Arrantza

Astelehenean amaituko da hegaluzearen arrantzaldia

Kofradia Itsas Etxea gustura azaldu da, batez beste 3,5 euro ordaindu baitiete kiloa.

Hegaluzea deskargatzen Getariako portuan, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 12a
19:35
Entzun

Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere garai batean ohikoa zen baino goizago amaituko da hegaluzearen kostera Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat. Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak agindu du arrantzaldia astelehen gauerdian amaitu behar dutela, eta portura itzuli.

Jada kuotaren %90 arrantzatu dute, eta gainontzekoa hurrengo lau egunotan bete ahal izango dutela espero dute.

Kofradia Itsas Etxea gustura azaldu da kosteraren bilakaerarekin, hegaluzea Bizkaiko Golkoan sartu baita aurten ere, eta, hori dela-eta, bidaia laburragoak eta merkeagoak egin ahal izan dituzte. Prezioa egonkorra izan da aurreko urteekin alderatuta: batez beste, 3,5 euro.

Bada, ordea, Kofradia Itsas Etxeak gustuko ez duen zerbait: Espainiako Gobernuak ez du hegaluzearen kuota kofradiaka edo ontzika banatzen, eta horrek eragiten du denak lehia bizian ibiltzea ahalik eta gehiena eta ahalik eta azkarrena arrantzatzeko. Horrek dakar egun batzuetan hegaluze asko saltzea, eta arrantzaleek prezio txikiagoak jasotzea.

Egun batzuetako atsedenaldiaren ondoren, udazkeneko lanetan hasiko dira Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak. Sardinetara eta txitxarroetara joango dira inguraketa arrantzan ari direnak, eta legatzetara eta zapoetara besteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.