Atsedenean, galtzen

Ivan Santamaria.
2010eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Urte bat eta hilabete bat pasatu da euskal gehiengo sindikalak krisi ekonomikoari erantzuteko lehenbiziko greba orokorrera deitu zuenetik. Orduan denetarik entzun behar izan zuten sindikatu abertzaleek. Lanuzte politikoa zela - Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari izendatu berria zuten - edo ez zegoela arrazoi edo argudio nahikorik halako neurri bat hartzeko. Gizarte elkarrizketak oraindik ere dena konponduko zuela zioten CCOOk eta UGTk, aukera zuten bakoitzean.

Ez ziren falta iazko maiatzean greba orokorra bultzatzeko arrazoiak. Kontratu prekario eta aldi baterakoak zituzten pertsona askok galdua zuten enplegua, eta erregulazioek milaka langileren etorkizuna mehatxatzen zuten. Besterik ezean, krisiaren aurkako oihu bateratua emateko beharrak bildu zituen lanuztera milaka euskal herritar.

Iazko greba orokorretik gauza asko gertatu dira. Une batez, krisia arinago igaroko zela aldarrikatu zuten gobernuek. Maiatzaren hasieran Patxi Lopezek Arrosaren festan bota zuen «hobeto gaude» hura, esaterako, hemerotekan dago. Egun gutxi batzuen buruan Zapaterok gastu publikoa murrizteko erabakia hartu zuen, kapital merkatuek eta Europako bazkideek behartuta. Irribarrea alde batera utzi, eta herritarrei sakrifizioen orena iritsia zela esan zien Lopezek orduan.

Egoera zeharo aldatu da. Edo, beste era batera esateko, iazko lanuztearen harira euskal sindikatuek egindako iragarpen ilunenak betetzen ari dira. Moncloa merkatuen esanetara jarri da, eta politika horren ondorioak, olatu baten gisara, gizarteko sektore geroz eta gehiagora iristen ari dira. Defizitari aurre egiteko plan bortitzak funtzionarioak eta pentsiodunak izan zituen jopuntuan. Lan erreformak, berriz, kaleratze merke bat pairatzeko beldurra langile askorengana hedatu du.

Hurrengo atalak zeintzuk izango diren asmatzea ez da zaila. Pentsioen erreformaren ondoren zaharrago erretiratuko gara, eta ordaina kalkulatzeko urte tartea handituko denez, diru gutxiagorekin. Langabezia sariaren baldintzak eta kalkulua mugatzea agendan ere badira, honezkero.

Handiak dira mehatxuak, handiegiak sindikatuak ezer egin gabe gelditzeko, erantzun kolektibo eraginkor bat antolatzeak dituen zailtasun guztiekin. Elkartasuna ez dago modan, eta norberak gaur egun duen ondasun preziatuenetako bat, lanpostua, jokoan jartzea ez da erraza. Munduko herrialde demokratiko guztiek aitortzen duten eskubidea da greba, baina geroz eta traba gehiago aurkitzen ditu, toki guztietan. Lan erreformaren bidez kaleratze merkeago eta errazagoa baimentzeak ere eskubide hori gauzatzea garestituko du.

Hamazazpi egun nahikoak izan dira sindikatu abertzaleentzat greba deialdia egin eta bururaino eramateko. Tarte eskas horrekin lortu den emaitzari duen garrantzia eman behar zaio. Egutegia ez da arazo bakarra izan. Sindikalgintza susmopean jarri nahi duten iritziak ari dira lortzen sindikatuen aldarriek hedabideetan ez duten oihartzuna. Gobernuek ere gutxieneko zerbitzuak estutzen dituzte, eguneko albistegian normaltasuna saldu ahal izateko. Gaitz guztiak ez datoz kanpotik ere, eta gizartea nahiz langileria aktibatzeko geroz eta zailtasun gehiago ditu sindikalgintzak. Euren mezuak, jarduera eta antolakuntza egokitzea beharrezkoa den hausnartu beharko dute.

CCOOk egun berean lanuztera deitu izana ere esanguratsua da, baita ere. Ez da sindikatuaren estrategian sakoneko aldaketarik espero, baina ongi interpretatu du Unai Sordok sindikatu abertzaleen bultzadarik gabe jokaleku eskasa geratzen zaiela. Sindikatu abertzaleek argi dute Euskal Herrian gehiengoa direla eta eurei dagokiela erantzuna lideratzeko ardura, erasoa nondik datorren axola gabe.

Krisia kirol partida balitz, atsedenean geundeke honezkero. Eta langileak, oraingoz, galtzen ari dira. Botere politiko eta ekonomikoek mundu osoan hartu duten bidea aldatzea oso zaila da, baina murrizketei erantzutea bestelako alternatibarik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.