Hego Euskal Herriko ekonomia atzeraldiaren ertzean dago. Nafarroako barne produktu gordinak %0,3 egin zuen behera joan den urteko azken hiruhilekoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu ofiziala heldu den astean argitaratuko da, baina hazkunde negatiboa egon zela aurreratu du dagoeneko Eusko Jaurlaritzak. 2012ko lehen hiruhilekoan ekonomia berriro jaisten bada, Hegoaldea atzeraldian sartuko da.
Nafarroako ekonomiak 2011. urtean izan zuen bilakaerari buruzko emaitzak jakinarazi zituen atzo Yolanda Barcinaren gobernuak. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, %0,3 jaitsi zen —azken datu negatiboa 2009. urteko apiril eta ekain bitartekoa izan zen—. Ordu arte, urte arteko tasan hazkundeari eutsi zion Nafarroak: %0,8.
Urte osoko batez besteko datuari eman nahi izan zion garrantzia Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Guztira, Nafarroako barne produktu gordina %1,5 handitu zen. Datua ingurukoa baino hobea da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa horren erdia — %0,7 — baino ez ziren hazi. Hazkunde bera izan zuen Espainiak. Europako Batasunarentzat espero den emaitzaren pare egon da Nafarroa.
Argi-ilunak ez dira falta, ordea. Ekonomiaren erritmoa azkarragoa izan da, baina ez da inolaz ere aski izan enplegua sortzeko. Espainiako Estatistika Erakundeak joan den ostiralean jakinarazi zuen Populazio Aktiboaren inkesta. Horren arabera, langabe kopurua ia %20 handitu da Nafarroan azken urtean. 42.500 langabe daude herrialdean, urtebete lehenago baino 6.800 langabe gehiago dira, eta langabezia tasa ia %14 izatera iritsi da. Enplegu zerbitzu publikoetan erroldatutako pertsonak ere %10 handitu dira urtearen joanean. Iazko azken txanpan industria produkzioak eta merkataritzak izan zuten jaitsiera nabarmenek aurreratzen zuten Nafarroako ekonomiaren gainbehera. Edonola ere, herrialdearen egoera beste toki batzuetan baino hobea dela argudiatzeko datua bilatu zuen Mirandak: 2007ko azken hiruhilekoan zuen barne produktuaren gainetik dago Nafarroa orain.
Joan den urteko itxiera datua gobernuak aurreikusi baino bi hamarren txikiagoa izan da. Giro ekonomiko ezkorrak, gainera, oso zail jarriko du 2012. urterako helburua lortzea (%1,9). Nafarroak ez du oraingoz aurreikuspena aldatu, eta Europako Batasunak koadro makroekonomikoa gaurkotu arte itxarongo dutela azaldu zuen Mirandak.
Espainian ere, jaitsiera
Eusko Jaurlaritzak %0,7ko hazkundea iragarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Espainian, berriz, atzeraldia egongo dela diote azterketa gehienek. Nazioarteko Diru Funtsak %1,7ko jaitsiera espero du, esaterako. Estatistika Erakundeak atzo baieztatu zuen Espainiako ekonomia %0,7 hazi zela 2011. urtean, urteko azken hilabeteetan %0,3 jaitsi eta gero.
Errenta eta Ondare zergak erreformatu berri ditu Nafarroako Gobernuak. Aldaketa horien bidez, 60 milioi inguru gehiago biltzea espero du. Haatik, diru horren lehen helburua diru sarreretan espero den murrizketa estaltzea izango dela aurreratu zuen Mirandak. Aurrekontuan 257 milioiko zorpetzea jasota dago.
Atzeraldiaren itzala Hegoalde osora zabaldu du Nafarroako beheraldiak
Barne produktu gordinak %0,3 egin zuen behera Nafarroan 2011. urteko azken txanpan; antzeko emaitza espero da EAEnEBk aurreikuspenak berritu arte itxarongo du Mirandak aurtengo kalkulua gaurkotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu