Koronabirusa. Ekonomia

EAEko ekonomiak aurten %3,6 atzera egitea espero du Jaurlaritzak

Pedro Aspiazuk iragarri du langabezia %11,4raino igoko dela, baina espero du 2021ean %9,6ra jaistea, eta ekonomia %2,6 haztea. Altxortegian hilabete zailak datozela ohartarazi du

Alberto Alberdi sailburuordea, Pedro Aspiazu sailburua eta Jordi Campa, atzo. EUSKO JAURLARITZA.
joxerra senar
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Aurkeztu behar ditugun datuak ez dira onak, alderantziz baizik». Pedro Aspiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak esan du datozen bi urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak U itxurako bilakaera izango duela. Aurten, ekonomiak %3,6 atzera egingo luke, aurreikuspenen arabera, eta, 2021ean, aurretik galdutakoa berreskuratuko luke hein batean, %2,6 hazita. Aurten 17.400 lanpostu galtzea espero du Jaurlaritzak, eta langabezia tasa %11,4ra igotzea; 2021ean, berriz, 15.000 lanpostu sortuko direla eta langabezia %9,6ra helduko dela aurreikusten du. Dena den, zifra ezkorrei ikuspegi baikorrago bat eman nahi izan die: «Aurrekaririk gabeko krisi bat da, baina langabezia tasa askoz ere handiagoak izan ditugu iraganean».

Haatik, kolpea are handiago da. Koronabirusa hedatu aurretik, motelaldian zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, baina perspektiba onak zituen urte honetarako: oraingoaren aldean, oso onak. Azken batean, Jaurlaritzak azaroan egin zituen aurreikuspenetan kalkulatu zuen aurten ekonomia %1,9 haziko zela eta 15.000 lanpostu sortuko zirela. Ondorioz, gobernuak espero zuenaren eta azkenik gerta daitekeenaren aldea are handiagoa izango da, ekonomia orotara %5,5 jaitsiko baita, eta bidean 32.000 lanpostu galduko baitira. Nafarroako Gobernuak oraindik ez ditu berrikusi 2020rako aurreikuspenak, baina, ehuneko zehatzak gorabehera, kolpea handia izango dela espero daiteke.

825 milioiko erantzuna

Horrek guztiak, jakina, ondorio zuzena izango du kontu publikoetan, eta, horregatik, Aspiazuk nabarmendu du 2017tik hona superabitak izan dituztela Jaurlaritzak eta euskal administrazio publikoko erakunde nagusiek. Egoerari erantzuteko, hiru ildo nagusi jaso ditu Jaurlaritzak. Hasteko, 300 milioi euroko funts berezi bat antolatu du, COVID-19 izenekoa —beste 200 milioi finantzatzeko aukerarekin—. Gainera, 525 milioi euroko finantzaketa lerro bat aktibatu da, interesik gabekoa, enpresek gastu arruntei aurre egiteko likidezia izan dezaten. Azkenik, zor eta defizit mugak altxatu dira. «Altxortegian eragin handia izango du datozen hilabeteetan, eta hori dena kudeatu egin beharko da», esan du Aspiazuk.

Normalean erabili ohi dituzten aldagaiez harago, kalkulu hauek egin dituzte konfinamendurako: herritarren konfinamendua martxoaren 15ean hasi zen, baina Jaurlaritzak oinarri gisa hartu du martxoaren 29ko dekretua, funtsezko jarduerak izan ezik gainerako jarduera geratzeko agintzen duen hura, eta hilabete iraungo duela neurtu du; halaber, uste du normaltasunera itzultzeko ondorengo fasea pixkanakakoa izango dela, eta «45 eta 60 egun artean» iraungo duela.

Alberto Alberdi Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordearen arabera, «aurrekaririk gabeko krisi bat» da. Haren hitzetan, egoerak ez du eskatzen «muturreko neurriak hartzea» irtenbide gisa: «Erabateko geldialdiak hondamendi ekonomikora garamatza. Halaber, ez dago erabateko erlazio zuzenik konfinamendu neurrien eta erantzun ekonomikoen artean». Ondorioz, Alberdik uste du konfinamendu osoa ez dela neurririk eraginkorrena, eta Hego Korea jarri du adibide gisa: «Ez ditu oso neurri zorrotzak ezarri konfinamenduan, baina arrakasta handia izan du».

Jordi Campa Ekonomia eta Planifikazio zuzendariaren arabera, bi kolpe handi eman dira ekonomian: bata, eskarian, sendien kontsumoan batik bat; bestea, produkzioan. Camparen arabera, analisia zorrotz egiterakoan kontuan hartu behar da ekonomiaren bi funtsezko aldagai horietan zer jarduera berreskuratu daitezkeen aurrerago, eta zenbat galduko den. Izan ere, zenbait kasutan, konfinamenduak berak itzulezinezko galerak eragingo ditu.

Kontsumoari dagokionez, sendien kontsumoak behera egingo du nabarmen; batik bat kalte egingo du kulturaren, kirolaren, aisialdiaren eta ostalaritzaren alorretan. «Hori ez da berreskuratuko; ez da gero itzuliko». Aitzitik, altzari, ibilgailu, arropa eta bestelako erosketak bai, egin daitezke aurrerago. «Berreskuratuko da, baina ez osorik», dio Campak.

Errebotearen intentsitatea

Produkzioaren atalean gauza bera gertatuko dela deritzo: «Produkzioaren zati bat galdu egingo da, eta beste zati bat ekoitzi ahal izango da konfinamendu garaia amaituta eta apurka normaltasunera itzulita». Kontsumoaren eta produkzioaren errebotearen indarrak markatuko du ondorengo susperraldiak «U itxura duen —pixkanakakoa— ala V itxura —berehalakoa—».

Erorketa orokorraren erdian, administrazio publikoak tira egingo du ekonomiatik, eta gastu publikoak nabarmen egingo du gora, osasun beharrei erantzuteko eta gizarte laguntzei eta politika antiziklikoei aurre egiteko. Sendien eta enpresen inbertsioa, berriz, «gelditu» egingo da, eta aurrerago berreskuratu daiteke, «konfinamenduaren iraupenaren eta enpresek ondoren izango duten konfiantzaren arabera». Gainera, pandemiak nazioarteko merkataritzan ere eragingo du, eta kanpo eskaria %0,6 jaitsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.