Bakarrizketa

Ate txikia ere behin betiko itxita

Imaginariumen denda bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Imaginariumen denda bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun
Gogoan duzu Imaginariumen sartu-irten ibiltzen zinenekoa? A zer oroitzapenak!

Bai, noski! Esango nuke gurasoek ez zidatela sekula erosi hango jostailurik, baina sekulako ilusioa egiten zidan ate txikitik pasatu eta fantasiazko mundu horretan sartzeak. Dena den, badakizu enpresa itxi dutela, ezta? Azken asteko kontua da.

Zer diozu? Zure errua da!

Nirea ez; izatekotan, nire gurasoena. Ahaleginak eta bi egiten nituen niretzako txikikeriaren bat eros zezaten, baina alferrik izaten zen. Ez dirudi, ordea, gaur egungo haurrek denda horiek nik bezain gustuko zituztenik.

Beno, nostalgiko ere ez zaitez jarri.

Ez, lasai; horretaz arduratu dira jada enpresaren arduradunak. Facebooken argitaratutako agur mezuan esan dute «mundu hau hobea egiteko ekarpena» egin dutela, «bihotza emozioz beteta» doazela eta «amaieraraino borrokatu direla» enpresaren alde. 

Egia esan, gustuko nituen euren dendak.

Marketinaren maisuak izan ziren, eta zenbait publizitate fakultatetan aztertu dituzte. Haurrentzako esperientzia erakargarri bat eskaintzen zuten, eta jostailu denda bat baino gehiago ziren azkenerako: eurek egindako kosmetikoak eta arropa saltzen zuten, eta argitaletxe bat ere izan zuten.

Pena ematen ari zait.

Bai, baina dena negozioa da, eta Imaginariumena, azken urteetan, nahiko eskasa. 

Bai?

Urteak zeramatzan erdipurdi. Garairik loriatsuenetan 800 langile ere izan zituen Zaragozan (Espainia) sortutako enpresak, eta urtean ehun milioi euro inguru fakturatu zituen 2013 eta 2015 artean. Burtsara 2009. urtean egin zuen jauzi. 420 denda izan zituen hogei herrialdetan banatuta, baina, 2021. urtetik, bi soilik zeuden irekita: Zaragozan bata eta Malagan (Espainia) bestea.

A zer erorikoa!

Sekulakoa. 2018. urtean erdira murriztu zuen fakturazioa, 49 milioi eurora, eta 2019an 30 milioira. COVID-19aren urtean, 2020an, galerak hamahiru milioi eurorenak izan ziren, eta 144 langiletik 110 kaleratu zituzten. 32 urteko ibilbideaaren ostean, ezin izan dio aurre egin konpetentziari.

Eta zein da, ba, halako konpetentzia?

Begi bistakoa da erantzuna: Amazon eta enparauak. Internet bidez diharduten erraldoiek dituzten prezioekin lehiatu ezinda dabiltza Toys’R’Us eta Poly jostailu dendak ere. Azken horrek abian jarri du Espainian dituen 186 langileak kaleratzeko prozedura. 

Ez dira garai onak sektorearentzat.

Ez dira, ez. Imaginariumen azken jabeak, Teal Group Holdingsek, aitortu du jostailu denden negozioa ez dela bideragarria.

Orduan, atzeko atetik irten da Imaginarium?

Atzeko ate txikitik, bai. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.