Aurpikuste ugariren eguna izan zen atzokoa: Venezuelako presidente Chavez eta Santander (+%2,1) bankuaren artekoa bat; 750 milioian Banco de Venezuelaren gaineko tratua ixteko. Telecincorena (+%5,02) bestea, bat-egiteak telebista sektorearen programazioetan sendotu ahala. Rating agentzi jeloskorren eta AEBen artekoa bestea: dolarrak 1,40ko maila harrapatu du euroarekiko trukean; dirua inprimatzea beti ezkondu izan da depreziazioekin. General Motorsek ordainketa etetearen aurpegia ikus dezake datorren astean, parez pare. Eta British eta Iberia (+%1,24) aire garraio konpainiena ez da, oraingoz, ezkontza alaian amaituko. Finean, 1.697 milioiren salerosketa apala eta Ibex-35 (+%0,9) 9.300 punturen langaz goiti. Poztu beharraren beharrez, enpresa mozkinak heren bat inguru gutxitu omen dira, oro har, Europako akzioen artean. Hasieraren amaiera den edo, kontrara, amaieraren hasiera den, hurrengo hiruhilekoan jakingo da zehatzago.
Tentuz aztertu beharreko inbertsio aukerak, CNMVk dixit: 50 mila eurotik aurrera, Nueva Rumasak jaulkiko dituen ordaindukoak. Bigarren eskuko merkaturik gabe eta %8ko interesarekin. 30 mila eurotik aurrera, LaCaixa aurrezki kutxak ere 1.500 milioiren lehentasunezko akzioak jaulkiko ditu, edozein aurrezlerentzat. Mugagabeko zor horren truke, %6ko interesa ordainduko du lehen bi urteetan. Ondoren, hiru hilabeterako Euriborra gehi %3,5eko gainsaria ordainduko du urtean. Balizko porrotez gain, inbertsioa desegiteko zailtasunean legoke gakoetako bat.
Aurpikusteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu