Datorren asteartean bilduko dira negoziazio mahaian patronala eta LAB, UGT eta CCOO sindikatuak. «Hitzarmen duin bat» adosten ez bada, ohartarazi dute astebeteko grebara deituko dituztela langileak: azaroaren 28tik abenduaren 2ra.
«Ez gaude ados negoziazioa egiteko moduarekin, eta ez dugu onartuko ez baldintzak jaistea, ezta erosteko ahalmena galtzea ere», adierazi dute LAB, UGT, CNT, CCOO eta ESK sindikatuek. Haien arabera, «oso arrakastatsuak» izan dira azken egunotako mobilizazioak. Hala ere, beharrezko ikusten dute patronalaren gaineko presioa handitzea, «bai mahaian, bai kaleetan».
Sei greba egun egin ditu dagoeneko Bizkaiko metalgintzako sektoreak. Uda aurretik egin zituen hiru, eta azken hirurak, berriz, iragan astearen eta aste honen artean egin ditu: urriaren 27an, 28an eta azaroaren 2an.