Emaitzak ez du inor ustekabean harrapatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %0,9 jaitsi zen urteko bigarren hiruhilabetean, urte arteko tasan. Dagoeneko aldagai ekonomiko gehienek agerian uzten zuten ahulezia egiaztatu baino ez du egin Eustat Euskal Estatistika Erakundeak. Bederatzigarren hilabetez jaitsi da ekonomia, eta atzeraldia bizkortzen ari da.
Berandu samar iritsi da datua. Nafarroak edo Espainiako Estatistika Erakundeak joan den uztailaren 30ean argitaratu zuten barne produktu gordinaren bilakaerari buruzko datuaren aurrerapena. Hori bai, hiruhilekoaren kontu ekonomikoen xehetasun guztiak heldu den asteazkenean jakinaraziko ditu Eustatek. Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ere datu horiei buruzko irakurketa egun horretan plazaratzea espero da.
Datu aurreratuarekin batera, egoerari buruzko azalpen laburra igorri zuen Eustatek. Jarduerako sektore gehienek behera egin dute. Industria, eraikuntza, eta, lehen aldiz 2010. urteko amaieratik, merkatuko zerbitzuek atzera egin dute. Aldiz, lehen sektoreak eta merkatukoak ez diren zerbitzuak (publikoak) emaitza hobeak izan dituzte.
Hiruhilabete batetik bestera barne produktu gordina (BPG) %0,4 uzkurtu da EAEn. Emaitzarik txarrena da 2009. urteko udaberritik. Nafarroan hamarren bat gehiago egin zuen atzera ekonomiak (%0,5).
Enpleguren egoeran ondorio zuzenak ditu atzeraldiak. Kontu ekonomikoek galdutako lanpostuen berri ematen dute. Aurreko urtearekin alderatuz, %2,3 egin du atzera enpleguak. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 20.000 lanpostu galdu direla. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, berriz, enplegu kopurua %0,5 murriztu da.
Aurreikuspenaren gainetik
Urte arteko tasan izandako jaitsiera datu txarra da, baina, gutxienez, espero zena gainditzea lortu du. Eusko Jaurlaritzak joan den maiatzean berrikusi zuen aurreikuspen makroekonomikoen taula. Horren arabera, apiriletik ekainera BPGa %1,2 atzera egin behar zuen, eta jaitsiera apur bat leunagoa izan da.
Haatik, horrek ez du esan nahi krisi egoera hobetzen ari denik. Aldiz, zenbait datu kezkagarri agertzen dira ortzian. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, ziklo ekonomikoaren unerik gordinena igarotzen ari da. Orain arte, atzerriko herrialdeetara egindako esportazioekin orekatu izan da barne kontsumoaren jaitsiera bortitza, baina hori ere aldatzen hasi da. «Europako merkatuak, zoritxarrez, ez dira tiraka ari, eta ondorioak izango ditu horrek», azaldu zuen sailburuak Onda Cero irratian eginiko elkarrizketan.
Mezu ezkorra zuen ere Miguel Angel Lujua Confebask patronaleko presidenteak bere blogean jarri zuen idatziak. Lujuaren aburuz, ekonomia egoera «kritikoan» dago. «Geratzen zitzaigun motor bakarra, industria, hondoratzen hasi da», ohartarazi zuen. Patronaleko buruzagiak, halaber, hazkundearen aldeko politikak exijitu zituen, ekonomia «itxaropenik gabe zimeldu» baino lehen. «Edo ekonomia berriro aktibatu eta zerbait egiten da hazkundea bultzatzeko, edo, bestela, etorkizuna hodei beltzez josita egongo da».
Azken egunotan ezagutu diren emaitzek ikuspuntu ezkor hori indartzen dute. Alegia, hirugarren hiruhilekoan ere ez da egoera hobetuko. Industriaren jarduera ziztu bizian egiten ari da atzera. Uztailean, hain zuzen ere, %9 jaitsi zen urte arteko tasan, eta ia %3 aurreko hilabetearekin alderatuz. Europatik bultzada handiago bat gertatuko dela pentsatzeko arrazoi askorik ez dago, gainera. Eurogunea atzeraldiaren ertzean da, eta, Europako Banku Zentralaren arabera, ekonomia %0,2 eta %0,6 bitartean egingo du atzera aurten. 2013. urte osoa ere atzeraldian igarotzea ez du baztertzen.
Oraingoz, urte osorako aurreikuspenari eusten dio Lopezen gobernuak. Kalkulatu du 2012. urtean barne produktu gordina %1,3 egingo duela atzera. Oraingo egoera «oso beltza» dela onartzen duen arren, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak ez du itxaropena galtzen, eta «tonalitate argixeagoak» sumatzen dituela adierazi du Koiuntura di-da batean aldizkariaren azken alean.
Atzeraldia bizkortzen ari da
Ekonomiaren beherakadak bere horretan jarraitzen du, eta BPGa %0,9 jaitsi zen urteko bigarren hiruhilekoan EAEnIndustriak, eraikuntzak eta merkatu zerbitzuek atzera egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu