Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak "atzerriko inbertsioak biltzeko" atal berria sortu du, eta etzi aurkeztuko du jendaurrean. Invest in the Basque Country du izena atalak, eta "herrialde garatu guztietan dago horren baliokideren bat", Jaurlaritzak dioenez. Espainiako Estatutik kanpokoak dira Jaurlaritzarentzat atzerrikoak.
"Inbertsioak sistematikoki eta profesionalki erakartzeko atal egituratu eta antolatu bat izango du horrela Eusko Jaurlaritzak. Orain arte lan hori ez da sistematikoki egin, baina hemendik aurrera atal zehatz bat izango da laguntzak, inbertsioak eta beste arlo batzuk kudeatzeko", Industria Saileko iturriek adierazi dutenez.
Bilboko Guggengheim museoan izango da etziko ekitaldia, eta han izango dira Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria eta Bernabe Unda Industria sailburua.
Eusko Legebiltzarrak onartutako Enpresen Lehiakortasunerako 2010-2013 Planaren jarduera ildoetako bat da Invest in the Basque Country estrategia. Industria Sailak EAEri nazioartean "eskualde erakargarriaren irudia" eman nahi dio, "inbertsioarentzat, talentuarentzat eta turismoarentzat".
Jaurlaritzak dio gaur egun Espainiako Estatutik kanpoko 400 enpresa baino gehiago daudela EAEn.