Ipar Euskal Herrian, berriz, gorantz egin du autoen merkatuak. CCFA Automobil Egileen Frantziako Batzordearen datuen arabera, urteko lehen bederatzi hilabeteetan 15.250 auto saldu ziren Pirinio Atlantikoetan, aurreko urtean epe berean baino %10,8 gehiago. Frantziako joerari erreparatuz gero, litekeena da urte amaieran hazkundea pixka bat txikiagoa izatea. Izan ere, irailera arte %4,7ko igoera zena %2,7n geratu da. Oro har, abendua ez da hilabete ona izan saltzaileentzat. Turismo partikularren salmenta gutxi jaitsi da Hego Euskal Herrian (-%0,12) eta Espainian (-%0,39), baina nabarmen Frantzian (%-4,8). CCFAk azpimarratu duenez, urteko bigarren erdialdean moteldu da autoen salmenta, «marken arteko lehia gogortu den heinean». Urtea «egokia» izan dela uste du Frantziako autogileen patronalak, baina ez da ausartu datorren urterako aurreikuspena egitera.Espainian asko moteldu dasalmentaren hazkundea: %0,8 hazi zen iaz, eta %9,8 2003tik 2004ra. Edonola ere, espero baino gehiago saldu dute autogileek. Azkenean, 1.528.849 turismo matrikulatu ziren, duela urtebete Luis Valero Anfaceko presidenteak iragarritako 1,45 milioiak baino dezente gehiago.
Frantziarren gainbehera
Ipar zein Hego Euskal Herrian, Frantzian zein Espainian, marka frantziarrak dira nagusi, alde handiz gainera. Edonola ere, merkatu kuota galtzen ari dira urtetik urtera. Frantzian, matrikulatutako turismoen %56 zen Renault edo PSA taldekoa (%58,1 2004an). Renaulti zor zaio jaitsiera (-%4,5), Citroenek %5,7 gehiago saldu duelako, eta Peugeotek eutsi egin diolako (-%0,3). Beste bezainbeste Espainian: hiru marka salduenak izan arren, Renaulten, Citroenen eta Peugeoten merkatu kuota %33,7tik %32,8ra jaitsi da urtebetean. Antzeko joera nabari da EBko beste merkatuetan ere.
Auto japoniarrak dira, beste urtebetez, gorantz egiten ari direnak. Toyotaren salmentak %22,3 igo dira Espainian, etabederatzigarren postutik zortzigarrenera igaro da. Munduko autogile errentagarriena ez ezik, handiena ere bilakatzekotan da Toyota, General Motors gaindituta. Asko hazi dira beste marka japoniar gehienak ere: %50,7 Subaru, %43,2 Mitsubishi, %11,3 eta %4,1 Honda. Nissanek, ordea, %1,7 galdu du. Frantzian igoera apalagoak izan dituzte japoniarrek: %11,1 Toyotak, %8,6 Nissanek, %16,4 Suzukik. Baina japoniarrentzat ez ezik, alemaniarrentzat ere urte ona izan da. Volkswagenek aurreko urtean baino %5,8 gehiago saldu du Espainian eta %9,5 Frantzian; %19,9 eta %10,7 gehiago BMWk; %13,5 eta %21,5 Audik; %12,6 eta %11,1 Mercedesek. Porrotetik hurbil jarri zuen krisitik ateratzen ari den arren,gainbeheran doa Fiat (%18,8 gutxiago Espainian eta %4,4 Frantzian).
-
Datua
7,55
Renault Megane, salduena: Espainian zein Frantzian, aurten ere Renault Megane izan da modelorik salduena. Espainian, 115.534 Megane matrikulatu ziren, hau da, saldutako auto guztien %7,55. Edonola ere, modeloa hasi da zaharkituta geratzen: %1,96 gutxiago saldu dira. Haren ondotik datoz Ford Focus (82.659), Peugeot 307 (64.055) eta Seat Ibiza (60.564). Hirurek ala hirurek merkatua galdu dute. Irabazi egin dute, berriz, Opel Astrak (51.054), Citroen C4k (46.424), Volkswagen Golfek (44.625) eta Seat Leonek (41.262). Hamar salduenen artean daude oraindik aspaldiko bi modelo: Peugeot 206 (43.085) eta Citroen Xsara (41.350). %26 jaitsi da lehena eta %40,4 bigarrena.