Aste Santutik abuztura 22 greba egun antolatu dituzte AENAko sindikatuek

47 aireportutako 10.500 langileri eragiten diete deialdiek; gune horietako eguneroko martxa hankaz gora jar dezakete lanuzteekBlancok dio ez dela greben beharrik izango, hilabete eta erdian akordioa egingo dutelako

Loiuko aireportua jendez gainezka, abenduan aire kontrolatzaileek egindako lanuztearen ondorioz. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Iragan astean egindako mehatxua gauzatu dute CCOO, UGT eta USO sindikatuek: AENA pribatizatzearen kontra, aireportuetako langileak 22 greba egun egitera deitu dituzte. Aste Santuan eta pazko astean bidaiari gehien ibiltzen diren egunei eragingo diedeialdiak, bai eta udako oporraldiko egunik garrantzitsuenei ere. Sindikatuetako ordezkariek atzo helarazi zioten Espainiako Gobernuari greba deialdiak jasotzen dituen abisua.

Astebete da abenduko zubian Espainiako aire eremua ixtea ekarri zuen lan gatazka konpondu dutela. Ordukoan, aire kontrolatzaileen ustekabeko greba batek eragin zuen aireportuetan kaosa. Lan baldintzak okertu zizkietela salatzeko, aldi berean ehunka kontrolatzailek uko egin zioten lan egiteari. Kontrol dorreak hutsik geratu ziren, eta aire eremua ixteko agindu eman behar izan zuen Espainiako Gobernuak. Hemezortzi orduko geldialdiaren ostean, armadak hartu zuen kontrol dorreen kontrola. Baina egunak behar izan zituzten egoera zuzentzeko.

Espainiako turismo sektoreak 300 milioi euroren galerak izan zituen. Eta kaosa erakusten zuten irudiak eta gatazkaren eragina Europa guztira iritsi ziren. Horrek guztiak, noski, kalte egin zion Espainiaren irudiari, eta herrialdearen sinesgarritasuna auzitan jarri zuen beste behin.

Oraingoan, ordea, gauzak txukunago egingo dituzten konbentzimendua du Blancok. Haren ustetan, ez dute grebak gauzatzeko beharrik izango, lehen lanuzterako falta den hilabete eta erdian akordiora iritsiko direlako. Hala, negoziazioei bihar bertan ekingo dietela jakinarazi du.

Aire kontrolatzaileak lanean

Sindikatuek Espainiako Gobernuari igorritako idatziak dioenez, apirilerako bost greba egun antolatu dituzte, maiatzerako beste bost, ekainerako hiru, uztailerako sei eta abuzturako hiru. Grebarako deia AENAko langile gehienei egin diete, 12.500 langiletatik 10.500 ingururi. Eta sindikatuek espero bezala erantzuten badute, lanuzteek arazo handiak sortuko dituzte aireportuetako eguneroko martxan. Izan ere, grebara deiturikoen artean daude operazioak banatzeaz arduratzen diren beharginak, eta ezinbestekoak dira aireportuek egoki funtzionatzeko. Hegazkinen lurreko mugimenduak baimentzea, hegaldien ontziratze ateak zehaztea eta seinale guztiak behar bezala jartzea dira langile horien betebeharretako batzuk. Suhiltzaileak ere sail horretako langileak dira.

Badira grebarako deialdiek eragingo ez dieten langileak, ordea, 2.000 aire kontrolatzaile kasu. Izatez AENAko langileak dira, baina beste sindikatu batean biltzen dira —USCAk—; eta, oraingoan, ez du deialdiarekin bat egin. Handling sailean lan egiten dutenei ere ez diete eragingo CCOO, UGT eta USOren deialdiek. Hegazkin enpresei lurreko zerbitzuak emateaz arduratzen dira langile horiek, maletak garraiatzeaz eta autobusak gidatzeaz, besteren artean. Zerbitzu horiek ematen dituzten enpresak pribatuak dira, ordea.

Espainiako Gobernuak otsailaren 26an eman zuen AENA Aeropuertos sozietate pribatua sortzeko baimena. Hasieran, harena izango da orain arteko AENAren kapital sozial guztia, baina nahi duenean saldu ahal izango du, gehienez %49. Hamahiru kontrol dorrez osatutako paketea, esaterako, apirila bukatzerako saldu nahi du Blancoren ministerioak. Hurrengo urratsa Bartzelonako Praten eta Madrilgo Barajasen kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea litzateke.

Langileen ustetan, ordea, enpresa pribatuen sarrerak milaka lanpostu desagertzea eta zenbaitaireportu ixtea ekarriko du. Zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea, berriz, ezingo liratekeela bermatu uste dute langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.