Aspaldiko partez, emandako dirua gehitu du Kutxabankek
Hornidura txikiagoen eta dibidendu handiagoei esker, irabaziak %17,5 handitu ditu, 144 milioi lortzeraino
BILBO. Interes tasen maila oraindik ere gutxienekoetan dagoen arren, irabaziak handitzeko gai izaten ari da Kutxabank. Negozio arruntak —gordailuak biltzea eta horiekin maileguak ematea— iaz baino %8,3 gutxiago eman arren, irabaziak %17,5 handitu ditu, 144,2 milioi arte. Batetik, gero eta diru gutxiago baztertu behar du ustel atera dakizkiokeen maileguak estaltzeko (126,8 milioi, %56 gutxiago), eta, bestetik, dibidendu oparoak eman dizkiote akziodun dituzten enpresek (86 milioi, %112 gehiago). Emaitza onen beste arrazoi bat da bezeroak ugaritzen ari zaizkiola. Inbertsio funtsetan eta ageriko aurrezkian iaz baino %8,8 diru gehiago bildu du. Baina hori baino deigarriagoa da aspaldiko partez maileguan emandako dirua handitzen ari dela, gutxi bada ere (+%0,7). Inbertsioetarako enpresei emandako maileguak %49 handitu ditu. Etxebizitzak erosteko maileguak %40 handitu dira urtebetean. Interes finkoko edo mistoko maileguak kontratu berrien %45 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu