behar ez izatea nahiago luke Foru Gobernuak. Aurten, 64 milioi euroko zorra jaulkitzeko baimena ematen diote aurrekontuek, eta finantza erakunde batzuen artean arazorik gabe saltzea espero du. Urte amaieran aldundiaren zor bizia 353 milioi eurokoa izango da. Baztertu badu ere, zorpetze eta defizit egoera ez litzateke traba izango zor gehiago atera ahal izateko. Hori bai, Batzar Nagusien baimena beharko luke horretarako, aurrekontu oreka eztabaidaren erdian jarri den momentuan.
Datozen asteotan beste administrazio batzuk ere Arabak eta Gipuzkoak ireki duten bideari jarraitzea posible da. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, uda aurretik iragarri zuen gastua zenbait alorretan jaisteko borondatea, xehetasunik eman gabe. Funtzionarioen soldatak, gizarte politikak eta enpresei laguntzak ez zituela ukituko ziurtatu zuen Lopezen gobernuak, edonola ere.
Bizkaiari dagokionez, ahaldun nagusi kargua hartzeko ekitaldian departamendu bakoitzaren gastuak berrikusteko asmoa aurreratu zuen Jose Luis Bilbaok. Horren helburua aurrezki gordina handitzea litzateke, inbertsio produktibora zuzendu eta zorpetzeko beharra gutxitzeko.
Artazientzako garaia
Gipuzkoak egin duen gisara, murrizketak iragarri ditu Arabak, zerga bilketa ahula ez delako aurrekontua orekatzeko aski izangoIaz egindako aurreikuspen eskuzabalek zuloa eragingo dute euskal erakundeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu