Atzerrian lanean ari diren gazteen %85ek itzuli nahi dute, Artizarra fundazioaren arabera

Itzultzeko zailtasunen artean hauek nabarmendu dituzte: soldata okerragoak, intereseko lan aukeren falta eta etxebizitzarekin loturiko zailtasunak.

Gazte bat Euskal Herriko enpresa batean lanean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Gazte bat Euskal Herriko enpresa batean lanean. GOTZON ARANBURU / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 16a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herritik kanpo lan egiten duten gazteen %85ek baino gehiagok, 35.700 inguruk, etorkizunean sorterrira itzuli nahi dute. Hala dio Artizarra fundazioak eta Deusto Business Schoolek landutako txostek batek.

Azterlanerako kontuan hartu duten jendea 25 eta 40 urte bitartekoa da; profil «askotarikoa» du, eta «giza kapital kualifikatua». Txostenaren egileen arabera, ikasketa hauek dituzte nagusiki: ingeniaritzak, enpresa kudeaketarekin loturikoak eta STEM adarrekoak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika), eta, batez ere, masterrak eta doktoregoak.

Gainera, denbora luzea daramate Euskal Herritik kanpo, %60k sei urte baino gehiago. Atzerrira joateko arrazoi nagusien artean hauek nabarmendu dituzte: enplegua eta garapen profesionala, eta soldata hobeak. Eta itzulera galarazten duten oztopo nagusien artean, hauek: intereseko lan aukeren falta, aitorpen profesionalik eza eta etxebizitzarekin loturiko zailtasunak.

Jon Ander de las Fuentes Artizarrako kideak eta Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko irakasleek zuzendu dute azterketa. Gogoratu dute Europako hainbat herrialdek politika aktiboak jarri dituzte abian «talentua erakartzeko», hala nola zerga pizgarriak, lan aukerak, egoitza eskaintza eta sustraitze programak uztartuz. «Euskadi eta Nafarroa ingurumari horretan lehiatzen ari dira, eta presazko dinamikak ezarri behar dituzte talentu gaztearen emigrazioa geldiarazteko eta itzulerarako baldintzak sortzeko, lurraldearekiko konpromisoa duen diaspora aktibo eta konektatua indartzearekin batera», azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.