ArcelorMittal multinazionalak Zumarragako altzairutegia ixteko erabaki irmoa dauka, eta atzo beste urrats bat egin zuen bide horretan. Zumarragako ahalik eta behargin gehienak kaleratu nahi dituela ere esan daiteke aldeek izandako bileran mahairatu zutena kontuan hartuz: Asturiasera (Espainia) lekua aldatzeko aukera baino ez dago orain.
24 langileen erretiro aurreratua eta beste 50entzat taldeak Euskal Herrian dituen plantetan lanpostuak eskani zituen enpresak negoziazioa abiatu zenean. Beste 268rentzat, ordea, lanpostu berria edukitzeko aukera Asturiasen besterik ez zegoen. Bada, orain atzera egin, eta lanean jarraitu nahi duten guztiei Astuarisera joatea baino ez zaie geratuko.
Edo kalte-ordainak onartu eta enpresa utzi. Izan ere, batzordeak ez ditu ezagutzera eman nahi izan, baina kalte-ordainen baldintzak hobetu egin ditu zuzendaritzak. Negoziazioak aurrera jarraitzen du, eta datorren astean, osteguean edo ostiralean, berriro elkartuko dira aldeak.
"Merkatuak daukan egoera ikusita" Arcelorrek Asturiasko aukera baino ez du irekita utzi. "Negoziazio ez oztopatzeko", batzordeak ez du kalte-ordainei buruz hitz egin, baina datorren astean xehetasun batzuk ezagutuko direla espero da.