Marrazoak, artisau garagardoen itsasoan

Garagardo ekoizle handiak artisau markak bereganatzen ari dira, haien eskuetan galdutako merkatu kuota berreskuratzeko. Artisau garagardoen kontsumoak goia jo zuen pandemiaren ostean, eta orain apur bat txikitu da.

Kopa bat garagardo, artxiboko irudi batean. JAVIER BELVER / EFE
Kopa bat garagardo, artxiboko irudi batean. JAVIER BELVER / EFE
Kerman Garralda
2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Garagardoen merkatua ez da saltokietako apalategiei eta tabernetako barrei begira irudi lezakeen bezain koloretsua. Marka gehienak esku bakarrarekin zenbatu daitezkeen korporazio erraldoien parte dira. Oligopolio hori puskatzen saiatu dira garagardogile artisauak; erruz ugaldu dira azken hogei urteetan, baina orain beren arrakasta txikiaren biktima dira: marrazoak itsasoan bezala, handiak txikiak jaten ari dira, galdutako merkatu kuota berreskuratzeko. 

AEBetan hasi zen garagardogile artisauen pizkundea, eta han hasi ziren multinazionalak beren sareak hedatzen. Ospetsuenetako bat izan zen Goose Island ekoizlearena: Chicagoko garagardogilea 2011n erosi zuen AB InBev multinazional belgikar-estatubatuarrak (Budweiser, Corona, Stella Artois...).

Euskal Herrian, antzeko lehen operazioa 2015ean iritsi zen, Espainiako Mahou San Miguelek Bilboko La Salveren %25 erosi zuenean. Orduz gero, bere parte hartzea handitu du. Eta duela hilabete eskas zabaldu zen Hijos de Riverak, besteak beste Estrella Galiciaren merkaturatzaileak, gauza bera egin zuela Basqueland Hernaniko garagardogile artisauarekin.

«Bezeroa sibaritagoa da. Garagardo bakar bat nahi du, eta gozatu egin nahi du. Horregatik, kalitatea bilatzen du, eta artisauek lortu dute garagardo onaren ospea»

DAVID DE MATIASEkonomialaria

Txomin Onandia garagardo ekoizlea eta David de Matias ekonomialaria bat datoz: operazioen motibazioa ekonomikoa da. «Europako garagardogintzaren sektorea nahiko merkatu lehiakorra da, eta enpresak ahalik eta kuotarik handiena lortzen saiatzen dira, elkarren artean bereiziz. Horretarako, prezioekin eta produktuen barietatearekin jokatzen dute. Hain lepo dagoen merkatu horri duela urte askotatik ezarritako erregionalizazioa eta sustraitzea gehitzen bazaizkio, eta kontsumitzaileek kalitatezko garagardo bat eskatzen badute, etengabeko borroka bihurtzen da», sakondu du De Matiasek. Europako garagardogintza sektorea aztertu du, artisau garagardoen ikuspegitik. «Zapore eta kontsumitzaile berriak dira garagardoaren merkatuaren indar sustatzaile nagusietako batzuk. Garagardo bati zapore berriak gehituta, fabrikatzaileak edale berriak erakartzen saiatzen dira, garagardoaren merkatua zabalduz».

Artisau garagardoaren zapore indartsuan topatu dute bidea. Era industrialean ekoitzitako garagardoek kantitatea lehenesten dute, kalitatearen kaltetan. «Horrek asko mugatzen du zaporea», nabarmendu du Onandiak; artisauek, aldiz, zaporea hobesten dute, ekoizpena txikiagoa izan arren. «Bateragarriak dira. Jendeak aukera dezala».

Basqueland
Basquelandeko eta Hijos de Riverako arduradunak, erosketaren berri ematen, apirilean, Hernanin. BERRIA

Estrella Galiciak eta Basquelandek, salerosketaren berri eman zutenean, azpimarratu zuten artisau markak ez zuela aldaketarik jasango. Hernaniko (Gipuzkoa) lantegian ohiko eran ekoizten jarraituko dutela eta eskaintzari eutsiko diotela esan zuten. «Pastelaren zati bat nahi dute, artisauen merkatuan egon», iritzi du Onandiak. «Euskal Herrian daukagun merkatua duela urte batzuk Estatu Batuetan zegoena da. Garagardo industrialek erabateko kontrola zeukaten, baina txikiak joan dira jan eta jan. Konturatu orduko, asko jan diete. Nire ustez, hemen hori saihestu nahi dute, txikiek lekua hartzea».

Herri bat, garagardo bat

Onandia Garagart ekoiztetxeko bazkideetako bat da. Kezkatuta dago ekoizle handien iritsierarekin, kalte egiten baitie. «Sekulako ahalmen ekonomikoa dute. Ezin gara haiekin lehiatu». Halere, hazteko abagunea ere izan daitekeela iruditzen zaio: «Artisau garagardoek edo ezberdinagoek presentzia handiagoa hartzen badute eta guk ondo jokatzen badugu, mesede egin diezaguke. Egoera baliatu dezakegu gure produktuak ezagutarazteko».

Artisau garagardoen merkatua «egoera zailean» dago De Matiasen arabera. Pandemiaren ostean, hazkundeak geldialdia izan zuen, eta azken urteetan ekoizpen eta salmenta bolumenak apur bat apaldu ere egin direla dio Espainiako Garagardo Sektorearen azken txosten sozioekonomikoak. «Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta geroz eta gutxiago edaten da. Alkoholik gabeko garagardoak, adibidez, gora eta gora ari dira». Onandiak berretsi egin ditu datuak.

«Artisau garagardoek presentzia handiagoa hartzen badute eta guk ondo jokatzen badugu, mesede egin diezaguke. Egoera baliatu dezakegu gure produktuak ezagutarazteko» 

TXOMIN ONANDIA Garagart garagardoen ekoizlea

Gainera, garagardoaren kontsumoa tabernetatik etxeetara ari da aldatzen. «Bezeroa sibaritagoa da. Garagardo bakar bat nahi du, eta gozatu egin nahi du. Horregatik, kalitatea bilatzen du, eta artisauek lortu dute garagardo onaren ospea», esan du Matiasek. Uste du garagardoa latetan eta botiletan saltzeko bideak dituzten ekoizleek eutsiko diotela, baina txikienetan txikienek sufritu egingo dutela.

Tokikoaren aldeko apustu «argia» egin behar dela sinetsita dago Onandia. «Asko jo zen kanpora, ahalik eta toki gehienetan saltzera, eta nik uste dut joerak kontrakoa izan behar duela. Bakoitza ahalegindu dadila bere inguruan erreferente bilakatzen. Nolabait, herri bakoitzak izan dezala bere garagardoa».

Era berean, artisau ekoizleek garagardo estilo ezberdinak egin behar dituztela esan du: «Horrenbeste jo dugu IPA motara, jendeak artisau garagardoa IPArekin lotzen du. Ez da horrela. Pilsenak edo bestelako estilo klasikoagoak ere egin daitezke. Aniztasuna behar dugu».

la Salvek inoiz baino gehiago saldu du

Datu «historikoak» izan zituen La Salvek iaz, urteko balantzean adierazi zutenez. Lehen aldiz, bost milioi litro saldu zituen, eta horietatik %85, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi milioi garagar baino gehiago erabili zituzten, eta denak Araban landatutakoak izan ziren. Aurtengorako aurreikuspenak are hobeak dira, eta ia hiru milioi garagarrera iritsiko direla kalkulatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.