Administrazioa. Defizit muga

Asimetria, Montoro erara

Aurreko urteetan defizitaren helburua bete ez duten erkidegoei muga malgutu die, eta gainerakoei muga zorrotzagoa ezarriRicardo Gatzagaetxebarria ez da izan Zerga Politikaren Kontseiluan; Goikoetxea, bai

joxerra senar
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitu da kafea guztientzat formula. Aurreko urteetan, Espainiako Gobernuak autonomia erkidego guztiei, Hego Euskal Herriko bi gobernuei barne, defizitaren muga berbera ezarri zien, baina hori jada bukatu da. Erkidego bakoitzak bere defizit muga izango du, baina aurrekontuei begira hain erabakigarria den portzentaje hori Espainiako Gobernuak inposatuko du. Hartara, aurten behinik behin, defizit asimetrikoa nagusituko da Espainian. Asimetria, Montoro erara.

Atzo arratsaldean zehaztu ziren defizitaren mugak, autonomia erkidegoetako Finantza kontseilarien eta Espainiako Ekonomia Ministerioko ordezkaritzaen artean. Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluan Nafarroako Gobernua baino ez zen egon. Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, azkenik, ez zen joan bilerara.

Begiruneagatik, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak herenegun bilerara joateko borondatea adierazi bazuen ere, azkenik Ogasun sailburua ez da bertaratu. «Hori ez da gure foroa», nabarmendu dute Jaurlaritzako iturriek. Kontzertu ekonomikoaizaki, estatuarekin zehaztu beharreko finantza harremanak Espainiako Gobernuarekin negoziatu behar ditu Eusko Jaularitzak. Datozen egunetan hitz egiten jarraituko dutela gaineratu dute iturriek. Dena den, atzoko emaitzaren inguruan, ikusteko dago orain Jaurlaritzak zer ahalmen izango duen Madrilgo gobernuari bere borondatea tolesteko.

Gauza bera esan daiteke Nafarroako Gobernuaz. Lourdes Goikoetxea izan zen kontseiluan, eta Jaurlaritzaren modura, Nafarroako Gobernuak bi aldeko negoziazioa eskatzen du. Atzo behinik behin, kontseiluan abstenitu egin zen.

Agendan, letra gorriz markatutako hitzordua zuten erregimen orokorreko gainerako erkidego guztiek. Iaz, %1,5eko muga izan zuten, eta urte honetarako hasiera batean %0,7ko muga jarri zen. Haatik, Europako Batasunak Espainiari defizitaren muga malgutuondoren, apirilean Montorok %1,2ra igo zuen helburua. Ekainean, berriz, %1,3ra igo zen muga, baina marra hori hamazazpi erkidegoak osotasunean hartuta baino ez zen izango. Batez besteko bat baino ez zen, alegia.

Hala, estreinakoz Espainiako Gobernuak erkidego batzuei defizitaren muga arinagoa eta beste batzuei zorrotzagoa ezartzeko aukerari ateak ireki zizkion, eta horrek aizto dantza ekarri du erkidegoen artean. Zein irizpidenagusituko zen muga zehazterakoan: orain arte, defizitaren muga txukun bete duten erkidegoak sarituko ziren, ala kontu publikoak desorekatuagoak dituzten eta sakrifizio handiagoak egin behar izan dituzten erkidegoak sarituko ziren, ikasle finen kaltetan? Kataluniak irekitako erronka politikoaren aldagaiak ezbaia are gehiago zaildu zezakeen.

Atzoko kontseiluak elkarrizketa itxura hartu arren, Espainiako Gobernuaren hitza eta erabakia nagusitu dira. Azkenik, estatuak esku hartutako erkidegoen mesedetan jokatu du gobernuak eta horiei malgutasun handiagoa ezarri die; aldiz, 2013ra arteko defizitaren mugak bete dituzten erkidegoei helburu zorrotzagoak eskatu dizkie. Dena den, irizpide horrek ez ditu gogobete erkidego nagusiak. Kataluniak, Madrilek, Kanariar Uharteak eta Asturiasek kontra bozkatu dute. Nafarroa, Andaluzia, Aragoi eta Extremadura abstenitu egin dira eta Jaurlaritza bertan ez dela egon aintzat hartuz gero, gainerako zortziek alde bozkatu dute.

Kontra bozkatu dutenen artean bi erkidego nabarmentzen dira. Bata, jakina, Katalunia da. Nahiz eta %1,3tik gorako defizit muga lortu, Generalitateak defizit handiago eskatzen zuen: %2,1ekoa. Kataluniako alderdigehienek diote estatuari zerga bidez urtero egiten dioten diru ekarpena inbertsioetan jasotzen dutena baino nabarmen handiagoa dela, eta urtez urte pilatzen doan defizit hori ez balego askoz egoera hobean leudekeela Katalunian. Defizit handiagoaren eskaera ez du aintzat hartu Montorok, eta %1,58koa izatea ahalbidetu dio. BPGaren %0,5eko aldeak txikia dirudi, baina dirutan mila milioi euro dira.

«Meseta vs Mediterraneoa»

Nahiz eta orain 3.000 milioi euroko defizita izateko baimena izan, Andreu Mas-Colell Ekonomia sailburua etsita azaldu da. «Uniformetasunak arrazionaltasunari irabazi dio. Espainiako meseta Mediterraneoari gailendu zaio». Haren ustez, defizit publikoa bere osotasunean hartuta, erkidegoek estatuko administrazio orokorrak baino esfortzu handiago egin behar dute.

Madril ere kexu azaldu da. Nahiz eta PPk gobernatutako erkidegoa izan, ez du erreparorik izan exekutiboaren irizpidea kritikatzeko. Izan ere, Madrili %1,07ko defizita ezarri dio Montorok, %1,3koaren azpitik. Enrique Ossorio Madrilgo Ekonomia kontseilariak ez du ulergarritzat jo: «Akordioak aurreko urteetan helburuak bete ez dituen erkidegoak saritzen ditu eta helburua bete duena zigortzen du. Esfortzu handiak egin ditugu, eta ezin dugu onartu esfortzua zigortu izana».

Montoro, ordea, pozarren zegoen, eta ezarritako helburu asimetrikoak «errealistak eta lorgarriak» direla deritzo. Ukatu egin du Kataluniaren posizio politikoak eragina izan duela bere erabakian. «Helburua ez da Kataluniarentzat ezarri, erkidego guztientzat baizik». Orain bakarrik falta da ikustea Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere %1,3tik beherako helburua inposatzen ote dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.