Aurretik kilometro gehiago ditu krisiaren tunelak. Atzeraldiaren amaiera atzeratuko dela diote Eusko Jaurlaritzak egindako azken aurreikuspen makroekonomikoek. Datu berrien arabera, oraindik ere beste urtebetez atzera egingo du ekonomiak, eta soilik 2013ko udazkenean hasiko da gora egiten, oso makal izango bada ere.
Martxoko kalkuluetan barne produktu gordinak 2013. urteko bigarren hiruhilekoan gora egitea espero zuen Jaurlaritzako Ekonomia eta Planifikazio zuzendaritzak. Maiatzean egin duen berrikuspenean, ordea, hiruhileko batez atzeratu du irteera hori. Oraingoz, 2012. urte osorako egindako aurreikuspenari eusten dio Patxi Lopezen gobernuak. Horren arabera, ekonomia %1,3 eroriko da aurten. Neurri handi batean, lehen hiruhilekoan izandako jaitsiera arinak salbatuko luke egoera, hurrengo hiruhilekoetan okerrera egingo duelako nabarmen. Urte arteko tasan apiriletik ekainera BPGa %1,2 erori zela kalkulatu du, lehen hiruhilekoan %0,3 atzera egin ondoren. Aurten soilik kanpo sektoreak bultzatuko du zerbait ekonomia, esportazioei esker.
Aurreikuspen makroekonomikoen aldaketak enpleguaren etorkizuna ilunago jarri du. 2012. urtean 20.000 lanpostu galduko direla diote aurreikuspenek, orain arte baino 3.000 gehiago. Langabeziak gora jarraituko du, eta %12,9ra iritsiko da 2013ko udazkenean.
Atzeraldiaren amaiera gehiago atzeratuko dela uste du Eusko Jaurlaritzak
Beste urtebetez atzera egingo du ekonomiak, 2013ko irailetik aurrera makal suspertzen hasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu