Aurreikuspenik baikorrenak ahazteko eskatu du Lagardek

Uste du euroguneko ekonomia %8-12 eroriko dela aurten.

Christine Lagarde, artxiboko irudian. ARMANDO BABANI / EFE
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 27a
12:21
Entzun

Atzeraldia hasieran uste baino sakonagoa izango dela onartu du gaur Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. «Uste dut zaharkitua geratu dela iragarpen biguna, esaten zuena 2020an BPGa %5 txikituko zela». Haren arabera, iragarpen ezkorrenaren eta tartekoaren artean geratuko da azkenean euroguneko ekonomiaren uzkurtzea, %8 eta %12 artean.

EBZk datorren ostegunean berrituko ditu bere aurreikuspenak. 2020ko erorikoaren neurria ez ezik, 2021ean espero duen errebotearena ere eman beharko du banku zentralak. Ikuspegi baikorrak zioen aurtengo %5 txikitu ondoren datorren urtean barne produktu gordina %6 haziko zela. Iragarpen ezkorragoak zabaltzen ari direnez, oso litekeena da esatea 2021ean ez dela berreskuratuko aurten galdutakoa. Iragarpen hori egin zuen maiatzaren hasieran Europako Batzordeak.

Aukera horiek bazirela onartu du EBZk. Tarteko iragarpenak %8ko uzkurtzea eta %5eko suspertzea mahairatu ditu; ezkorrak, berriz, esaten du aurten %12 erori ondoren %4 baizik ez dela haziko datorren urtean euroguneko ekonomia.

Frantzian, -%8 aurten

Ikuspegi ezkorra zabaldu du Frantziako estatistika bulegoak ere. INSEEk iragarri du gutxienez %8 txikituko dela aurten Frantziako BPGa, eroriko handiena 1948an datuak biltzen hasi zenetik. Urteko bigarren hiruhilekorako espero ditu daturik okerrenak: %20ko uzkurtzea. Kalkulatu duenez, uneotan krisiaren aurretik baino %21 txikiagoa da jarduera; hobekuntza txiki bat da, hilaren hasieran %33 txikiagoa baitzen. Atzeratutako erosketei egotzi die jarduera pixka bat suspertu izana, baina onartu du ez dakiela zer gertatuko den datozen asteetan.

Eusko Jaurlaritzak ere berritu egingo ditu bere iragarpenak, datorren asteko ostiralean. Apirilaren hasieran, BPGa %3,6 txikituko zela eta 17.400 lanpostu galduko zirela kalkulatu zuen, baina datu okerragoak iragarriko ditu orain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.