Duela hamar egun eskas, ASML Europako konpainia baliotsuena bihurtu da merkatuko kapitalizazioan, SAP konpainia gaindituta. Txipak egiteko makinak fabrikatzen ditu ASMLk, eta Herbehereetakoa da. SAP, berriz, Alemaniako software konpainia erraldoia da, nola ez, adimen artifizialean ere sartuta dagoena.
Gorabeherak ohikoak dira burtsetan, baina lehen postu horrek erakusten du zenbaterainoko indarra hartu duen munduan mikrotxipen sektoreak, eta, hain zuzen, adimen artifiziala da bultzada horren oinarri nagusia.
Adimen artifiziala entrenatzeko ordenagailuek, inferentziaren zabalkundeak, datu zentroen ugalketak... horiek guztiek ziurtatzen dute txip eskaririk ez dela faltako. Eta txipak egiteko makineriaren beharra ere izango da. Txip aurreratuenak fabrikatzeko makina aurreratuenak egiten, gainera, munduan bakarra da ASML.
Dena den, aditu askoren ustez, bada beste arrazoi bat ASMLren burtsako balioak gora egiteko: hark Mistral Frantziako start-up-ean egin duen 1.300 milioi euroko inbertsioa.
Bitxia gerta daiteke askorentzat hardware konpainia bat adimen artifizial generatiboarekin lotzea, baina ASMLren arabera, bere prozesu guztiak blaitu nahi ditu adimen artifizialarekin.

Egia da, era berean, bereak bezalako makinak garatu eta egiteko, ehunka milioi dolar ordaintzen dituzten bezeroei eusteko, beste konpainiek bezala, ASMLk ezinbestekoa duela arriskuak hartzea, mugitzea, berrikuntzan aztarrika.
Bide horretan, itxura guztien arabera, ASMLren eta Mistralen aliantzatik aplikazio industrialetarako adimen artifizialaren garapena etorriko da. Eta, horrela, Mistralek, ezinbesteko dirua lortzeaz gain, izkin egin ahalko dio kontsumorako txatboten lasterketan sartzeari, jada urrun baitauzka lehiakide handiak, Open AI eta Anthropic AEBetako erraldoiak.
Europaren apustua
Azken hilabeteetan zurrumurruak zeuden, omen, Applek Mistral erosi nahi zuela. Europako bi konpainia horien arteko aliantza berri honek, ordea, eragotzi egingo du operazio hori, eta lasaigarri handia izan da Bruselarentzat, Parisentzat eta Europaren burujabetza teknologikoa aldarrikatzen dutenentzat.
Gainera, albistea garai egokian dator, gero eta agerikoagoa baita zenbaterainokoa den AEBetako erraldoi teknologikoekiko menpekotasuna, eta argiagoak baitira horren arriskuak, Donald Trumpek mamituta.
Oraindik asko falta zaio Europari burujabetza teknologiko hori erdiesteko, Batasunak ez dauka nahikoa potentzia informatikorik, energia azpiegiturarik, ezta txip fabrikatzaile handirik ere. Ezta, oraindik ere, beharrezko dirutzarik jarrita horretan. Ikusiko da hori aldatzeko Bruselaren promesak betetzen ote diren, baina ASML-Mistral aliantza urrats esanguratsua izan daiteke bidean.

MUNDUKO MAKINArik KONPLEXUENA
ASMLren harribitxia 150.000 kiloko makinatzarra da; hamalau metro luze da, lau metro zabal eta garai, eta hitz teknikoz zipriztindutako izena du: muturreko argi ultramoreko (UEV) litografiarako zenbakizko irekidura (NA) handiko sistema.
Prezioan ere ikusgarria da gailua: 350 milioi euro makina bakoitza. Orain arte sei gailu egin ditu Herbehereetako konpainiak; besteak beste, Intelentzat, TSMCrentzat eta Samsungentzat.
Eta zertarako da makina hori? Moore-ren Legea betetzen jarraitzeko modua da. Lege horrek —proiekzio bat da berez— iragartzen du bi urtean behin transistoreen kopurua bikoiztuz doala zirkuitu integratu (txip) berrietan. Iragarpen hori bete egin da orain arte, eta transistore gero eta gehiago zituzten txipak sortuz joan dira; horrek bide eman dio konputazio ahalmenaren eta berrikuntza teknologikoaren hazkunde esponentzialari. Eta bai, gailu —ordenagailu, smartphone...— txikiagoei ere bai.
Baina fisikaren legeak hor daude, eta Mooreren proiekzioaren muga izango dira: noraino txikitu daitezke txipetako transistoreak? Txipak egiteko makinen egileak muga horretatik hurbil ari dira, eta hurbilen ASML, muturreko argi ultramorearekin.
Aurreko belaunaldiko makinek argi ultramore sakona erabiltzen dute (DUV), 193 nanometroko uhin luzerakoa. Hori gainditzeko, siliziozko olatetan eremu are txikiagoak inprimatzeko modua muturreko ultramorea da, 13,5 nanometroko uhin luzerako argia. Eta teknologia horretakoak dira gaur egungo makinarik aurreratuenak.
Horiek lortzeko, izugarrizko erronka teknologikoak gainditu dituzte, eta erronka nagusia argia bera da. Muturreko argi ultramorea erraz xurgatzen du inguruak, eta, beraz, hutsean erabili behar da. UVE argia sortzea ere ez da erraza.
ASMLren makinak laser bidezko plasmak erabiltzen ditu argi hori sortzeko: aho batetik ateratzen diren eztainu tantatxoak —50.000 segundoko— birritan jotzen dira laserrarekin. Lehen laser tiroak tanta zapalagoa egiten du, eta energia handiagoko bigarren laser tiroak tanta UVE argia igortzen duen plasma bihurtzen du.
Argi hori, hain zuzen, lortzen izugarri konplexuak diren ispiluekin eta leiarrekin bideratzen da olatan ezarri beharreko patroiak dituen maskarara, eta handik txipetara.
Hain zuzen, makina hori hobetzeko, Mooreren Legea bizirik mantentzeko, ASMLk optika garatzea lortu du, argi gehiago batu eta enfokatu ahal izateko, eta horrela olatan ezaugarri oraindik txikiagoak inprimatu. Eta hala, muturreko argi ultramoreko (UEV) litografiarako zenbakizko irekidura (NA) handiko sistema; high NA UEV, lagunentzat.