Arteche-Nissin lantegi berriak ehun lanpostu sortuko ditu Gasteizen

Lau milioi euroko inbertsio baten ondotik, urtean hamabost milioi euroko fakturazioa emango duela espero duteBeste proiektu batzuk aztertuko dituzte Bizkaiko taldeak eta Japoniako konpainiak

Arteche-Nissineko langile bat, bobina bat prestatzen. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Japonian bilatu ditu aliatuak Bizkaiko Arteche taldeak negozioa zabaltzeko. Atzo inauguratu zuten Artechek eta Nissin Electricek Gasteizen elkarrekin sortu duten lantegi berria. Gasarekin isolatutako azpiestazio elektrikoetan (GIS) erabiliko diren transformadoreak ekoitziko dituzte lantokian, eta bete-betean martxan jartzen denean ehun lanpostu sortuko dituela iragarri dute, 60 zuzenak eta beste 40 zeharkakoak.

Arteche taldeak atzerrian zenbait lantegi ditu, baina Arabakoa izan da Euskal Herrian Bizkaitik kanpo jarri duen lehenbizikoa. Jundiz industrialdean dago. Europa osoan soilik beste hiru enpresak — tartean, Siemens eta ABB— ekoizten dituzte Gasteizen egingo direnen antzeko transformadoreak.

Negozio eremu berri horretan sartzeko, Nissin Electric bazkide bihurtu du Artechek. Japoniako enpresa horrek ehun urteko ibilbidea du, eta arlo teknologikoan egin dio proiektuari ekarpen nagusiena. Artechek, berriz, administrazioa eta bezero sarea jarriko ditu. Izan ere, Nissin Electricek ez du Europan presentziarik, eta Gasteizko lantegiak merkatu horretako ateak zabalduko dizkio.

Guztira lau milioi euroko inbertsioa egin dute proiektua aurrera ateratzeko. Diru gehiena aktibo finkoak martxan jartzeko erabili da. Alde batetik, transformadoreak probatzeko laborategi berritzaile bat, eta, bestetik, transformadoreak muntatzeko areto garbi bat.

Gasarekin blindatutako azpiestazio elektrikoak ez dira berriak. Bilbon, esaterako, bada orain dela 40 urte jarritako baten bat. Hala ere, horiek jartzeko aukerak eta interesak gora egin du azken urteotan, batez ere hiriguneetan.

Ohiko azpiestazio elektrikoak aire zabalean egon ohi dira, eta orube handiak behar izaten dituzte. Arteche-Nissinen produktuek helburu dituzten azpiestazioak, aldiz, lur azpian koka daitezke, eta espazioaren hamarren bat baino gutxiago hartzen dute. Erabiltzen duten teknologia garestiagoa da, baina aire zabalekoek baino mantentze lan gutxiago behar izaten dute.

Urtean, 2.000 transformadore

Gasteizko lantegitik urtean 2.000 transformadore aterako dira, eta hamabost milioi euroko fakturazioa gehituko diete enpresei. Jabetzaren %60 izango du proiektuan Artechek. Bizkaiko taldeak 270 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, eta aurten 310 milioi eurora iristea espero du. Energia sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko produktuak egiten ditu, eta 2.100 langile ditu. Amerikan eta Asian lantegiak ditu, gainera.

Lantokiaren aurkezpenean bi enpresetako presidenteak egon ziren. Jose Javier Artetxek eta Yoshikazu Amanok, gainera, aurrera begira lankidetza eremuak handitzeko eta beste negozio ildo batzuei heltzeko borondatea dutela aurreratu zuten. «Lantegia lehen urrats serioa da. Orain elkar ezagutzan sakondu behar dugu, baina nahiko enpresa osagarriak gara, eta hori baliatzen saiatuko gara», laburbildu zuen Artetxek.

Nissin Electriceko buruzagiak ere akordioa goratu zuen, eta Arteche «kalitate handiko» enpresatzat daukatela azpimarratu zuen. Energia eta argindar sektoreetan aritzen da Nissin. Besteak beste, GIS sistemak garatzen liderra da Asian, eta mundu osoan berak egindako 20.000 transformadore lanean ditu. Konpainiak 4.400 langile ditu, eta presentzia zabala du munduan, batez ere Asian. Iazko urte fiskalean 787 milioi euroren diru sarrerak izan zituen.

Ekitaldian, besteak beste, Bernabe Unda Industria sailburua, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia eta Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea egon ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.