Xabier Martin-Iker Aranburu
2015eko abenduaren 27a
00:00
Mehatxuek bere hartan jarraitu dute aurten ere —batez ere mundu zabaletik datozenak—, baina euskal ekonomia sendo hazi da, eta suspertzea egonkortu du. Konkurtsoen ondotik martxan jarri diren hainbat enpresa badira, baita eskandaluak ere, eta ez txikiak. Etxean, Mario Fernandezek «idatzi gabeko legeei» jarraituta, Kutxabank zikindu du, eta kanpoan Volkswagen izan da inoizko iruzur handienarekin betiko zikindu duena motor garbienak egiten omen zituen taldea.
AZKUE
Bi urte pasatxo egin zituen itxita 1933an sortutako Muebles Azcue enpresak, errauts. Kea bai, baina surik ez. Konkurtsoan sartu eta inbertitzaileak gerutu ziren Azpeitira, bat baino gehiago, izan ere; azkenean, langileei esker maiatzerako jarri zen martxan lantegia, Azkue Altzariak enpresa berria, Kantabriako inbertitzaile batzuen laguntzarekin. Helburua piztu den proiektu hori bizitzea da, eta datorren urtea amaitzerako ehun laguneko lantaldera iristea.
BURTSARATZEA
Telekomunikazioen merkatuan gertatzen ari den kontzentrazioan erosle izan nahi zuela aldarrikatu zuen Euskaltelek, ez harrapakina. Horretarako, handira jokatu du 2015an. Uztailean burtsara atera zen, zabalpena finantzatzeko kapital bila. Aurretik, enpresa zorpetu zuten akziodunek, besteak beste, bere orduko akziodunei dibidendu polit bat eta buruzagiei gainsari puztu bat emateko. Udazkenean, lehen lehiakidea erosi du, Galiziako R kable bidezko telefono konpainia. Enpresa handiagoa da orain Euskaltel, zorpetuagoa eta agian ez hain Euskal Herrikoa, akziodun nagusia oraindik Kutxabank den arren —akzioen %30—.
CEGASA
Beste enpresa historiko baten erauzte mingarria utzi du urteak: Cegasarena. Konpainiaren hiru produkzio unitate erosi zituen Sherpa Capitalek Cegasaren porrotak eragindako konkurtsoan, urte hasieran. Akordioari esker, Oñatiko planta (Gipuzkoa) martxan jarri zuten, eta, horrekin batera, 130 langilek lanpostuari eutsi zioten. Txanponaren ifrentzua Gasteizen dago. Cegasa taldeak zituen beste 275 langile kaleratu egin dituzte prozesu konplexu batean.
DEFIZITA
2011-2013ko epean Europako Batasunak defizitarekin izandako obsesioa pixka bat baretu da, politika hori muturrera eramateak ekarritako kalteak oso agerikoak baitira Europako egoera AEBetakoarekin alderatzeko lana hartu duen edonorentzat. Baina defizita BPGaren %3tik behera jaisteko aginduak hor jarraitzen du. Espainiako Gobernuak hazkunde ekonomiko sendoan jarri ditu itxaropenak, nahiz eta gero eta argiago dagoen defizita jaisteko modu naturalago horrek ez diola ahalbidetuko datorren urtean %3ra jaistea. Frantziaren kasuak, berriz, erakutsi du EBk lehen eta bigarren mailako kideak dituela, eta sailkapen hori ez dagoela joko onaren menpe; Frantzia, noski, lehenengoan dago, eta, horri esker, beste bi urteko luzapen bat lortu zuen otsailean. Parisko atentatuengatik helburu hori betetzea ezinezkoa izango zitzaiola esan zuenean, inork ez zuen txintik esan.
ERRIOXA
«Errioxa, bat eta bakarra» politikaren mugak inoiz baino ageriago geratu dira. Ez daude pozik Arabako ekoizle txikiak; txapela handiegia geratu zaie, Errioxako sor-markako kontseiluak ekoizpena handitzeko politikak kalitate handiagoko ardoei kalte egiten diela uste baitute. Beren ardoei, hain zuzen ere. Arabako Errioxako ardoei bereizketa handiagoa eman ezean, sor-marka propioa eratzeko prest daude ardogile batzuk. Jaurlaritzaren eta Arabako alderdi politiko gehienen babesa ez zaie falta.
FUNDICIONES
Arroako (Zestoa, Gipuzkoa) TS Fundicionesek bigarren aukera izango du, haren konkurtsoak emaitza eman baitzuen aurtengo maiatzean. Shandong Iraeta Wind Power Flanges Manufacturesek erosi du enpresa, Gonvarrik alegia. 120 lanpostu sortzea jasotzen duen industria plana jarri zuen mahai gainean taldeak, baita TS Fundiciones ixtean langabe bihurtutako beharginek lehentasuna izango dutela ere.
GOSEA
«Gure gazteak ondoegi bizi dira. Etorkizuna ziurtaturik dute, eta ez dute ahaleginik egin nahi. Ez dute goserik». Urteko adierazpen polemikoenak egin zituen Pello Gibelalde Adegiko presidenteak. Enpresa askok atzerrian lan egiteko jendea aurkitzeko zailtasunak dituztela aipatu nahi eta berotu egin zen Gipuzkoako patronaleko burua, non eta gazteen erdiak lanik gabe eta beste asko soldata miserableekin aritzen diren gizarte batean. Egurra alde guztietatik jaso zuen, eta barkamena eskatu zuen, ez baitzuen inor «mindu» nahi izan.
HERIOTZAK
Jarduera ekonomiko handiagoaren eskutik, lan istripu gehigarriak asko ugaritu dira. LABen zenbaketaren arabera, 54 lagun hil dira lanean ari zirela, 2014ko eta 2013ko kopurutik (35) urrun, baina baita duela urte batzuetako datuetatik ere —2007an 125 hil zenbatu zituen sindikatu horrek—.Urteko istripurik larriena maiatzean gertatu zen, Funes herrian (Nafarroa), barazki izoztuen lantegi bat garbitzen ari ziren bi behargin oso goitik erorita.
ITUNAK
Espainiako Gobernuaren azken lan erreformaz geroztik lan itunak tantaka iristen dira, Nafarroan salbu. 2015. urtea ez da salbuespena izan. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, urrira arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektoreko zortzi hitzarmen eta enpresetako 137 baizik ez dira izenpetu. Ondorioz, hiru langiletik bik iraungitako hitzarmena edo berritu beharrekoa dute. Edonola ere, itun garrantzitsuak ere lortu dira. Horien artean garrantzitsua izan da Lanbiderena, hiru urteko lan gatazka bat amaitu baitu. UGT, LAB eta CCOOren sinadurarekin egin du aurrera, ELArentzat ez baita nahikoa izan.
JANARIA
Banaketa sektorearen motorra, janaria alegia, negozioaren berrantolaketa betean sartu da aurten. Supermerkatuek inoizko lehia handiena dute, eta saltokiak kanpotik zein barrutik berritzen ari dira beste eredu batekin. Bezeroaren etxera, auzora hurbildu nahi dute Eroskik, Uvescok, Carrefourrek, Mercadonak eta besteek. Bezeroari tokian tokiko produktuak eskaintzen dizkiote orain. Estrategia horrek janari freskoaren atalean jauzi kualitatibo bat ematea eskatzen du, bertako hornitzaileekin itunak eginez, eta discount soilaren eredutik aldentzea —edo horren itxura ematea, behintzat—.
KUOTAK
Apirilaren 1etik aurrera, bertan behera geratu ziren Europako Batasuneko esnearen merkatua arautzen zuten kuotak. Ordudanik, nahi beste esne ekoitzi dezakete baserritarrek, ustez haziko den merkatua hornitu ahal izateko. Arazoa da txinatarrek ez dutela Bruselak kalkulatu bezainbeste esnerik edaten, eta soberakinak agertu direla berriro. Esnea sobran egoteak prezioak jaistea ekarri zuen, eta, kostuen azpitik saltzen nekatuta, abeltzainak kalera atera ziren Europa erdian. Euskal Herrian egoera ez da asko okertu, kooperatibek prezioei hobeto eutsi dietelako, baina esnearekin batera «baserritarren odola» galtzen ari zela ohartarazi zuten.
LAMINACIONES ARREGUI
Laminaciones Arreguiko kaleratuei iraupen luzeko lasterketa gertatu zaie euren lanpostuei eusteko borroka, baina lasterketa hori irabazi dutela esan daiteke. Epaitegietan lortutako azken garaipenari esker, urriaren hondarretik lanean dira berriro, hiru urte eta erdiko gatazka luzearen ondoren. Epaileekin behin eta berriz egin du talka Celsa Atlanticek —Laminaciones Arregui zena erosi zuenak— azken urte hauetan, eta enpresaren azken porrot judizialak 79 behargin Gasteizko lantegian onartu behar izatea ekarri du. 2012ko apirilera joan beharra dago Euskal Herriko lan gatazka luzeenetakoaren hasiera aurkitzeko. Celsa Atlanticek 352 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen orduan, Urbina eta Gasteizko lantegietako behargin gehienak kaleratzeko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eten egin zuen erregulazioa, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia.
MARIO FERNANDEZ
Kutxabakeko presidente ohi Mario Fernandezek epailearen aurrean bukatu zuen urte hasieran bankuak berak jarritako salaketa baten harira. Mikel Cabieces PSEko kide ohiari 243.000 euroko ordainketa irregularrak egin zizkion, «idatzi gabeko lege baten izenean», Fernandezek berak aitortuta. Presidente ohiak diru guztia itzuli zuen, eta Gregorio Billalabeitia egungo presidentearen aurkako adierazpen gogorrak egin zituen, Kutxanbanken izen ona zikindu zuela esanez. EAJ-PSE-PPren arteko mesede politiko eta ekonomikoen ustezko sare horretan parte hartzea«bidezkoa» zela esan zuen hasieratik.
NER GROUP
Ner Groupek kutxa propio bat sortu du aurten bere proiektuak finantzatzeko. Taldeak biltzen dituen 21 enpresek urtero euren salmenten %1 sartuko dute Kutxa Nerren. «Bankuek zer etekin lortzen dituzte Ner Groupeko konpainiekin? Bankuek babestu al dute Ner Group krisi garaian?». Galdera horiek egin dizkiote euren buruari Koldo Saratxaga Ner Groupen sustatzaileak eta haren lankideek, eta ondorio argi batera iritsi dira: «Krisi garaian bankuak oso txarto portatu dira». Unai Mendikote Kutxa Nerreko kontseilariak 50.000 eurogatik «pikutara joateko arriskuan» ikusi ditu enpresak.
ONTZIOLAK
Tax lease-aren auziak dardara izugarria ekarri zuen 2013an euskal ontzioletara. Sektorea erlojuaren kontra berrasmatu behar izan du, berrikuntza ardatz hartuta, eta gaur egun haizea lagun du, jasotako enkargu berriei esker. Bada, azkenean, EBko Justizia Auzitegiak atzera bota du Europako Batzordearen erabakia, eta legezkotzat jo du tax lease sistema zaharra. Europako Batzordeak 2011ko azaroan jarri zuen abian Espainiaren aurkako auzibidea; sistema legez kanpokotzat jo zuen 2013ko uztailean, eta erabaki zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzioletako inbertitzaileek sistema horren bidez 2007tik 2011 arte jasotako laguntzak itzuli behar zituztela (126 milioi euro). Luxenburgoko epaiaren ostean, ez da dirurik itzuli beharko.
PATRONALA
Enpresariek euskal patronal berria sortu dute azaroan: Garen. Enpresa txiki eta ertainen artean ehunka afiliazio lortu nahi ditu Iñaki Zuloaga presidente duen erakundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehiengo sindikala errespetatzeko asmoa duela dio, eta eragile sozial gisa bere lekua eskatuko luke lan harremanetan negoziatzen hasteko. Confebaskek, bestalde, presidente berria dauka: Roberto Larrañaga. Hark dio Adegi, Cebek eta SEA biltzen dituen konfederazioa lasai dagoela, «enpresarien ahotsa Confebaskena delako».
RAJOY
Legealdia osorik amaitu zuen Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, duela lau urte agintea hartu zuenean baino langabe gutxiagorekin bukatuko zuela saldu ahal izateko hauteskunde kanpainan. Azkenean lortu du, %6ko jaitsierak 4,15 milioi langaberen itsaso zabal bat utzi duen arren. Hori bai, Rajoyri ahaztu zitzaion esatea orduan baino langile gutxiago daudela, biztanleriaren zahartzeak eta espainiarren eta atzerritarren emigrazioak biztanleria aktiboa jaitsi dutelako. Eta, noski, ez zuen aipatu soldatak jaitsi direla, pobrezia handitu dela, lan baldintzak kaskartu... Horrek ez baitu saltzen.
SUSPERTZEA
Langabeziari, pobreziari eta galdutako eskubideei erreparatuz, ezin da hitz egin krisiaren amaierari buruz, baina datu makroekonomiko gehienak bat datoz ekonomia suspertu egin dela. Langabe kopurua jaitsi da, industria ekoizpena igo da, eta, ziur aski planetak eskertuko ez duen arren, argindarraren eta beste produktu askoren kontsumoa ere handitu da. Ondorioz, jarduera neurtzeko adierazle inperfektu hori, barne produktu gordina, iazkoa halako bi hazi da Euskal Herrian, %3tik hurbil. Hori bai, dopatutako hazkundea da, bi faktorek puztutako hazkundea: azken hamar urteotako petroliorik merkeena batetik, eta Europako Banku Zentralak martxoan abian jarritako bonu erosketa masibo bat bestetik. Datorren urtean dopinak jarraituko duela dirudi, eta, horregatik, aurtengoaren neurriko suspertzea espero dute adituek 2016rako ere.
TTIP
Nazioarteko itunen laburdura zopak beste bi ale ekarri ditu aurten. Batetik, TEP, Pazifikoko herrialdeen artean merkataritza librea bultzatuko duen ituna; edo, mihi gaiztoen arabera, Txinaren etorkizuneko nagusitasunari traba egiteko AEBek bultzatutako tresna. Baina gurean eta Europa osoan TTIPek sortu du eztabaida gehien, Atlantikoaren bi aldeen arteko merkataritza harremanak liberalizatu nahi dituen itunak. Negoziazioak motel doaz aurrera, batez ere Europan aurkako ahotsak oso ozen entzuten direlako. Multinazionalen boterea vs estatuen araudiak.
UPELA
Petrolio upela inoizko prezio merkeenetakoan dago egunotan —40 dolarretik behera—, hamabi petrolio esportatzaile handienek LPEEtik kanpo saltzen dutenekin duten gerra komertziala gogortu egingo delako 2016an. Munduak petrolio merkearekin jarraituko du datorren urtean. Saudi Arabiak gobernatzen duen erakundearen lehentasuna argia da: LPEEtik kanpo petrolioa ekoitzi eta saltzen dutenen hegoak moztea, tartean AEBenak eta Ipar Itsasoan ustiatzen dutenenak.
VOLKSWAGEN
Autogintzaren historiako irristatze handiena egin du Volkswagen erraldoiak: NOx isurien neurketak faltsutzen dituzten 11 milioi software sekretu ipini zituen bere dieseletan, eta martxan egon dira harik eta AEBetako Ingurumenaren Agentziak iruzurra agerian utzi duen arte, joan den irailean. Volkswagen taldeak 7.000 milioi euroren hornidurak egin ditu datozkion galerei aurre egiteko, baina motz gera daitezke mundu osoko epaitegietan jarritako auzibideak ikusita. Isunak ere ez ditu faltako han eta hemen. Martxo-apiriletik aurrera tailerretara deituko ditu Euskal Herrian iruzurrak harrapatu dituen milaka autoren bezeroak. Eskandaluak itzal handia jarri du konpainiaren geroan, baina Iruñeko Landabenen 900 milioi inbertitzeko planari eutsi dio multinazionalak, Matthias Mueller presidenteak berretsi duenez orain egun batzuk.
XANTAIA
Aernnovako Berantevillako lantegian 133 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu zuen urrian zuzendaritzak, «xantaia argia» Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuaren arabera, Toledon milioi askoko inbertsioa iragarri baitzuen enpresak aldi berean. Aeronautika enpresak kaleratzeak erretiratu ditu azkenean, baina plantan lan karga nahikorik ez dagoela dio oraindik ere, eta ikusteko dago Berantevillako egoera ahulak zer-nolako soluzioa duen.
YELLEN
Janet Yellen AEBetako Erreserba Federaleko presidenteak diruaren interes tipoa 0,25 puntu igo du orain egun gutxi, zazpi urtez tasa zeroren pare egon ondoren. Mugimenduak balio sinboliko eta historiko itzela du, funtsean, egiaztatutzat jo duelako AEBetako ekonomiak gainditu egin duela 2007an hasi zen krisi ekonomiko sakona. Alegia, amaitzen hasi da diru merkearen aroa.
ZERGA EGUZKIARI
Legegintzaldia errenta zerga jaitsita amaitu duela esanez paparra atera du Espainiako Gobernuak, baina batetik emandakoa beste leku batetik kendu du. Argindar autokontsumoa zergapetzea bururatu zaio, eguzkiaren zerga izenez bataiatutakoaren bidez. Plaka fotovoltaikoak dituzten herritarrek tasa batzuk ordaindu beharko dituzte baldin eta sare orokorrera konektatuak badituzte. Une jakin batzuetan sobran duten argindarra sarean sartu ahal izango dute, baina musutruk. Ekoizle handiek baizik ez dute konpentsaziorik jasoko, 100 kilowattetik gorako instalazioak dituztenek.