Bost greba egun antolatu dituzte ELAk, LABek eta CCOOk Gipuzkoako arte grafikoetako enpresetan. Atzo izan zen horietako lehena, eta sindikatuak oso gustura daude jasotako erantzunarekin. Haien arabera, %90eko erantzuna izan zuen protestak.
Lan hitzarmenak sortu du langileen haserrea. Negoziazio mahaian, besteak beste, soldatak izoztea, lanaldia 59 ordu igotzea, antzinatasunaren eta gaixotasun arrunten osagarriak kentzea eta malgutasuna 120 ordura igotzea proposatu du Adegi patronalak. Neurriak salatzeko erabaki dute sindikatuek grebak antolatzea.
Gaur izango da bigarrena. 09:00etan elkarretaratzea egingo dute Usurbilgo Urbil merkataritza gunean, eta 11:00etan Tolosako Triangelu plazan izango da protesta. Hurrengo greba egunak ekainaren 3an, 17an eta 18an izango dira.
Metaleko lehen greba
Dena den,ez dira arte grafikoetako langileak gaur lanera joango ez diren bakarrak. Metalgintza sektorea ere grebara deituta dago. Bi deialdi daude. Alde batetik, ELAk eta LABek antolatutakoa, eta bestetik CCOOrena. Lehen biek manifestazioa egingo dute 11:30ean, Donostiako Bulebarretik hasita. Beste hiru greba egun ere antolatu dituzte. Ekainaren4an, 10ean eta 11n izango dira. CCOOk ez du manifestaziorik egingo gaur, eta haren hurrengo greba ere ekainaren 10ean izango da. UGT ere greba egitekoa zen, baina atzera egin du.
Arte grafikoetako grebak %90eko erantzuna izan du, sindikatuen arabera
Gaur da bigarren greba, eta Urbil merkataritza gunean eta Tolosako Triangelu plazan egingo dituzte protestak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu