Berri txarrak bata bestearen atzetik pilatzen ari zaizkio Greziari. Oraindik bigarren erreskate planaren dirua jaso gabe izanik, atzeraldia uste baino sakonagoa dela eta defizita murrizterik ez duela erakutsi dute azken datu ekonomikoek. Europako burtsek %2tik gorako jaitsierekin hartu dituzte Greziako berriak. Bankuak jaitsi dira gehien, eta haien artean Frantziakoak batik bat, haiek galduko dutelako gehien baldin eta Atenas bere zorraren zati bat pagatzeko gai ez bada.
Greziako Legebiltzarra atzo hasi zen eztabaidatzen 2012ko aurrekontuak. Horien arabera, datorren urtean ere, laugarren urtez jarraian, atzera egingo du herrialde hartako ekonomiak; %2,5, hain zuzen ere. 2009an %2 gutxitu zen Greziaren barne produktu gordina, %4,5 iaz, eta aurten %5,5 eroriko dela diote Atenasen aurreikuspenek.
Ekonomia atzeraldian egonik, ez da harritzekoa langabezia handitzea. Urte bukaerarako 800.000 langabe izatea espero dute, biztanleria aktiboaren %15,2. Datorren urtean %16,4ra da iristekoa; besteak beste, Gobernua funtzionarioak kaleratzen ari delako, gastua murriztu nahian. Baina horiek datu ofizialak baizik ez dira, benetako tasa hori baino nabarmen handiagoa dela uste baitute.
380.000 milioi euroko zorra
Zorra pagatu ahal izateko Giorgos Papandreu lehen ministroaren gobernuak indarrean jarri dituen zerga igoerek eta gastuaren murrizketa bortitzek sakondu egin dute atzeraldia, baina ez dute lortu kontu publikoak orekatzea. Duela hilabete batzuk espero baino 1.500 milioi euro gehiagoko zuloa sortu da kontu publikoetan, eta, horren ondorioz,BPGaren %7,8ko defizita izan beharrean, %8,5ekoa izango da aurten.
Defizit hori estaltzeko, gero eta zor gehiago pilatzen ari da Grezia. Aurrekontu proiektuak dio 381.200 milioi eurora iritsiko dela datorren urtean, hau da, BPGaren %172,7ra. Iragarpen ezkorragoak egin ditu Nazioarteko Diru Funtsak, uste baitu BPGaren %189,1era helduko dela.
Zorra hain da handia, non Greziak ez baitu gaur egun haren interesak eta beste gastuak pagatzeko adina dirurik. Europako Batasunak diru gehiago utzi ezean, Greziaren kutxak hustu egingo dira hilabete honetan, eta ezingo ditu ordaindu pentsioak eta funtzionarioen soldatak. Euroguneko herrialdeek lehen erreskateko 8.000 milioi euro dituzte prest Atenasi uzteko, baina ez dute dirua askatuko egunotan Atenasen diren troikako ordezkarien oniritzirik gabe. EBko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko teknikariek osatzen dute hirukote hori, eta haiei dagokie erabakitzea Greziak laguntzaren truke eskatu zizkioten baldintzak betetzen ote dituen.
Agindutako defizit murrizketa lortu ez duen arren, ez da espero Europak diru iturria ixtea, Greziak porrot egingo lukeelako eta harekin batera eror daitezkeelako beste herrialde batzuk —Irlanda eta, batez ere, Portugal— eta kontinenteko banku handi batzuk ere.
Greba deialdia bihar
Edonola ere, Greziak azken unera arte itxaron beharko du laguntza gehiago jasotzeko, EBko gobernuek presio neurri gisa erabiltzen dutelako, Atenasek egin ditzan eskatutako erreformak eta murrizketak. Euroguneko finantza ministroak bilera batean izan ziren atzo arratsaldean Luxenburgon, baina ez zen espero azken erabakirik hartzea.
Adedy funtzionarioen sindikatuak eraikin publikoen okupazioekin erantzungo die gaur Papandreuren azken neurriei. Bihar eta hilaren 19an, berriz, greba orokorrera deituta daude greziarrak.
Atzeraldia sakondu da Grezian, eta ezinezkoa egin du defizita murriztea
Bigarren erreskaterako jarri zizkioten baldintzak betetzerik izango ez duen arren, dirua jasotzea espero du AtenasekAurten %5,5 apalduko da Greziako ekonomia, eta beste %2,5 datorren urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu